Agraviats Castellongo ska taldea da, nahiz eta skaren interpretazio nahikoa askea egiten duten, riff punkzaleak tartekatuz euren kantuetan (Armeu-vos de ignorancia). Beste bazuetan aldiz, gitarra distortsiodun horiek kantuaren hezurdura osatzen dute (La Veu del poble). Euren soinuan ez dago 60ko skaren batere zantzurik. Ideia bat egiteko, soinu-estiloaren aldetik bederen, Betagarriren eskolakoak direla esan genezake, Gasteizko taldea teknikoki eta konposizioei dagokienean askoz ere finagoa bada ere. Agraviats-ekoek katalanez abesten dute eta euren letrek gizarte eta politika gaiak eta aldarrikapenak biltzen dituzte. Kantu guztiak eurenak dira, azkenekoa izan ezik, El Bosso & Die Ping Pongs talde alemaniarraren Imer nur ska abestiaren bertsioa baita. Euskaldun ska izenarekin birbataiatua, tempo motelagoa dauka, eta gutxienez, kuriosoa da.