Banaketa kontuak direla kausa, duela denboralditxo bat argitaratu zen disko hau gurean argia ikusi du Brixton Records-en eskutik. Banatzaile honek hau bezalako arima beltzeko harribitxi txiki batzuk gerturatzen dizkigu noizean behin. New Yorkeko talde hau Neal Sugarman saxofoi joleak sortu zuen 1996an, 60ko hamarkadako funkaren beste bi maitalerekin. Disko honetan duela berrogei urteko soinua lortu dute. Ez dute ezer berririk deskubritu, baina ahots kolaborazio bikainak dituzte. Orain arte argitaratu dituzten diskoen artean hau funkzaleena da: Motown gisako kantuak dituzte (Moren jive), saxo eroaldiak (Country girl) edota denbora-ertaineko ariketak (Pure Cane). Kanturik borobilena? Take it as it come, energia erakustaldia Charles Bradley-k interpretatua eta hile mataza eta lore alkandorak gogora ekartzen dizkiguna.