entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2011

Oso Leone Oso Leone

Folka CD
Oso Leone izen bereko bikotearen (Paco Colombas eta Xavier Marin) estreinako diskoa da eta bertan folk hipnotiko batez kutsatutako soinuen artean estatu mailako indie-an gutxitan jorratu den (Cuchillo handiak alde batera utziaz) bide berritzaile, fresko eta zirraragarri bat irekitzen dela iruditzen zait.
Hitz batean esateko, folka esan daiteke dela Oso Leoneren musikaren oinarria. Bai, baina ez nolanahiko folka, ez da tradiziora mugatutako folk sinplea, ezta gutxiago ere. Hau gauza handiagoa da, eta oinarrizkoagoa aldi berean. Doinu sinpleak, gitarra akustikoko akorde errepikakorrak, gitarra elektriko leunak, abstraktuak eta ederrak oso ederrak. Hitzetan oso eskertzekoa da ingelesa erabiltzeko garaian erakusten duten maisutasuna eta naturaltasuna. Honetan ere ohiko indieatik desberdintzen dira pixka bat. Nolabait azaltzeko, modu gozo eta leunez esandako hitz ilun eta goibelez egindako musika dela esango nuke.
Erreferentziak eta antzekotasunak adierazteko garaian Damon and Naomiren gozotasuna, Six Organs Of Admittance-ren intentsitatea edota Current 93 akustikoenen sakontasuna aipatuko nituzke. Guzti hauei bezala, ukitu esoteriko, gotiko txiki bat ikusten diet. Beste era batera esanda, ez da musika garbia. Urruneko ekaitz bat sentituko balitz bezala, urpeko turbulentzia isil bat, zerbait mehatxagarria baina aldi berean oso erakargarria eta seduktorea dago hor.
Une argitsuak badira ere, honelakoetan Arizonako basamortuko laranja kolore biziko zerumugak datozkit burura eta hauekin erabat lotuta ikusten dudan Brightblack Morning Light-en soinua ere. Azken hauekin alderatuz, Oso Leoneren musikak abesti estruktura zehatzagoa duela esan daiteke, baina efektu hipnotiko berbera lortzen duela ere.
Alde guztietatik begiratuta, oso lan gomendagarria eta etorkizun handiko taldea.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.