Izenburuak HC dioen arren, berez, eta zentzu hertsian, hardcore kantu bakarra dauka Habeas Corpusek kaleratu berri duen ep honek. Kantu horrek No te rindas du izenburu eta diskoko azkena da hain zuzen ere. Gainerakoan, beti bezain bihurri eta zirikatzaile agertzen zaigu Madrilgo taldea, nabardurez beteriko konposizio irekiak eta anitzak aurkeztuaz, inoiz baino sakonagoak, edo sendoagoak nahi bada. Talde honengan ohikoak diren testu zorrotz eta politizatuen osagai bikainak bihurtzen dira horrela metala, rocka, rapa eta hardcorea. Adibidez, La democracia no nos hace iguales, Vuestro discurso es un insulto al silencio edo Nuestra consigna es resistir dira botatzen dituzten mezuetako batzuk. Eta madrildarrak izanagatik, introa galegoz eta Vosaltres ilo nosatres kantua katalanez abesten dute, txalotzekoa eta eskertzekoa, hizkuntza gutxituak astintzeko eta mesprezatzeko aproposak diruditen garai hauetan. Eta bitxia da modu berean, Propaganda Pel Fet diskoetxe kataluniarrak Madrilgo talde baten disko bat argitaratu izana.