Bere izenaren atzean 2001 urteko disko ederrenetako bat dago: Here be monsters. Ingalaterrako kritikak laudorioz bete izana ez da nahikoa, badakigu, baina lan horri nekez aurkituko diozu ahultasunik. Ez ziren gutxi izan disko hura musika ekipoaren barruan denboralditxo batez eduki zutenak bizitzen, behin eta berriro entzuteak ez baitzituen bertako kantuak zaharkitzen. Berehala hasi ziren konparazioak; Elvis Costello, Beatles eta ohizko Nick sorta (Cave eta Drake) besteak beste, azken altxor ingelesaren inspirazio iturri bezala. Orain Ed Harcourt-ek bigarren lana dakar. Okerrik ez bada, bere izena benetan handia egingo duen lana. Bertako abestiek, orain ere, ez daukate denboran kokapen zehatzik (60ko hamarkada? 90koa?). Bai ordea nolabaiteko lotune bat, pianoz sortu izanak ematen diena, Ed Harcourt maisua baita zuri-beltzeko teklen munduan. Baina badute bestelako ezaugarririk bigarren laneko abestiek; denek ematen dute aspaldi eginak, betidanik buruan izan bagenitu bezala, eta era berean denak gertatzen dira berriak entzuten diren aldiro. Ryan Adams-en erantzun ingelesa deneko eta ez deneko eztabaida antzuei kasu egin baino, hobe duzu bete-betean Bittersweet edo Sister Renee kantuen munduan sartzea, merezi du eta.