Buffaloko (NY) boskoteak lan berria kaleratu du eta abegikor agertzea beste aukerarik ez dugu talde honen ibilbidea jarraitu dugunok. Designs For Automotion horrek hardcorearen ortodoxiaren zaintzaileak kolokan jarri zituen eta aldi berean berretsi egin zuen egileen eboluzio egarria eta jakinmin artistikoa asetzeko beharra. End Transmission honetan beste aurrerapauso nabaria eman dute, hardcorea bai, baina hori baino askoz ere gehiago direla argi utziz, tripak baino gehiago burmuina lantzea dutela gustuko, zalegoari ere inplikazio maila bat eskatuz, bidenabar.
Coagulate-k irekitzen du diskoa eta min egiten duen tokian horzkada nabaritzen duzu berehala. First word edo Aperture lirateke honen ildo zuzena jarraitzen duten kanta batzuk. Sakonera arriskutsuagoko paisaiak badaude baina, behin eta berriz entzutea merezi dutenak: Cadence bat, konparazio baterako, edo New Kata, ezbairik gabe disko honetako altxorrik preziatuena. Tabersky abeslariari erregistroa sekula ez aldatzea egotzi geniezaioke, baina bestalde baliteke taldearen bilakaera osoaren lokarria izatea. Gitarra imajinatiboetan dago baina lanik miresgarriena. Ez galtzeko modukoa.