Bueltan dugu grunge esan zitzaion horretan askok ezinbestekoa jotzen dugun artista (poesia eta desesperazio gehiago dago Screaming Trees-en Sweet Oblivion diskoan Nirvanaren diskografia osoan baino). 1990az geroztik bakarkako bidea egin ondoren (The winding sheet ikaragarriarekin abiatuta), Lanegan talde lanean dator, talde izena eta guzti, inguruan Queens Of Stone Age-ko lagunak dituela. Bubblegum, elkarrekin egindako disko hau, latza gertatzen da askotan, leundu gabeko ertzez josia. Une gutxitan ekarriko luke gogora aurreko Filed songs (2001) aparta Lanegan-en ahotsa ezagutzea hain erraza izango ez balitz. Badago edertasun handiko balada ilunik (Wedding dress), infektatzen hasia den blues hasperenik (Like Little Willie John) eta baita indarberrituta dabilen PJ Harvey-rekin egindako Hit the city bezain kantu bikainik. Hauek izan daitezke disko honetako gailurretako batzuk, gainontzekoak taula gainetik erakutsiko dizkigu Mark Lanegan Band-ek datorren Azkena Rock jaialdian.