Dantzarako musika. Buraka Som Sistema taldeak egiten duen musika dantzarako gonbitea du oinarrian. Erritmo azkarrak dira noski, house edo technoaren oinarrizko bonboaren antzekoak baina erritmo horietatik aldentzen dituen osagaiekin. Zaila da deskribatzen. Lehen entzunaldian, Brasilgo faveletan azken urteotan modan jarri diren funk eta elektro doinuak ditu (funk carioca delakoa. MIA bezalako artistek mundu mailan ezagun egin dituzten doinuak), raparen eta dancehall musiken abesteko edo ahoskatzeko erarekin (portugesez) eta Angolan jatorria duen koduro erritmoen eraginarekin. Ez da harritzekoa. Buraka Som Sistema taldea jatorri portuges-angolenoa duten kideek osatzen dute baina euren herrietan topikoak diren doinuetatik ihesi, eta sareak zabaldu dituen aukera amaigabeetaz baliatuz, imajina ezin daitezkeen musiken eragina jaso dute. Oinarrian dantzarako musika indartsua egiten dute, zikina, zatarra eta energiaz gainezka dagoena. Melodietatik ihesi, dantzaren adar basatiena arakatzen dute eta euren musikak mendebaldeko gizarte garbi eta ongi ikusiak ezarritako eskemekin apurtzeko gonbitea egiten du.