Txato Plato 2000 urte aldera Markina-Xemeinen sortutako taldea dugu. Berriki
Biba kapitaina izenburuko diskoa argitaratu dute, ska-punk estiloko hamabi kantu biltzen dituen lana (La Pollaren
Txusen bertsioa barne.
Egia esateko, ez dute bolbora asmatu eta zer hobetu badute, baina aldi berean, espiritu parrandazale garbi batez osatu dute lana, asmo edo pretentsio handiak beste batzuentzat utziz, eta horrek, hau idazten ari denaren ustez, sinesgarri bihurtzen du taldea. Honek ez du esan nahi hala ere, zer esatekorik ez dutenik, baizik eta esaten dutena, umore ukitu batez laguntzen dutela; alegia, beren mezu aldarrikatzaileak pogoarekin bateragarriak egiten dituzte. Bestalde, abeslaria ongi moldatzen da mikroan eta multzoari indarra ematen dio.
Musikazale gazteenek hobeto apreziatuko duten taldea da Txato Plato ezbairik gabe: edozein txosnagune hankaz gora jartzeko dohain aski dituen banda da.