entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Fred Berruet 2018-06-05

Azpisugeak Kaskezur

Lau urte joan dira Baztango laukoteak Ilgora disko txalogarria argitaratu zuenetik. Argi da Azpisugeak hau orduko uste on guzi haiek berrestera datorrela. Kantu guziak Berako Atala estudioan grabatuak izan dira Inigo Irazokirekin eta Borrokan taldeko Ibai Gogortza izan da ekoizle lanetan aritu dena. Alabaina, kantuen kalitate apartaz gain, arras nabarmentzekoa da estudioan egina izan den lana, disko honen produkzioa zinez bikaina baita. Ahotsen eta soinu tresna bakoitzaren nabardura guziak ezin hobeki bereizten dira eta ondorioz, kantuak aitzineko diskoetakoak baino koloretsuagoak, aberatsagoak eta borobilagoak gelditu dira.
Ezbairik gabe,  nafartarren musikak 90. hamakardako doinuetatik edaten du : Pixies, Dinosaur Jr, Fugazi, Sebadoh, El Inquilino Comunista edo Sonic Youth bezalako taldeen musika oroitarazten digu.
Halere, ondare hori guzia bereganatu, ederki asimilatu eta bere egiteko gai izan dira, biziki inspiratuak diren 10 kantu bikain grabatuz. Zalantzarik gabe, “Azpisugeak” aurtengo euskal disko hoberenetan kokatzeko hautagai sendoa izanen da. Urte honek eman uzta oparoa ikusirik, horrek ere zerbait erran nahi du.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.