Posible ote da komertzialtasunaren eta kalitatearen arteko oreka? Morgan Heritage taldeari buruz ari bagara erantzuna baiezkoa litzateke (gure ustez). Gaur egun egiten den jamaikar musika, bereziki
reggae zaletuak ez direnei, aurkezteko modu eraginkorrena izan daiteke. Denroy Morgan abeslariaren seme alabek kalitatezko reggaea lortu dute, rap eta pop musikaren osagaiekin lagunduta. Odolean duten musikarekiko maitasunari urteetan ikasitakoa gehitu diote, eta emaitza, gustu guztientzako aproposa izan daitekeen reggaea da. Morgan Heritage taldearen diskoetan kantu ederrak, ahots dotoreak eta puntako ekoizpena aurkituko ditugu. Eta musika munduan daramaten urte guzti hauetan ikasitakoa zuzeneko emanaldietan islatzen dute. 2000. urtean grabatutako zuzeneko diskoaren jarraipena da honako hau, Holandan grabatu dute eta azken sei urte hauetan egindakoaren laburpena da. Talde gutxi egongo dira horrelako balorazio positiboa egin dezaketenak eta zorionekoak gu, zuzeneko honekin goza dezakegulako. Euskal Herrira gerturatzea falta zaigu orain. Noiz ote?