Produktoreek erabakitzen zuten kantuaren melodia eta kantuak aldaketak behar zituen edo ez eta behin kantua grabatuta, produktoreek erabakitzen zuten zein irrati kateetan, zenbat aldiz entzungo zen eta zein sound systemetan pintxatuko zuten. Eta noski, produktoreek jartzen zuten prezioa. Labur esanda, kantu bat ideia hutsa izatetik arrakastatsu izatera iritsi arte igaro behar diren pauso guztien kontrol zorrotza zuten. Bunny Lee zen Jamaikako produktore zorrotzenetakoa (eta baita arrakastatsuenetakoa ere). Belarri fina zuen eta oso, oso langilea zen. Reggae musikaren urrezko garaian (60. hamarkada erditik 80. hamarkadaren hasiera arte) argi bereziarekin dirdira egin zuen. Disko bilduma honetan, informazio osatua eskaintzeaz gain, garai hartan egindako hainbat ekoizpen entzun ditzakegu (The Uniques, Cornell Campbell, Leroy Smart, Big Joe, e.a.). Ez dira Bunny Leek ekoiztutako kantu arrakastatsuenak baina, zalantzarik gabe, jamaikar musikak ezkutuan mantentzen dituen altxor ederren adibide dira. Paregabeko aurkikuntza.