Mimo handiz sortu eta hautatu dituen hamar pieza, hamar doinu berri bildu ditu Alos Quartet hari laukote garaikideak bere disko berrira, bere hamargarren urtebetetzea egin duenean. Halaber, taldeak ibilbide bat proposatzen du aipatu doinu berri horietan zehar.
Ibilbide horretako tanta bakoitzak busti egin gaitu, erabat, eta bakoitzaren zaporea dastatu eta gero, hunkituta geratu gara: batzuetan malenkoniatsu eta pentsakor, beste batzuetan gure bizitzako pasarte eta egoera batzuk gogora ekarri ditugu, beste batzuetan lasaitu egin gara piezarekin bat egin eta ezertan pentsatzen egon gabe, eta beste batzuetan alaitu eta indarberritu egin gara. Ondoren, tanta bakoitzari erreparatu diogu berriz ere, eta baita tanta guztiek osatzen duten osotasunari ere, eta berriro ere gozatu dugu, baina zerbait berria, xehetasun berri batzuk antzeman ditugu Alos Quartetek bere doinu berrietan zehar proposatu digun bidaia berriz egin ostean.