entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Maite Arroitajauregi: Mursego ZINEMAREN MESEDETAN


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Patxi Gaztelumendi
Argazkiak: Xabier Zeberio

Musikaria eta irakaslea. Musizazalea eta sortzailea. Maite Arroitajauregi da Mursego. Aspaldi honetan film garrantzitsuetako soinu-banden atzean ikusi dugu. Aran Calleja dauka aldamenean, eta instrumentu askoren zuzendaritzan dihardu zinemarako musika sortzen. ‘Akelarre’ filmarekin Goya saria jaso zuen,‘Black is Beltza II: Ainhoa’-ren harira diskoa ere plazaratu zuten, Paul Urkijoren ‘Irati’ filma etorri zen geroago... eta proiektu berrietan dihardu orain. Estudioan harrapatu dugu, lanean, eta musika arteko gogoetak luzatu dizkigu, irudiari garrantzia emateko sortzen duen soinuaz. Txeloa, pianoa, sintetizadoreak, midia, sanplerrak… musikari garaikide eta abangoardista da. Sortzaile aparta eta pertsona apala. Asko eskertzen diogu gurekin izan dituen pazientzia eta harrera ona. 

Soinu-banda bat egiteko proposatu zizuten lehen aldian, zer pentsatu zenuen?
Nahiz eta lehenago ere film labur batzuk egin izan, niretzat, lehen lan esanguratsua, Amama izan zen, Asier Altunarena. Kixik deitu zidan, eta “kotxean zure musika asko entzuten dugu, eta film bat idazten ari naiz, eta pertsonaien artean zu izango zinateke bat…” bota zidan. Eta eszena batean jotzen agertzea eta Javi Pezekein batera soinu-banda egitea eskaini zidan. Hasteko interesgarria egin zitzaidan. Javi Pez asko miresten nuen musikaria zen. Oso ondo. Abentura eta esperientzia berri bat. Ez diot beldurrik ezeri, eta ilusioa egin zidan gainera. Oharkabean-edo, erronka onartu nuen. 

Zer sortu zenuen?
Zuzendariari erakutsi nizkion lehen frogak Mica Levi eta Under the skin filmaren ildokoak ziren. Orduantxe jaso genuen lehenenego zaplastekoa, aurreneko kalabaza. Egia da, eta hori askotan gertatzen den gauza bat da: lehen film hartan nik Mica Levi izan nahi nuen, baina Amama filmari ez zetorkion ondo estilo horretako soinu-banda bat. Gehiegi pentsatu gabe murgildu nintzen sorkuntzan, Asier Altuna eta Javi Pez ondoan nituen, eta zinezalea naizenez, eremu horretan sartu nahi nuen. Aurrera egin nuen. Mursegoren musika nahi zuela pentsatu nuen, eta batez ere txeloak sartu genituen Amaman. 

Nola ekiten zaio film bat sonoritzatzeari? 
Normalean filma muntatuta ematen dizute, eta normalean ere erreferentziazko musika batekin. Zuzendariak musika horri jaramon egiteko eskatzen dizu, buruan zenbait ideia izaten dituelako, nahiz eta gero zeharo alda daitezkeen. Estilo bat, ildo bat. Gaur egun, gainera, oso modan dago Spotifyn zerrenda bat egitea, eta zuzendariak ere, horrelaxe, kantz zerrenda bat sortzen dizu. Kanta jakin bateko zati zehatz bat gogoko duela esaten dizu, minutu hau, pasarte hori…

Nolabait, beraz, zuzendariaren aginduetara aritzen zara.
Bai. Tira, justu orain esku artean dudan filma salbuespena da zentzu horretan. Gidoia aspalditik daukat, aktoreekin irakurri dut eta, gainera, filmatzea ere bertatik bertara jarraitu dut, off ahotsen grabaketan egon naiz... koru bat ere montatu dut eta nik ere parte hartuko dut! Soinu-banda horren parte diren koru-abestiez aparte, abesbatza bera eszenan agertzen baita, gidoian dago. Zuzendaria laguna dut –Víctor Iriarte– eta muntaia egin ahala jasotzen aritu naiz; esperimentu edo ariketa itzela iruditzen zait. Filmaren urratsekin batera, etengabe aldatzen, eraikitzen... oso aberasgarria da. Musika asko entzuten dut, eta gauza ezberdinak frogatzeko saiakera egiten dut. Hitchcockentzat musika sortzen zuen musikariaren lanak aztertzen ari naiz une honetan; Bernard Herrmann. Musika entzutea sorkuntzaren parte da. 

 

“Soinu diseinatzaileek eta musika konposatzaileok eskutik joan beharko genuke, oso garrantzitsua baita nola uztartzen diren soinua eta musika, eta soinuarekin ere musika egin dezakegulako”

 

Abestiaren kontzeptu bat daukagu musikazaleok, baina film baten soinuak toki asko betetzen ditu, horrenbeste ezen konturatu ere ez baikara egiten. 
Ezin dira konparatu. Soinu-bandarekin, moduren batean, irudia laguntzen ari zara. Eta, hegemonikoki, irudia laguntzea da garrantzitsuena. Irudiak iradoki nahi duena azpimarratzen duzu batzuetan; beste batzuetan irudiak esaten ez duena adierazi nahi duzu musikarekin. Orokorrean, irudiak agintzen du eta musika horri lotuta doa. Hala ere, nire ustez, musikak beti irudiak baino informazio gehiago eskaintzen du. Batzuetan, begiak itxiz gero, irudia ikusi barik, soinuak sor dezakeena oso indartsua da. Bestalde, askotan garrantzia ematen ez zaion arren eta askorik lantzen ez den arren, soinu diseinatzaileek eta musika konposatzaileok eskutik joan beharko genuke, oso garrantzitsua baita nola uztartzen diren soinua eta musika, eta soinuarekin ere musika egin dezakegulako. Lucrecia Martellek maisuki erabiltzen du soinua; esate baterako, aulkien mugimenduarekin sortzen duen halako sentsazio berezi hori…Nik zineman ez ditut bereizten soinua eta zarata, biak izan daitezke oso indartsuak. 

 

‘Black is Beltza II: Ainhoa’ filmarena berezia izan da: musikak taldeek, garaiko kontzertuek eta giroak, abesti ezagunek leku nabarmena daukate narratiban. Zein izan zen zure tartea?
Eszena batzuk laguntzeko, modu xumean eta kanta originalak harilkatuz egin dut lan. Josketa-ariketa bat izan da. Kanta-zerrenda baneukan, eta momentu bakoitza prestatu behar nuen jakinik hurrengo abestia zein izango zen. Moldatu, egokitu. 

Bertsioren bat ere egin duzu gainera.
Bai, tira, harmonia ariketa bat izan da. Melodia hartzen duzu eta jolasten hasten zara. Nireak diren instrumentuekin egin dut. Txeloa eta pianoarekin landu dut Zu atrapatu arte kanta. 

Fermin Muguruzari uneoro dena kontrolpena izatea gustatzen zaiola badakigu. Nola sortzen da musikari-zuzendari batentzako soinu-banda?
Fermin Muguruzak edo musikari batek zuzentzeak asko laguntzen du. Hitz gutxi batzuk esanda, badakizu zer den nahi duena. Ez dakit ze kantariren abesti baten azken esaldiko lau konpasak entzun... eta badakizu zer nahi duen. Gainera, asko babestu eta zaindu nau. Azken batean, ez da kanpotik datorren zuzendari bat, Akelarre filmean izan zen bezala, baizik eta etxekoa, gertuko pertsona bat. 

Gerora, etorri zen ‘Irati’ filma. Sitgesen estreinatu zuten, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astean. Beste mota bateko musika eta anbienteak eskatzen ditu. Non dago aldea?
Iratik, bat-batean, nire egiteko moduetatik eta gustuetatik oso urrun dagoen aldarte baten jarri nau. Musika epikoa. Erronka izan da, izugarrizko aukera. “Egingo dut”, pentsatu nuen hasieran, erronkek erakartzen nautelako, aberasgarria izan da, eta “Lortu dugu”, pentsatu genuen amaitzerakoan. Ez dakit zenbat soka instrumentu sartu ditugun! Eta oso antzinako tresnak ere bai: serpentoia, antzinako tronboi bat, ganba biola… gu tematu ginen, eta soinu berezia eman diote. Mari, mitologia eta fantastikoa den hori guztia laguntzeko musika atonala, disonantea egin dugu. Abanguardiako musika sortu dugu, abesbatzekin-eta. Zentzu horretan, Irati epika hutsa da, baina ez betikoa. Esan nahi dut badaukala gu bion nortasuna, eta oso pozik nago alde horretatik. 

 

“Soinu-bandak konposatzen filmeen mesedetan egiten dut lan, ez dut dena kontrolatzen, baina niretzako niretzako kantak egiteko garaian askoz jantziago egongo naiz” 

 

Kritika ona jasotzen ari da filma, publikoaren bi sari eskuratu ditu dagoeneko. Pantaila handian inoizko aurrekontu handiena egin duen euskal filmean lanean aritu eta gero, zer moduz sentitzen da Maite Mursego?
Pozik nago zorion-mezuak jaso ditugulako eta, batez ere, asko ikasi dudalako Iratirekin, beste inoiz ez dut horrenbeste sortu. Mursego ez dago %100ean hor, konfort-eremutik atera nauelako, baina hori ere ona da. 54 bloke izan dira guztira. Gogorra. Pantaila handian ikusi dut, eta jarraitzen dut sinesten film horrek musika minutaje hori guztia behar duela, izugarria. 

Paul Urkijok zuek aukeratu zintuzten.
Bai, eta ederra da! Jo zezakeen horrelako musika epikoa konposatzen esperientzia handiagoa duen beste norbaitengana, baina gurekin lan egin nahi zuen... txalogarria da, emozionantea. Gainera, eta hau oso garrantzitsua da, musika editatu egingo dugu, eta Sarera igoko dugu. 200 herrialde baino gehiagotan entzun ahal izango dute Iratifilmaren soinu-banda. Orain musika guztia hartu eta atmos soinutik estereora pasatuko dugu. Poliki- poliki egin nahi dugu, ondo editatu eta txukun entzun dadin Spotify eta beste musika sare batzuetan. Detaile askorekin landuko dugu, eta gure musika entzuteko beste modu bat izango da. 

Aurrerantzean bide honi jarraitzeko gogoz zaude? 
Morriconek esaten zuen askotan pentsatzen zuela zinema utzi behar zuela. Gogorra da, baina beti pizten da zerbait berria egiteko gogoa. Beti dago zer ikasi, zer egin, egiteko modu berriak. Sortzeaz gain, soinuan, edizioan murgiltzen zara, efektuak.. mundu zabala da oso. Tutorialak eta tutorialak irensten dituzu. Musika gehiago entzun, soinu-bandak aztertu, ikasi eta lanean jarraitu behar da. Victor Iriarteren Sobre todo de noche egiten ari naiz. Aritz Morenoren hurrengo pelikulan ere murgilduko naiz. Askatasun osoa eman dit Aritzek, eta asko gozatuko dudala uste dut. Biolontxelo asko eskatu dizkit, baina sinteekin ere ari naiz lanean. Tartean, ahal dudanean, Mursego pixka bat jo. Eta ahal dudan guztia ikasi. Honetan, filmeen mesedetan egiten dut lan, egia da ez dudala dena kontrolatzen, baina horrela izan behar du. Zinema asko maite dut, eta hau aukera paregabea da. Gainera, niretzako kantak egiteko garaian askoz jantziago egongo naizela uste dut. 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.