entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Iñigo Basaguren-Duarte 2023-12-11

Vutron Dantzall

PISTA-KOMUNITATEA SORTZEN


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Dantza katarsi indibidual zein kolektiborako bidea da, baita espazio komunalak, parekideak eta gorputz mota guztientzako pista eroso eta seguruak sortzeko tresna ere. Horixe da Vutron Dantzall kolektiboko partaideek bultzatzen dutena. Soinu beltzen laguntzarekin, elkarlanean oinarritutako esperientzia kolektiborako oinarriak jartzen ari dira. Beren jardunaz eta helburuez hitz egin dugu kolektiboko kide diren Juana, Eneko, Irati eta Santarekin. Galderei talde modura erantzutea erabaki dute.

 

Testua: Iñigo Basaguren-Duarte
Argazkiak: Adur Galdós

 

Urte eta erdi daramazue mugimenduan. Nola sortu zen Vutron Dantzall?

Gutako bi musika jartzen hasi ginenean, duela ia bi urte, zaila ikusten genuen guretzako tokia aurkitzea. Horregatik, Basauriko Txarraska gaztetxean festa bat antolatzea erabaki genuen, Alba Royu eta DJ Fabulos pintxatzera deitzeko. Esperientzia oso ona izan zenez, horretan jarraitzea erabaki genuen. Kabro gonbidatu eta kolektiboa sortu genuen.

 

Zein da kolektiboaren izenaren atzean dagoen historia?

Izena butroi bat egitetik dator, V-z idatzi genuen gehiago gustatzen zitzaigulako, eta Butroeko gaztelutik pixka bat bereizteko. Butroi bat egitea bezala ulertzen baikenuen gure ekimena: lehendik dagoenarekin, muga eta hesi jakin batzuekin, haustea eta soilik nahi duguna hartzea delako; horixe egiten dugu musika aukeratzen dugun unetik eta transmititu nahi dugun jaiaren kontzeptutik hasita, planteatzen ditugun gauza sinpleagoetaraino, hala nola, kabina non jarri eta nola erlazionatzen diren DJ eta dantza-pista. Izenaren bigarren hitza (Dantzall) dancehall-a geureganatzeko modu bat da, ez soilik abiapuntu dugun genero musikal gisa ulertuta, baizik eta dantza-pista gisa ere bai. Hori baita, gure ustez, ekartzen duguna. Kontzeptu horren jabe egin gara errespetu osoz, eta gure lurraldera hurbiltzeko keinu euskaldun bat egin nahian.

 

Denbora laburrean hainbat aldaketa bizi izan dituzue. Nolakoa izan da prozesua eta ze ondorio izan ditu?

Aldaketa oso naturalak eta logikoak izan dira. Hasieran hiru pertsona ginen eta, askotariko soinuak aukeratzen bagenituen ere, dancehallak batzen gintuen. Baina konturatu ginen ezin dela dancehalla ulertu dantzaren bidez ez bada. Boloen joan-etorrian ezagutu genuen Santa. Urte asko daramatza dancehalla dantzatzen, eta proiektura batu zedin nahi genuen. Pixkanaka, dantza beste modu batean sartu dugu gure jaietan. Saiatzen gara dantzaren ideia apurtzen ikuskizun gisa, gehiago ulertzen dugu dantza-pista aktibatzeko modu gisa, kultura errespetatuz eta sustatuz. Lehen Santa bakarrik aritzen zen zeregin horretan baina duela gutxi Irati batu zaigu; proiektutik gertu zegoen bera ere. Une honetan dantza urbanoak ikasten ari dira, eta horrek dancehalletik harago ere zabaldu du euren imajinarioa.

 

Zeintzuk dira zuen talde-lana inspiratu duten eragin musikal nagusiak? Soinu-mailan zein maila estetikoan.

Soinu mailan, nerabezarotik hemen bizi izan dugun sound system tradizioak izan du eragin handiena. Horrek bultzatu gaitu musikan baxu indartsuak bilatzera, baina UKn edo Jamaikan entzuten dituzten beste genero batzuek ere inspiratzen gaituzte, nahiz eta, jakina, dancehalletik sortzen den dena. Genero honetan eragin handia izan dute Skillibeng, Skeng, Maureen, Natoxie bezalako artistek; eta gertuko artisten artean Novato aipatu behar dugu, ez soilik orain egiten ari den musikagatik, baita bere estudioko ateak behin baino gehiagotan ireki dizkigulako ere, eta berarekin denbora luze pasatu dugulako musika trukatzen. Deconstructed club mugimendu osoak ere eragin handia izan du, batez ere erritmo latinoak eta erritmo afrikarrak biltzen dituen horrek.

 

Edukia ere garrantzitsua da, kolektibo gisa defendatzen duzuen diskurtsoa. Zer esan diezagukezue honetaz?

Guretzat, musika zein dantza, pista-komunitatea sortzeko bideak dira. Aisialdirako guneak gero eta urriagoak dira eta, askotan, ez dira eskuragarriak edo ez dira mota guztietako gorputzentzako esperientzia atseginak. Eta horrek zerikusia du edo esplika dezake zergatik hemen, oro har, jendeak hain gutxi dantzatzen duen. Guk dantza-pista osasuntsu bat sortu nahi dugu, nork bere buruarekin nahiz besteekin partekatzeko eta konektatzeko gune segurua izango dena. Gainera, musika eta kultura, oro har, ez ditugu ulertzen konpartitu gabe. Kolektibotasun hori ez da elikatzen soilik musika jartzerakoan, baita tailerretan edota dokumentalen proiekzioetan gertatzen den jakituria-trukearen bitartez ere. Garrantzitsua da, baita ere, gogoan izatea pintxatzen eta dantzatzen dugun musika funtsean beltza dela: jamaikarra, afrikarra, brasildarra... eta, beraz, garrantzitsua da haien kulturak errespetatzea eta ulertzea, baita merezi duten errekonozimendua aitortu eta balioan jartzea ere.

 

Nola ikusten duzue gaur egungo egoera, gurean, dantza-kulturari dagokionez?

Oso komertzializatuta eta indibidualizatuta dagoela uste dugu, lehiak ia diziplina guztiak ukitu ditu. Dantzariak asko ahalegintzen dira besteak baino hobeak izaten, batez ere sare sozialetan: koreografiak grabatu eta partekatu. Aldiz, guk defendatzen dugu komunitatea dela kultura honen sorburua, eta sortzen dugun hori errespetutik eta kulturarekiko maitasunetik partekatu nahi dugu. Azken finean, dantza holistikoki eta ekintza sozial gisa ulertzen dugu; eta, nolabait, kapitalismoaren eta giza-ongizatearekin zerikusirik ez duten baloreen aurka borrokatzeko tresna gisa ere bai.

 

Batez ere Bilbo aldean mugitzen zarete. Nolakoa da panorama hemen?

Uste dugu Bilboko dancehall eszena barrutik bizi dutenek, zehazki, gogoan dituztela aipatu ditugun kulturaren jatorria eta balioak. Konpartitzeko dantza-pista bat sortzeko helburutik abiatuta, show hutsetik urrunduz, pixkanaka beste espazio batzuetan sortzen ez diren sareak eta zirkuluak sortzen ari dira hemen, bakoitzaren mugimendu libreari esker, eta komunikatuz. Ezinbestekoa baita hori: dantzaren bidez, inkontzienteki bada ere, komunikatzea. Bilbon, gure belaunaldiko jende asko, eta gazteagoak ere, jaiak antolatzen hasi dira, batez ere aurreko bi urteetan. Hori oso ona da, baina askotan edukiz hustuta bukatzen dute, sarrerak saltzearekin edo jaiak antolatzeak dakarren kapital sozialarekin itsutzen direlako. Adibidez, nagusiki emakumezko artistaz osaturiko line-up-a duten jaialdiak sortzen dira, baina, errekonozimendu handiagoa izaten hasten direnean, emakumeei deitzeari uzten diote. Edo, modu berean, pixkanaka tokiko artistak programatzaeri uzten dioten jaiak. Pena handia da, kabina partekatzea baita sarea modu kolektiboan ehuntzeko modurik onenetakoa, eta horrek eszena indartsuago eta osasuntsuago baten sorrera dakarrelako. Bestalde, lokal berriak irekitzearekin batera, ikusi beharko dugu noiz arte den jasangarria hainbeste festa txiki mantentzea, nahiz eta guk itxaropenari eusten diogun.

 

Nola jorratzen dira sormen- eta konposizio-prozesuak kolektiboaren baitan?

Batzarretan biltzen gara aldian-aldian. Horrez gain, komunikazio-fluxu konstantea mantentzen dugu eta, beraz, ideia bat daukagunean gainerakoekin partekatzen dugu, babestu eta hartu egiten dugu. Pentsatzen duguna adierazteko eta bakoitzaren sormena bultzatzeko libre izango garen espazio bat sortzea eta izatea da gure helburua.

 

Nola antolatzen dituzue saioak?

Egia esateko, inprobisazioari tarte handia uzten diogu. Bai, lehenago pentsatzen dugu nora joan nahi dugun, eta, batzuetan, abesti zehatz batzuk prestatzen ditugu dantzatzeko, dancehallaren maisuak eta klasikoak batez ere. Baina gero, tokian bertan, geure buruei aske izaten uzten diegu. Nahiz eta Santa eta Irati dancehall dantzariak izan eta formazioaren parte handiena estilo horri loturikoa izan, ez dute ezertara itxi nahi, eta beren dantzarekin beste musika estilo batzuetara egokitzen dira. Oraindik DJen eta dantzarien artean komunikatzen ikasten ari gara, baina pixkanaka bestearen lengoaiak ulertzen ari gara.

 

Zuen proiektu berria Sound System kolektiboa da. Nola lotzen da hori musika ulertzeko duzuen moduarekin?

Musika eta kultura ez ditugu ulertzen partekatuz ez bada. Beraz, antolamenduak berebiziko garrantzia du gure ekitaldietan. Dj-ak edo selektoreak bozgorailuekin duen harremana zaintzen saiatzen gara, horrek eragin zuzena duelako dantzalekuko geometrian. Horregatik, guretzat soundsystema ezinbestekoa da, ez bakarrik gure saioetan jartzen dugun jamaikar musikaren herentzia nabariagatik, baizik eta festaren elementuen koodinazioa bilatzen dugulako. Formatu horrek maila berean jartzen ditu DJa eta dantzalekuan dagoen entzule/ikuslea. Mugak desegin eta guztiak jaiaren elementu aktibo bihurtzen dira. Sound system herrikoiari dagokionez, goiz da horri buruz hitz egiteko, oraindik epe luzerako helburua besterik ez delako. Baina argi dugu kolektiboa izan dadin nahi dugula, guztion eskura egon dadin, kolektiboan erabili eta sentitzeko, dantzalekuaren autokudeaketa sustatuz eta sareak ehunduz. Sound system delakoa desakralizatu nahi dugu eta sozializatzeko modu berriak bilatu; gure soinu-ekipoan gustatzen ez zaigun edo gurekin zerikusirik ez duen musika entzutearen ideia gustatzen zaigu. Baina, lehenik eta behin, ekipoa ondo ezagutzeari ekingo diogu, eta gero ikusiko dugu proiektua nola gauzatu, prozesuan sortuko diren beharren arabera.

 

Aipatu duzue zuen kolektiboaren funtsezko puntuetako bat publikoarekin konektatzea dela, baina baita sareak ehuntzea ere. Nola egiten duzue hori?

Modu asko daude. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu bertako pertsonekin lankidetzan aritzea; horregatik, ingurukoak gonbidatzen ditugu beti gure festetan parte hartzera: dantzariak, DJak, arropa-marka txikiak, argazkilariak, diseinatzaileak eta abar. Kanpoko artistak ekartzen hasteko gogo handia dugu baita ere, interesgarriak direnak baina Bilboko beste espazio batzuetan ikusten ez direnak. Orain arte ezin izan dugu, indarra sound systema lortzera bideratu dugulako. Hemengo kultura bultzatzeko modu gisa ere ikusten dugu, gauzak egiteko modu asko daudela erakusteko.

 

Musika ekoizten hasteko asmoa duzue?

Nahiz eta oso tentagarria izan, eta banaka ekoizpen prozesu sortzaileak edo antzekoak egon diren arren, oraingoz ez dugu pentsatu musika talde modura edo Vutron Soinu gisa ekoiztea.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.