entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Harria PRETENTSIO HANDIRIK GABE

Harria Aitor Aldanondo eta Harria taldeko kideak

Testua: Iker Barandiaran
Argazkiak: Burrundaye

 

Bizitza, alkimia… halako hausnarketetan luze jardun du aspaldian Aitor Aldanondo musikari bergarar zailduak, eta gai izan da, 12 kantadun diskoa argitaratzeko: ‘Harria’. Besteak beste, Guille Sanz (bateria), Ekaitz Aranberri (gitarrak) eta Maitane Azkaratek (ahotsa) ederto borobildu dute Aldanondok buruan zeukana, eta Pottoko estudioko Freddi Pelaezek ezin hobeto mimatu du azken emaitza. Estilo-paleta zabala dakarren talde eta lan homonimoa dira, konplizitatetik ondua. Artifiziorik gabeko rocka, psikodelia, muga-mugako giroak, haize-instrumentuak, folka, noisea, hammonda, ukitu latinoak… Eta, batez ere, pauso ausarta: hain barruko dituenak hitzetan jaso eta lehen pertsonan abestu ditu aurrenekoz. Gure galderei ere hala erantzun die Aldanondok. 

Orain arteko lanik pertsonalena da, ezta?
Bai, sekula hitzak idatzi gabekoa nintzen eta, koroetatik aparte, abestu ere gutxi abestu izan dut orain arte. Hala suertatu da. Aspaldi neukan buruan hau egitea… azkenean lortu dut.

Diskoak heldutasunarekin du lotura ala bizitzaren irakaspenekin?
Bietatik duela esango neuke. Bata bestearekin lotuta dago, ezinbestean. Orain dela hamar urte ez nuen nire burua gai ikusten horrelako disko bat aurrera ateratzeko, abesteko, hitzak egiteko...baina orain bai.

Brigada Criminal desegin zenutenetik, koordenadaz erabat aldatu eta musikaren sustraietara jotzea erabaki zenuen, ala? Zergatik?
Bai izan daiteke, bai. Sustraiek beti daukate purutasun eta freskotasun hori. Gehienbat, ez aspertzearren egin nuen hautu hori. Punkrocka oso ondo dago, baina aspertu egin nintzen. Irlandako folkarekin eta batez ere The Pogues-ekin kristoren ‘engantxada’ izan genuen Haritz Artolak eta biok Brigada Criminal taldea desegin ostean, eta Fiachras sortu genuen, neurri batean, beste horretatik ihes egin nahian. Gainera, ‘rockerismoa’ klitxe eta pose absurdoz beteta ikusten genuen. Escandinaviako rollo hark... nagikeria handia ematen zigun. Eta bizitza zer da, bada, aldaketa eta eraldaketa ez bada? Kateatuta geratzea baino gauza okerragorik ez dago. 

Argi zenuen kantak nola borobilduko zenituen, ala horiek ere eraldatzen eta osatzen aberasten joan dira?
Batzuk nahiko argi neuzkan, baina diskoaren ideia nagusia zen grabazio estudioan kantak Freddi Pelaezekin landu eta haztea. Musikan gehien gustatzen zaidana horixe da: kantak hazten ikustea, magia hori guztiaren gainetik dago.

Zirriborroak aspaldi idatzitakoak dira, ala berriak?
Kanta batzuek urteak dauzkate, hor egon dira luzaroan zain. Beste batzuk orain dela gutxikoak dira. Denetarik dago.

 

“Heriotzaren zentzu positibo eta eraldagarriaren ideia dago hitzetan; heriotza biziberritzeko eta aldatzeko aukera bezala”

 

Esan izan duzu hau ez dela disko kontzeptual bat, baina badago hari garrantzitsu bat, ezta?
Bai. Heriotzaren zentzu positibo eta eraldagarriaren ideia jasotzen dute hitzek, kanta askotan gainera. Heriotza biziberritzeko aukera bat bezala, aldatzeko aukera bezala. Barneko miseriak eraldatzeko aukera bezala. Alkimia da funtsean, eta oso presente dago disko osoan. Diseinua bera ere sinbologia alkimikoan oinarrituta dago.

Zure ibilbidean garrantzitsuak (izan) diren pertsonak batu eta haien onena jaso duzu. 
Bai, urteen joan-etorrian egin ditudan lagun askok hartu dute parte diskoan: familia, lagunak, inguruko jendea. Eta horrek emaitza zentzu guztietan aberastu du.

Diskoa kaleratzea zen helburua, ala izango da nolabaiteko iraunkortasuna eta izango da zuzenekoak egingo dituen talde bat?
Otsailean kontzertu batzuk egiteko asmoa dugu, bagabiltza gauzak lotzen. Hortik aurrera, ikusiko dugu. Taldea sortu genuenean, esaldi bat ipini genuen guztiaren gainetik: pretentsio handirik ez edukitzea. Ea zer gertatzen den…

Morricone, Calexico... muga-doinuek gero eta gehiago erakartzen zaituzte? Zer daukate?
Haize-instrumentuak eta sortzen dituzten atmosferak asko gustatzen zaizkit. Harrapatu egiten naute... eta nahasketak gero eta gehiago erakartzen nau. Aberastu egiten ditu diskoak.

Pogues eta Hertzainak-eko eskolako rocka betirako duzu zizelkatuta. Nahiago duzu esentziara jo?
Bai, esentzia bertan dagoelako, ez posmodernismo absurdo honetan.

Aurkikuntza izan da Maitane Azkarate abesten entzutea. Asko kosta izan zaio pausoa ematea?
Ez. Bizitza osoa darama musikari oso lotuta. Oso natural irtetzen zaion zerbait da, eta ez da estudioan ahotsak grabatzen ibili den lehenengo aldia.

Zer ematen dizu musikak gaur egun?
Barruan dauzkadan ideia eta hausnarketak bideratzeko aukera ematen dit. Eta gero… . ideia batetik abiatu eta kanta bat osatu arteko prozesu horretan gertatzen dena itzela da. Eta behin bukatuta ikusten duzunean, atzera begiratu eta...joooooder! Magia!

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.