entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Ibil bedi NATURAL

Testua: Patxi Gaztelumendi
Argazkiak: Mikel Tristan

Ibil bedi talde aski berria da. Aurreko ‘Entzun!’ urtekaria plazaratu genuenean sortu gabe zeuden, eta dagoneko bi lan zabaldu dituzte, kontzertu pila bat eskaini, eta hemen eta han aritu dira. Guk ere orriotara ekarri nahi izan ditugu, duten freskuraz kutsatzeko beharbada, musikaren ezagutza, helburu argia eta jarrera zintzoa dutelako batik bat. Ibai Osinaga, Amets Aranguren, Areta Senosiain, Eder Escalera eta Javier Larrañetak osatutako boskoteak ‘Berandu baina garaiz’ plazaratu zuen 2019an, eta 2021ean ‘Beltxarga beltza’ diskoa egin zuten. Jo eta jo aritu dira aspaldian, eta orain atsedena hartzen (eta kanta berriak sortzen) ari diren honetan, beraiengana hurbildu gara. Kontzertuetan sumatzen zaien apaltasun eta jarrera berarekin erantzun die gure galderei Osinagak. Beraien soinuari adi gaude gu. 

 

Oharkabean oso bide polita egin duzue.
Egia esateko, guri ere oharkabean pasatu zaigu. Bideaz asko gozatu dugu eta gozatzen jarraituko dugu. 

Garai zailak izan al dira aurreko urte hauek?
Taldeari ongi etorri zaizkiola esanen nuke. Nolabait, pandemiak eta etxean egote horrek bigarren diskoa prestatzeko behar genuen denbora eskaini zigun. Espero baino kontzertu gehiago emateko aukera izan genuen 2021ean, beraz, ezin gara kexatu. Harrera oso ona izan du diskoak eta oso pozik gaude.

Jezarrita ala zutik?
Duela hilabete batzuk eserita erantzunen genukeen, orain agian zutik.

Ez da ohiko formatua eta erabiltzen dituzuen instrumentuak ez dira ohikoenak rock taldeetan. 
Askotan esan digute, baina ez da nahita egindako zerbait. Izan zitekeen zerbait bilatua, baina horrela atera zen natural.

Hala ere gazteen artean leku polita egin duzue…
Aurreko urte hauetan publikoa aldatu dela esanen nuke. Jendeak musika mota asko entzuten du eta konplexurik gabe, eta hori pozgarria da gu bezalako talde batentzat.

Autoekoizpenari emanak. Nolatan?
Natural atera zen horrela, baina egun nahita eta modu oso kontzientean hartutako erabakia da. Gaur egun (guk, behintzat) ditugun baliabideekin disko, promozio, bira eta paper guztiak aurrera eramateko gai garela sentitzen dugu, eta oso pozgarria da hori guztia gure kabuz egin ahal izatea.

Ondu duzuen kanta sortaren ostean, egin dituzuen kontzertuen ostean... orain zer?Orain kanta berriak sortzen ari gara. Ez dakigu noiz eta nola aterako diren, baina lanean gabiltza dena ahalik eta hobekien atera dadin.

Iruñerrian izan da halako musika- eta kultura-leherketa interesgarria, beste behin ere. Zerekin lotzen duzue? Nola bizi duzue?
Egia esateko, gaiak jada pixka bat aspertzen gaitu. Ez dugu gaizki hartu inoiz, eta ez dugu gaizki hartzen, baina kanpotik gehiegi ustiatu den sentsazioa izan dugu askotan. Gazte euskaldunak gara musika egiten, eta hori da garrantzitsuena.

Kolaborazioak, nahasketak... oso ohikoak dira zuen jardunean. Ze onura dituzte?
Ez dirudien arren, ez gara inoiz oso kolaborazio zaleak izan, baina aurreko urte honetan hala suertatu da. Ez dira bilatuak izan eta horregatik izan dira hain ederrak. Modu oso naturalean eta laguntasunetik sortuak izan dira.

Musikaz gain, zertan ari zarete?
Bakoitza herri edo hiri batean bizi da eta bakoitzak bere bizitza du. Batzuek musikari lotutako lanpostuak dituzte, beste batzuek euskarari lotutakoak…

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.