entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-02-22

Gotzon Barandiaran Musikariak ikastetxeetan

OHOLTZETAN BEZAIN BEHARREZKOAK

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak diruz babesten duen egitasmoa da Musikariak Ikastetxean izeneko programa. DBH-ko 3. eta 4. mailako ikasleei eta Batxilergoko 1go eta 2. mailako gazteei zuzenduriko egitasmoaren helburua da, musikaren bitartez, gazteak euskarara ekartzea, euskaraz sortzeko grina sortzea. Hain justu, iragan ekainean, une batez, Nafarroako Gobernuak berak zalantzan jarri zuen ekimenaren jarraipena. Ordu gutxi batzuen buruan, baina, bere onera itzuli zen guztia. Gotzon Barandiaran proiektuaren koordinatzailearekin egin dugu hitzordua Larrabetzuko plazan, eta garagardo baten bueltan hitz egin dugu bost urte bete berri dituen ekimena hobeto ezagutzeko, egiten duen ekarpenaz jabetzeko.

 

Testua: Nahikari Ayo

Nafarroako ikastetxeetan hasi zineten, baina programa Euskal Herri osora zabaldu duzue, ezta?
Alberto Barandiaran Egunkaria eta Berriakokazetari eta idazleak sutatuta, Nafarroan hasi zen 2018an. Eta gero Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eskaintzen hasi ginen 2020an. 2021ean Lapurdira eta Behe Nafarroara ere iritsi ginen, eta aurten Xiberuako zentro batean ere bagabiltza. Beraz, gaur egun, Euskal Herri osoan eskaintzen dugu programa.

 

Zer egiten dute musikariek saio horietan?
90 minutuko saioak dira eta musikariek haien sormen prozesua azaltzen diete ikasleei. Ez dira kontzertuak. Funtsean, azaltzen diete nola sortzen duten kanta bat: letratik hasita, grabazioa, zuzenekoa… Lehenengo hitzetik edo aurreneko akordetik hasita, plazan jendaurrean aurkezten dutenerainoko prozesua azaltzen diete: zergatik hitz horiek, zergatik musikatu duten, norekin… Bestalde, musikariek haien burua kokatzen dute euskal kantagintzaren gaur egungo panoraman; eszena esaten zaion horretan, baina baita nondik datozen azalduta ere. Zentzu horretan, euskal kantagintzaren transmisioa lantzen dute.

 

Musikariak heldu baino lehen, aurretiazko lanketa egiten dute gelan?
Bai. Guk ikastetxeei materiala jartzen diegu eskura. Ikastetxe bakoitzak nahieran lantzen du guk emandakoa.

Saio horietan, musikariek sormen prozesu osoa azaltzen dutenean, ikasleek nola hartzen dute?
Haientzat gauza berria da kanta baten prozesu osoa ezagutzea. Izan ere, eurek sakelako telefonoetan, plataforma digitaletan emaitza entzuten dute soilik. Baina benetan kanta bat sortzeak zer dakarren, nolako lana dakarren, zenbat ordu sartu behar diren kanta batekin, eurentzat berria da. Askorentzat oso erakargarria da gainera, eta erreferenteak sortzen dira.

 

Tartean ikasle musikariren bat dagoenean, interaktuatzen dute musikari gonbidatuarekin?
Bai. Hori, batez ere, urterik urte izena ematen duten irakasleek sustatzen dute, musika irakasleak direlako, edo musikazaleak. Musikariari esaten diote haren kanta prestatu dutela eta egunean bertan jotzen diote. Askoren testigantzak jaso ditugu esanez “musikariak sekulako gogoa sortu dit nik ere probatzeko”. Eta hori oso garrantzitsua da. Horixe delako helburua: euskarazko kantagintzaren bitartez, ikasle horiek euskarara eta euskarazko kulturgintzara gehiago hurbiltzea; euskaraz sortzeko grin hori transmititzea, haiek ere euskaraz egin dezaketela nabarmentzea.

Zenbat musikari dira eta nortzuk dira?
Musikariak 33 dira. Estetikari dagokionez, estilo ezberdinetako musikariak dira. La Basu rapeatzailea adibidez, baina baita Unai Unda bezalako musikari bat ere. Bere sasoian Ane Guria ere egon zen, esate baterako. Badaude rocketik hurbilagoko musikariak: Willis Drumond-eko Jurgi Ekiza adibidez. Badaude herri musikan ari direnak: Thierry Biscary, esaterako. Pop musika egiten dutenak, musika ingelesdunetik edaten dutenak, Miren Narbaiza adibidez… Amorante, Pascal Irigoien… Mikel Markez, Olatz Salvador, Zuriñe Hidalgo, Mikel Urdangarin, Maite Larburu… Gazteenetik zaharrenera bi belaunaldiko aldea dago. Lurralde gehienetakoak dauzkagu, Xiberutarrak falta zaizkigula esango nuke.

 

Eta zer sumatzen duzue? Ikasleek badaukate euren berri?
Gaur egun, DBH-ko azken zikloko eta Batxilergoko gazteek oso gutxi ezagutzen dituzte euskal musikariak, gutxi dakite gure kantariei buruz. Baina horrek ez du baldintzatzen gero emaitza hobeagoa edo kazkarragoa izatea. Ezezagunak izan arren, gero balorazio oso onak jasotzen dituzte.

 

Eta zergatik dute euskal musikari buruzko ezagutza hain urria?
Oso eskasa da. Horregatik, gure helburua ere bada euskal kantagintzaren transmisioan eragitea. Gaur egungoa eta aurrekoa ezagutu dezaten,lehengoek zer egin zuten jakin dezaten, ibilbide osoa ezagutu dezaten. Ikastetxeetara, ikasturtero, musikari ezberdinak joaten dira; saiatzen gara ahalik eta gehien izan daitezen.

 

Hezkuntza arautuan, musika arloan, gehienbat musika klasikoa lantzen da. Bertako musika apur bat hankamotz geratzen da.
Bai. Gure programa hau, berez, Hizkuntzatik dator, Normalkuntza alorretik bideratzen da. Gero, egia da ikastetxeetan musika irakasleek kudeatzen dutela batzuetan.

 

Proiektuak ezagutza ematen die gazteei baina, gero, hurbiltzen al dira euskal musikara?

Kontua da saio bakarra egiten dutela ikasturte osoan. Asmoa eta helburua da ikastetxeetako proiektuetan, bai hizkuntza-proiektuetan edota proiektu komunitarioetan ere txertatzea.

 

Nola hartzen dute irakasleek? Eta nolakoak dira ikastetxeen

Irakasleen lana, batez ere, musikarien saioa irakas-prezesuan txertatzea da, eta oso ondo hartzen dute. Balorazioak oso onak dira. Ikasleentzat gauza oso berria eta aberasgarria da musikari bat bertatik betara gelan edukitzea. Ikastetxeek helarazten dizkiguten balorazioetan hori asko nabarmentzen dute: hurbiltasuna, zeinen esperientzia aberasgarria den, eta ezagutza sakon hori.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.