entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-11-30

Miren Narbaiza: Mice MUNDUAN KOKATZEKO EDO JARRAITZEKO MODU BAT


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Igone Mariezkurrena
Argazkiak: Itziar Bastarrika

Maiatza amaieran ‘Ernaltzen’ aurreratu zuen, eta irailaren lehenean ‘Inor begira izanda ere’ singlea heldu zen, azken hori Hannot Mintegiak zuzendutako bideoak lagunduta gainera. “Inor begira izanda ere / berdin egin nahi nuke” dio abestian, baina Miren Narbaiza, bera izan arren, berria da beti, inoiz ez berdina. Barru-barruan bilatuz eta bere burua etengabe berrasmatuz, udazkenean aurkeztu zuen ‘Lautada’ lana; eta diskoak bere ñabardura, pasio eta aberastasun guztiarekin gatibatu gaitu beste behin. Proiektuak kapitulu eta egoera asko pasatu dituela aitortu du, baina Gakobeltz Hit Faktoriako estudioa izan da azken geltokia. Izukariren diseinuarekin, Forbidden Colours diskoetxearen eskutik ikusi du argia Miceren bakarkako hirugarren lanak. 

Espazioa eta denbora argiago ikusten diren lekutik idatzi omen zenuen diskoa zabaltzen duen ‘Ernaltzen’. Sosegua eta amorrua, erresignazioa eta determinazioa neurri berean antzematen dizkiot kantari. Eta, batez ere, abiapuntu bat da.  Zein izan zen leku hura?
Hasierak, askotan, leherketa bat izaten dira, eta barruan gorde den guztia kanporatzen da. Diskoa momentu eta leku horretatik idazten saiatu naiz. Inpultsoa hartu eta jauzi handi bat da, lurretik kanpo espaziora, kolore, logika eta egitura desberdinetara. Eta ondoren, aletzen joan naiz esateko nituenak. Gauza asko nituen kontatzeko: batzuk zuzen, gordin; besteak goxo eta leun. Kontakizunak dira, toki jakin batean azaleratu direnak. 

Prozesu luze bat gorpuztu du ‘Lautada’ lanak. Ziur aski, urteak pasatu dira osatzen duten piezen artean, eta nabari da. Badira erritmo pausatuak (‘Mintzaira’), eta dantzagarriagoak (‘Inor begira izanda ere’), ahots-erregistro eztiak (‘Lautada’) eta urratuagoak  (‘Zer dugun irentsi’), pasarte biziak eta astunak (‘Margotu paretak’). Disko aberatsa da zentzu horretan eta, ondorioz, sorrarazten dituen emozioetan ere bai; tarteka euforia, malenkonia, oldarra. Horrela, aberats, sentitzen duzu zuk ere?
Kanten bidea nik hasi nuen arren, aurreprodukzioan eta grabaketetan hartu dute behin betiko forma. Esan dezakedana da musikak agindu duela batzuetan, hitzek bestetan. Eta zenbaitetan pasatu da ezin hobeto elkartu direla biak. Asko gozatzen dut kanta berriak egiten, berri-berriak, egin dudanarekin zerikusirik ez dutenen bila aritzea gustatzen zait. Obsesio txiki bat dut horrekin, ez dut nahi izaten beste ezeren antzik edukitzerik. Noski, dena ez dago nire esku, ezinezkoa da zerotik sortzea. Baina nik egindako kantaren batera edo ezagutzen dudan batera hurbiltzen dela sumatzen badut, norabidea aldatzen saiatzen naiz. Bide hori ibilia izan bada, zertarako errepikatu? Gerora, ikusi ahal izan dut kanta bakoitzak bere izaera duela, agian horregatik izango da. Musikalki aberatsak diren diskoak entzutea gustatzen zait, era guztietako abestiak dituztenak, nahiz eta hari bat izan denen artean. 

 

“Asko gozatzen dut kanta berri-berriak konposatzen. Obsesio txiki bat dut horrekin. Nik aurrez egindako zerbaitera edo ezagutzen dudan kantaren batera hurbiltzen ari naizela sumatzen badut, norabidea aldatzen saiatzen naiz”

 

Baduzu kutunik? 
Orain, diskoa egin berritan, den-denak maite ditut. Bakoitza momentu jakin batean sortu da eta arrazoi jakin bati erantzunez sortu da, eta emozioak ere bakoitzak bereak sortzen ditu nigan. Eta denen artean egiten dute osotasuna. Ezinezkoa da bat hautatzea! Momentu honetan denak maite ditut, pilo bat. 

Rocka konstante bat eta oinarrizko zutabea da zure musikan. Joseba Irazokik duela kasik hamarkada bat jada ohartarazi zuen rock & rolla egitea musika klasikoa egitea dela. Zuk ere klasikotzat duzu zure burua?
Edozein delarik egiten duzun musika, zure anbizioak, jarrerak, jakinminak eta oro har, musika ulertzeko eta bizitzeko moduak eragiten dute konposatzeko moduan, eta horrek guztiak erabakitzen du azken emaitza. Nik neuk, estiloari baino gehiago, beste horri begiratzen diot: musikari batek zenbateko gogoa duen bide berriak bilatzeko, jolasteko, esperimentatzeko, entzulea harritzeko, xaxatzeko.  

Zergatik deitu diozu ‘Lautada’? Zer edo zer idorra eta antzua iradokitzen dit hitz horrek…  baina disko hau justu kontrakoa da, lore ezberdin askoz beteriko baratze baten modukoa!
Lautada izan da eszenatokia, berriro kantak egiten hasten lagundu didan espazioa; eta bertan agertu dira loreak, basoak, zementua, hiria, kaosa, okela, zarata, kolorea, urtaroak, espazioa, maitasuna eta baretasuna. Lurra zabaltzen denean begibistan dago dena, ez dago ezer gordetzerik. Lautadak ez du zertan idorra izan behar, ondo begiratuz gero denetarik aurki daiteke!

Hasieraz hitz egin dugu, bideaz… eta segidan amaieraz. Gakobeltz Hit Faktorian grabatu zenuten diskoa, Joseba B. Lenoir eta zuk zeuk zuzentzen duzuen estudioan; zure hitzetan, “etxean”. Estudioaren eta postpoaren galbaheak asko ala gutxi moldatu du ideia originala? Zein aspektutan?
Gakobeltz Hit Faktoria izan da beste gakoetako bat. Geure proiektuak nahieran eta geure moduan lantzeko abian jarri genuen eta Lautada izan da bertan hasi eta bukatu den lehenengo diskoa. Diskoko grabazio ofizialak egin aurretik orduak eman ditugu estudioan Ibai, Joseba eta hirurok. Geure txokoa izateak horretarako aukera eman digu, kantak lantzeko, patxadaz entzun, berrikusi eta jolasteko. Eta hor, pieza bakoitzak bere bidea hartu du. Batzuk nahiko fidelak dira hasierako ideiarekiko. Beste batzuk, grabazioan, musikariekin elkarlanean moldatzen joan dira.  

Eta zer moduzkoa da taldekidea(k) ekoizle eta teknikari bezala ere edukitzea
Josebarekin lan egitea gozamena da. Pasioz bizi du musika, beti ari da bilaketan, anbizio handia du. Oso adi entzuten dizu, buruan duzuna ulertzeko. Beti ez baita erraza nork bere burua ulerraraztea. Uste dut musikari batentzat kontu garrantzitsuenetakoa dela jakitea nora iritsi nahi duen, eta nire helburua buruan dudan ideia hori, egitura, konposizio, harmonia edo soinua, ondokoari ulerraraztea da, hitz egokiak aukeratuz neure burua ulerraraztea, komunikazioa egon dadila. Musika oso subjetiboa baita, nork  bere modura bizi du, logika asko norberarenak baino ez dira, eta hitzetan jartzean konturatzen zara zuretzat gauza bat dena ondokoarentzat agian ez dela. Kanta batek hamaika bizitza posible izan ditzake. Zuri dagokizu erabakitzea zer izatea nahi duzun. Ibai ere dagoeneko aspaldiko laguna da. Napoka Iriaren azken diskoan ekoizpenarekin lagundu zigun. Hor ikusi genuen kanta bat nola eralda daitekeen eta beste terreno batzuetara mugitu; instrumentazioa, harmonia, tenpoa, egiturak, intentzioak, dena aldatu daitekeela. Ibairekin sentitzen dut dena dela posible, eta batzuetan bertigoa ere ematen du horrek. Edonora eraman dezake kanta, bere esentzia ukitu gabe. Ez dakit nola egiten duen.

Orain arte egindakoari eutsiz, zure kanta berriak zenbaitetan bakarka, beste hainbatetan taldearekin (Mikel, Iñigo, Ibai, Joseba) eta beste batzuetan ‘Lenoir&Mice’ formulapean aurkeztuko dituzula imajinatzen dut. Zer gustatzen zaizu gehien aldaera bakoitzetik?
Gure mutatzeak maiz halabeharrak bultzatuak izaten dira. Lekuetara moldatu behar dugulako, baldintza ekonomiko-teknikoetara, musikari guztiek ezin dutelako... Baina, beste batzuetan, musikalki bestelako leku batzuetara iristeko behar hutsa izaten da formatuz aldatzera garamatzana. Gauza berriak frogatzea, kantak beste alderdi batzuetatik eta beste jantzi batzuekin imajinatzea. Disko honek, adibidez, banda bat eskatzen dit zuzenean, jantzi hori behar du, oraingoz bederen.

Pandemia osteko eszitazioak, uda sasoiak eta festa giroak bat egin dute aurreko hilabeteetan; halako jaialdi eta zuzeneko eztanda bat egon da; artistek oxigeno pixka bat hartu duzue. Baina, iraungo du, ala zirkunstantziala izan da?
Uste dut festibalen sukar honek oxigenatu baino gehiago ito egiten dituela musikariak zein eszena lokalak. Badakizu esaten den hori: “Musikatik bizi daiteke, musikaria ez bazara”. Lagun batek esaten zidan: “Izango balitz alferkerian ibiltzen garela… baina lan besterik ez dugu egiten eta!”. Musika bestelako kontsumo kate amaiezin baterako amu bezala erabiltzea nahiko perbertsoa da bere horretan. Musikariek, sortzaileek, edozein gizabanakok behar duena behar dute, bizi- eta lan-baldintza duinak. Eta hori ez dute festibal handiusteek bermatzen, baizik eta kultura-ekosistema osasuntsu batek. Konpromiso argiagoa ikusten da musikazaleak diren eragileengandik, izan jaialdi, areto, auzo, herri, taberna. Asmo eta intentzio garbiko jende horrek laguntzen digu gehien.  

Bartzelonako Primavera Pro nazioarteko musika azokan kontzertua emateko aukera izan duzu, Basque Music at Primaver Pro ekimenari esker. Ekainean izan zen, eta Eneritz Furyak ere aritu zen zuzenean CCCB kultura garaikidearen nazioarteko zentroan. Halako ekimenak benetan dira lagungarriak, ala kea dira?
Egia esatea nahi baduzu, mundu eta giro berriak dira guretzako horrelako ekimenak. Zaila da jakitea zenbateraino lagundu diezazukeen zure ibilbidean hor parte hartzeak. Apur bat handi geratzen zaizkigun sentimendua izaten dugu, horregatik ongi egon da bertatik bertara ikustea zertan datzan. Azken finean, egiten dakizuna egitea da, baina beste publiko baten aurrean; zuzeneko ona eman eta gozatzea.  

Iraganari abesten diozu maiz. Etorkizunari kantatzeko eskatuz gero…? 
Iraganari abesten diot maiz, baina aurrera begiratu ahal izateko. Ateak ixten joateko nire estrategia da, hau ere pasatu zen, hau sentitu nuen, hau ere esan nizun, hau erantzun zenidan, eta abar. Dena da munduan kokatzeko modu bat, edo munduan jarraitzeko modu bat. 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.