entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Inaxio Esnaola 2010-10-09

IKER GOENAGA denbora eta distantzia

Iker Goenaga, trikitiaren bidea egiten. Iker Goenaga, trikitiaren bidea egiten.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Ibilbide bat musikari gisa. Lau disko. Hainbat urte. Iker Goenaga Zizurkileko musikariak hurbileko zein urruneko kantuak bildu ditu laugarren pausoan. Tradizioari eutsiz, baina hautsiz. Soinu txikia, baina bihotz handia.

Distantzia eta denborari erreferentzia nabarmena egiten diozu ...arteraino diskoan. Zer dela eta?
Inkontzienteki izan da. Kantuak sortu ahala ohartu nintzen horretaz. Gainera bai abestuek nahiz instrumentalek bi kontzeptu horiekin lotura zuzena dute. Ziurrenik adinean aurrera joateak ere izango du zer ikusirik. Aldiz, izenburua egoki ulertzeko uste dut ezinbestekoa dela diskoaren azala ikustea. Motorra gailua, soinu txikia eta ni bidaiariak eta amaierarik ez duen bidea. Noiz arte, noraino? Betiko galdera unibertsalak.


Omenaldi sentituak dituen diskoa ere bada.
Entseguetan irailaren erdi aldera hasi ginen, San Tomas bezperan estudiora sartzeko asmotan. Baina irailaren 1ean Xabier Portugal joan zitzaigun. Pasaia Lezo lizeoan lankide, zinema eta jazz kritikari tipo aparta. Irailaren 5ean Xabierrena onartzerako Mikel Errazkinen heriotza. 19 urterekin elkar ezagutu genuen, Sorotan Beleren lehen diskoan grabatu eta zenbait zuzenekoetan parte hartuaz. Eta abenduaren 1eko egun ilun, euritsu eta hotzean, goizeko 8:30etan telefonoa. Mikel Laboa hil da. Ez dut ahaztuko egun hura. Hiruei abesti bana eskaini diet.


Aurreko lanarekin alderatuta, abestiak naturalagoak dira. Programazio gutxiago dago eta talde osoaren parte hartzea handiagoa da.
Kantuen tratamendua naturalagoa da eta horren bila joan gara. Soinu tresna bakoitzaren soinu naturala bultzatzea genuen helburu eta horrez gain tronpeta, txeloa eta teklatua erabili ditugu zenbait abestietan kolore ezberdinak sortzeko. Gainera, emaitzarekin oso gustura nago.


Garai batean motoan joaten ziren trikitilariak plazetara. Zu, ordea, ez zara erromeria giroan ibiltzen. Zer dela eta?
Probatua daukat. Nire arreba eta biok bi urtez edo ibili ginen erromeria giroan. Batetik karakterra izan daiteke, ni ez naiz oso plaza gizona. Bestetik erromeria giroan eta trikitixaren munduan beti bertsioak egin dira. Nik nire kantu propioak azaltzeko beharra neukan eta sortzen nuena erromerietatik aldentzen zela uste dut. Nire bidea hartu nuen.


Joseba Tapiak egin zuen, eta zuk ere aldarrikatzen duzu. Soinu txikiarekin bada ere, bakarlaria zara eta ez trikitilaria. Hala da?
Bai, bakarlaria banaiz baina trikitilaria ere bai. Has gintezke trikitilari kontzeptua definitzen eta agian ez naizela esango nuke. Soinu txikia edo trikitixa soinu tresna jotzen duena trikitilaria bada, banaiz.


Inguruko pertsonei eta taldeko musikariei sarritan eskertzen diezu laguntza. Ingurukorik gabe, Iker ez zen moldatuko?
Gizakia bera bakarrik bada zerbait? Iker musikaria ba ote da zerbait bakarrik? bai. Bere etxean bakardadean kantuak sortzen dituen musikaria. Baina jendaurrera agertzeko eta lan handi hau aurrera eramateko ezinbestekoa da laguntza. Eta niri esker onekoa izatea gustatzen zait.


Laugarrenean, auto-ekoizpena aukeratu duzu. Hartu beharreko beste bide bat zen?
Nire kasuan hartu beharrekoa baino, probatu beharrekoa. Agian errazagoa izango zen berriz ere nire betiko argitaletxearekin egitea diskoa baina arriskatzeko erabakia hartu genuen. Genuen esan dut taldekideek eta nik hartu genuelako erabakia.


Laugarrenera iritsita zein sentsazio duzu, nola deskribatu egun musikari gisa sentitzen duzuna?
Musikari gisa pozik nago. Urteekin gauza asko ikasi ditut. Kantuen moldaketei buruz, eskenatokian egoteari buruz eta abar. Uste dut bilatu eta aurkitu dudala nire bidea. Kantuak egiteko, azaltzeko, lantzeko modu bat. Bestetik musikaren egoerak asko kezkatzen nau. Diskoen salmentak, kontzertuen eskasia... ez dira garairik onenak.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.