entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Guda Dantza ASKEAGO

Guda Dantza 1 Guda Dantza taldekoak, disko berriaren aurkezpen-kontzertuan, Bilboko Kafe Antzokian

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Igone Mariezkurrena
Argazkiak: Andrea Martinez

Aurten 10 urte bete dituzte musikagintzan. Leioa eta Algortako seikoteak ‘Lainoak eta Oskarbiak’ (2014), ‘Labarren Ertzean’ (2016) eta ‘Argibideak’ (2018) lanak ditu aurrekari gisa, eta iragan urrian laugarrena kaleratu zuen Baga-Biga Musika Ideiak-en eskutik: ‘Esan gabekoak’; berezko nortasun indartsua duten bost kanta, elkarren artean oso ezberdinak izan arren osotasun erakargarria lortu dutenak. Ska, funk, soul… doinuetan dantzan, hamarkada batez esan gabe utzitakoak aldarrikatzera datoz Eneko Ajangiz (baxua), Ander Basañez (saxofoia), Jon Maguregi (gitarra), Iker Maguregi (bateria), Alain Beraza (ahotsa) eta Jon Basañez (tronpeta). Elkarrizketa honetan ere, Alain izango da taldearen ahotsa.  

 

Adierazi duzuenez, “beharbada lotsagatik baztertutakoa” berreskuratu duzue. Baina, zertaz ari zarete: mezuez? estiloaz? jarreraz?
Aipatu duzun guztiaren metaketa bat izan daiteke. Musika munduan aritzeak esposizio handia dakar, zentzu askotan biluztea. Hasieran, entzule gehienak lagun eta senideak ziren. Suposatzen dugu deserosoa egiten zitzaigula guretzat gordetzen genuena erakustea, bereziki, gure publikoa egunero ikusten genituen pertsonek osatzen zutelako. Zorionez, urteekin konplexu asko bidean utzi ditugu, oraindik beste asko erantzi behar ditugun arren.

Baina, zeren lotsa izan duzue, edo zerk inhibitu zaituzte? 
Urte luzez gure burua modu oso serioan hartu dugu, eta hori akats potoloa da. Ez gara perfektuak, arlo askotan desastre hutsak gara, baina hori guztia gure izaeraren parte da. Kostatu zaigu, eta kostatzen ari zaigu, hori onartzea, baina ez gara hasieran izan nahi genuen talde serio eta kontzientea. Horretatik abiatuta, askatasun handiagoa dugu esan gabekoak botatzeko. 

Dena dela, labekada berri honek ere asko utzi du esan gabe. Harritu nau jakiteak 20 bat kanta kanpoan utzi dituzuela disko honetarako aukeraketa egin duzuenean! Zein izan da galbahea edo zergatik baztertu dituzue?
Lan honek aldaketa asko ekarri ditu, musika zein hitzei dagokienez. Berez, esperimentu hutsa izan da kanta bilduma hau garatzea, eroso sentitu behar genuen ska musikatik kanpo eta, horregatik, froga asko egin ditugu. Batzuekin ez ginen eroso sentitzen eta kanpoan utzi ditugu. 

Hozkailuan gorde eta hurrengo batean ekarriko dituzue agian?
Abesti bakoitzak momentu bati erantzuten dio eta, denbora gehiegi luzatuz gero, freskotasuna gal dezakete. Egia da, kasu honetan, gustuko genituen zenbait pieza kanpoan utzi ditugula baina, esandakoa: abesti bakoitzak bere momentua du, beraz, nahiago dugu zerbait berria sortu. 

Izan ere, apropos edo nahi gabe edo agian halabeharrez, slow creation printzipioa besarkatu duzue, eta urte eta erdi baino gehiago joan da ‘Esan Gabekoak’ diskoaren hiru aurrerapen kanten artean! ‘Pizten doa’ (2021eko otsaila), ‘Nekaturik’ (2022ko apirila) eta ‘Zazpi Bala’ (2022ko iraila)…
Prozesu luzea izan da, aldaketa asko izan ditugu tartean, beraz, gure tartetxoa hartzea erabaki genuen. Oraingoan, beharrezkoa zen.

Tempoak halakoak izateak badu eraginik azken emaitzan? Edo, beste era batera galdetuta, sormen-prozesua konprimituagoa izan balitz… zer?
Orain arte abiadura bizian ibili izan gara proiektu guztietan, eta era horretan hartutako hainbat erabaki damutu izan zaizkigu. Disko honi, lehen aldiz, ez diogu aldatuko genukeen ezer ikusten, atera dugunak %100ean ordezkatzen du taldearen momentua. Beste batzuetan, hori ez da posible izan, gure buruari inposatu diogun erritmoagatik, besteak beste. Gaur egun, badirudi etengabeko eduki sortze jario batean jardun behar duzula, ez baduzu hilabetean behin zerbait kaleratzen, zureak egin du. Horrek, maiz, zure buruaren langile esplotatu bilatzen zaitu. Guretzat ezinezkoa da kultura kontsumoaren erritmo horri eustea, hau guztia gure ogibideekin uztartzen dugulako eta ezin dugulako osasun mentala bidean utzi. Gauza bakoitzaren timinga errespetatuko dugu, urteekin, prozesuaz gozatzen ikasi dugulako.

‘Pizten Doa’ elektro-popero samarra dela esango nuke. ‘Nekaturik’ da guztietan dantzagarriena eta hamaika aldiz entzunda ere aspertzen ez duena, nahiz eta pandemia-sasoi hartako monotonia gogaikarriari erreferentzia egin.  ‘Hiroshima’-k, paradogikoa bada ere eta hitzek diotenaren aurka, halako barealdi bat dakar. ‘Nora Noa’-k disko-girora darama entzulea, ispilutxodun bola buru gainean imajinatzeraino. Eta ‘Zazpi Bala’, dudarik gabe, disko honetako harribitxia. Horiek nire lerroburuak. Bota zeuenak!!!
Erabat ados! Zerbait gehitzearren, esango genuke Pizten Doa proiektu honen norabidea markatu zuen iparorratza izan dela; Nekaturik inoiz egin dugun kantarik zailena (prozesuari dagokionez); Hiroshima, aldiz,hasieratik modu errazean jaio den perlatxo sailkaezina; Zazpi Bala bat-batekotasunetik sorturiko haize bolada freskoa da; eta Nora Noa… musikan bizi dugun baina ikusten ez den horren adierazpena. 

Bost kantak nabarmen hurrundu dira, hori bai, hastapenetan jotzen zenuten ska-rock hartatik. Funkerantz mugitu zarete eta, bereziki Zazpi Bala kantan, soul printzak ere antzeman daitezke. Borondatezko hautua izan da ala zuen musika-gustuen eboluzioaren oharkabeko isla? 
Bigarren diskotik hona, modu lotsatian izan bada ere, funkaren eragina presente egon da zenbait kantatan. Oraingoan, nabarmen handitu da eragin hori, esan duzun moduan, abesti bakoitzak iturri desberdin batetik edaten duen arren. Borondatezko hautua izan da gure gustuen eraldaketa islatzea, baina modu naturalean gertatu da.

Zuenean, nolakoak izaten dira kantak konposatzeko eta borobiltzeko prozesuak? Basañez anaiak haizeetan ongi konpenetratuta eta Maguregi anaiak baterian eta gitarran (Iker eta Jon, hurrenez hurren) aritzen direla kontuan hartuta, pentsa genezake anaia arteko konplizitateak pisua izango duela… 
Normalean, pertsona batek ideia bat ekartzen du etxetik eta, ondoren, lokalean guztion artean desegiten dugu hasierako ideia. Oraingoan desberdina izan da. Kantak pandemia garaian sortu genituen, beraz, anaia talde bakoitzak bere team partikularra sortzen zuen etxean, eta agian horrek eragina izan du, bai.

Disko berrirako tracklista jada itxita zenutenean sortu omen zen “ezerezetik” Zazpi Bala pieza. Baina… nola gertatzen da hori?! 
Diskoa intentsoegia izaten ari zen, zerbait freskoa behar genuen eta ideia buelta askorik eman gabe garatu genuen, kontrapuntu txiki bat gehitzeko.

Lide Hernando (Liher) musikariarena da kanta horretan entzuten den emakume ahotsa. Adierazi duzue hasieratik “bera” irudikatu zenutela abesti honetan. “Bera” diozuenean… bere ahotsaz ari zarete ala bilatzen zenuten beste ekarpenen bat ere egin du? 
Ez dakigu zergatik, baina argi ikusten genuen bere ekarpena behar genuela. Liher taldearen Hemen Herensugeak Daude diskoa entzuna genuen, ahotsak beste planeta batekoak dira. Abesti honetan kolaborazio bat behar genuen, kolaborazio horrek interpretazio kutxu bat izan behar zuen; ahotsa baino gehiago zen… energia zehatz bat bilatzen genuen. Lidek energia hori jarri zuen mahai gainean. Hasieran, ez genuen abestiarenganako fede handirik, baina bere ekarpenarekin benetan sinetsi genuen zerbait berezia genuela esku artean. 

Diskoa gora diskoa behera ari gara baina, formatu fisikoan kaleratu duzuena ez da disko bat, baizik eta disko itxura duen QR kode baten euskarria, Guda Dantzaren backstagean sartzeko giltza. 
Ikusten ez den guztia ere erakutsi nahi genuen. Horretarako, VHS kamera bat grabatzen jarri izan dugu entsegu eta estudioko saio askotan, reality bat izango balitz bezala, eta momentu oso potenteak bildu ditugu. Ez genekien hau guztia euskarri fisikoaren gakoa izango zenik. Baina… abestiak grabaturik genituenean, formatuaz pentsatzen, betiko CDa kaleratzearen ideia erabat aspergarria iruditu zitzaigun. Buruari bueltak emanez, bueltak ematen dituen disko baten ideia etorri zitzaigun. Eskeintzen duguna sasi-CD bat da. Erruleta funtzioa betetzen du, zulo bat du erdian eta, erruletari bueltak emanez, zulotik kanta bakoitzaren izena agertzen da QR kode batekin. QR kode horrek abesti bakoitzak duen ikus-entzunezko dokumental labur batera bideratzen zaitu: estudio eta lokaleko eztabaida eta drama txikiak dira, kanten lehen bertsioak, proiektua abiatzearen ilusio uneak… Esan duzun moduan, sasi-CD hau Guda Dantzaren ganbarara sartzeko giltza da.

Bideoklipak mimo handiz pentsatu eta burutzen dituzue; zinema-errodajeen kalitatea dute! Iker Maguregi bera zuzendaritzan eta Andrea Martinez argazkiaz arduratuta, lan laudagarria egin duzue. Ikus-entzunezkoak zale potentzialengana heltzeko kanal eraginkorra dira, ezta?
Eskerrik asko! Iker Maguregi, taldeko bateria-jotzailea da, eta Andrea Martinez Guda Dantzaren zazpigarren kidea. Beste inork ez ditu kantak beraiek bezain ondo ulertuko, abesti bakoitzak guretzat zer esan nahi duen badakite eta, era berean, beste ikuspegi batetik irakurtzeko gai dira. Ikuspegi bikoitz hori egiten dituzten lan finetan islatzen da. 

Tira, nola dator Guda Dantzaren 11. urtea? 
Inoiz baino ilusio handiagoz gatoz, ideia asko ditugu eta oso argi ikusten dugu zein den gure norabidea. Momentuz, lanez gainezka dator urte berria, ikusiko dugu honek nora eramaten gaituen.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.