entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-02-20

Ane Berriotxoa

MUSIKA IRUDIZ JANZTEN

Ane Berriotxoa Ane Berriotxoa

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

2023an argia ikusi zuten bideoklip arrakastatsu zenbaiten kredituetan ikusi dugu ‘Zuzendaria: @an_txoa’, lehen lerroan. Besteren artean, Aioiai (Neomak), Eramaten eta Hortzak (Liher), eta Denak begira daudelaik (Olaia Inziarte) kantak irudiz jantzi ditu aurten Ane Berriotxoak. Argazki Zuzendaritza ikasi ostean, Bat (2021) estreinako lana eta Nire Amaren Etxea (2022) film laburraidatzi eta zuzendu zituen. Orain, ordea, musika-esferara lotuta ere ageri da bere sinadura.

 

Testua: Igone Mariezkurrena

2023 urte oparoa izan da zuretzat. Ezustean harrapatu zaituzte bideoklipak zuzentzeko enkargu horiek ala espero zenuen halakorik?

Ba ez dakit… seguru asko ez nuen espero, ez. Aurreko urteak nahiko biziak izan dira niretzat, eta ez dut denborarik izan gelditzeko eta hausnartzeko. Zorte handia eduki dudala uste dut, eta zorte on hori ahalik eta gehien baloratzen saiatzen nabil.

Film laburrak zuzentzetik, aurten behintzat, gehienbat musika irudiz janztera pasatu zara. Gustatzen zaizu ikus-entzunezko komunikazioaren aldaera hau?

Galdera zaila da. Alde batetik, bai: uste dut asko baloratzen den lana dela eta hori ona dela denontzat. Jende zoragarria dabil gauza zoragarriak egiten, eta hori oso aberasgarria da. Baina, bestalde, uste dut erritmoak ez direla izan beharko luketenak. Kontsumo-gizarteak min handia egin dio ikus-entzunezkoak jasotzeko eta ekoizteko moduari. Dena oso azkar pasatzen da, dena oso azkar egiten da, eta ez daukagu begiratzeko, entzuteko eta egiteko denborarik; nik ere ez.

Bat eta Nire amaren etxea film laburrak, zuzendu aurretik, idatzi ere zeuk idatzi zenituen. Ideia eta errelatoa zeure burutik eta begietatik irten ziren, alegia. Bideoklip bat zuzentzerakoan, aldiz, dagoeneko existitzen diren musika eta hitzak eraman behar dituzu iruditara. Aldea handia da planteamenduan, ezta?

Bai, bi mundu dira. Nire kasuan behintzat, lan egiteko modua asko aldatzen da batetik bestera. Lehenik eta behin, zinea egiterakoan beste hizkuntza batean berba egiten dudalako; uste dut gauza biek helburu oso ezberdinak dituztela, niretzat behintzat, eta, ondorioz, komunikatzeko modua ere ezberdina da. Eta bestetik, erritmoak ere oso bestelakoak direlako. Beste harreman mota bat sortzen da proiektuagaz.

 

Nola funtzionatzen dute zure burmuinak eta zentzumenek, zure sormen-baliabideek, lan mota batean eta bestean?

Ba, egun bakoitzean modu batean! Proiektuaren araberakoa da. Uste dut proiektu batzuk burmuinetik irtetzen direla eta beste batzuk zentzumenetatik. Hain justu sortzen den konexioa ere modu batekoa edo bestekoa izan daitekeelako, eta funtzionatzeko modua egokitu behar delako.

 

Edozin kasutan, kantek eta musikak entzuleari uzten dioten interpretazio-marjina horrek beste dimentsio bat hartzen du zure kasuan. Hau da, jada ez da soilik zure baitan geratzen den interpretazio pertsonal bat. Izan ere, kanta horren bideoklipa izango den ikus-entzunezkoa, abesti horren erakusleihoa, baldintzatuko duen interpretazioa da zurea. Ardura handi xamarra da. Taldeek erabateko askatasuna ematen dizute? Ala eurek finkatzen dute irakurketa hori? Agian denetarik ezagutu duzu…

Hau ere aldatzen da kasu batetik bestera. Batzuetan idea argi daukate; beste batzuean zer edo zer daukate buruan baina ezer argirik ez; eta beste batzuetan zerotik proposamen bat egiteko aukera izaten dut. Azkenean, musikari bakoitzak bere moduan eramaten du bere proiektua, eta nirekiko harremana ere baldintzatzen du ‘egiteko modu’ horrek. Baina uste dut beti dela postiboa musikariak bideokliparen sormen-prozesuaren parte izatea. Azken finean, euren identitatearen parte izengo den zerbait da. Baina bai, jakina, ardura handia da beti.

 

Hain justu arrazoi horrengatik, ez duzu uste bideoklipek baldintzatu eta mugatu egiten dituztela kantek musika-entzuleen artean sor ditzaketen mundu posibleak?

Galdera ona! Agian bai! Ez dut asko pentsatu honetan eta uste dut oso hausnarketa ona dela. Alde batetik, esango nuke baietz, bideoak mugatu dezakeela abestiak transmitzen duena. Baina, bestalde, uste dut alderantziz ere gerta daitekeela: bideoak bide berriak zabaltzea, eta bideo horretatik mundu gehiagotara hurbildu ahal izatea.

 

Eta ze ekarpen egiten dio ikus-entzunezko hizkuntzak musikari? Zein dira mundu horiek?

Abestiak berak sortzen duenaz aparte, bideoak sentsazio ezberdinak sor diezazkioke entzuleari eta, nire ustez, sentitzeko aukera gehiago izatea beti da positiboa. Beste momentu batzuetan hausnarketa beste norabide batean eramaten dut, askotan planteatu diot nire buruari bideokliparen goraldi hau ez ote datorren egungo gizarte honek estimulu asko jasotzeko duen behar horretatik, “kontsumitzeko” behar horretatik. Baina ez dakit, garaiak aldatzen dira, eta uste dut denak duela bere alde ona eta txarra. Ez daukat erantzun argirik galdera horretarako.

 

Tira, beste honetarako agian bai: nondik hasten duzu lan prozesua? Zein dira hartzen dituzun lehen-lehen erabakiak?

Lehenengo gauza beti kontzeptua erabakitzea da. Edozein ikus-entzunezko lanetan garrantzitsuena horixe da: nondik helduko diogun eta nondik hartuko ditugun erabakiak.

 

Eta gero?

 

Kontzeptuan pentsatu eta kontzeptu hori irudikatzeko modu ezberdinak bilatzea da hurrengo pausoa. Tokiak bilatu, kamera nola mugitu nahi dugun zehaztu… beti ere kontuan izanda nora goazen. Denok kontzeptua argi daukagunean, dena nahiko organiko irteten da.

Ze harreman izaten duzu musika-sorkuntzaren bueltako beste elementu eta profesionalekin? Argazkiak, koreografiak…

Konfiantzazko jendeagaz lan egitea gustatzen zait. Nire formak ulertzen dituen jendeagaz, nik ere eurenak ulertuta. Uste dut gauza onenak sortzen direla lantaldeak argi daukanean nora goazen, eta elementu ezberdinei forma ematen laguntzen didan jendea ondoan ez banu, nik ere ez nuke ezer egingo.

Beste herrialde edo, hobe esanda, beste musika-kultura batzuekin alderatuta, goiz ala berandu… nola… hartu du euskal musikagintzak bideoklipen tren hau?

Industria potentea dago Euskal Herrian. Zorte handia daukagu, eta esango nuke gure musikariak babesten dituen gizartea garela. Hori zoragarrie da. Azken urteetan musika egiteko modua aldatu da, jende gaztea dabil askotariko gauzak egiten, eta horrek pila bat aberasten du euskal musika. Bideoklipekin antzera gertatu da: nire belaunaldiko jendea eta gazteagoak ikus-entzunezko informazio pila batekin hazi eta hezi izan gara, eta horrek beste ikusteko modu bat emon digu. Ez dakit hobea den ala ez… eta ez zait axola. Egiteko modu bakoitza aberasgarria da.

Eta ze ibilbide aurreikusten diozu?

Sortzeko gogo handia duen jende pila bat dago. Alde horretatik guztiz babestuta gaude. Baina beno, zer edo zer eskatzekotan, betiko moduan, diru gehiago, baldintza hobeak eta prekaritate gutxiago, bai musikarientzat, eta baita ikus-entzunezko langile guztientzat ere.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.