entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Inaxio Esnaola 20 URTEZ EUSKAL HEAVY METALARAREN BOZGORAILU


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Igone Mariezkurrena
Argazkiak: Herriko Burdina

 

Euskal Herriko eta euskarazko heavy metalaren atari digitala eta datu basea da ‘Herriko Burdina’, halako bakarra. 20 urte joan dira 2002ko azaroaren 2an lehen erreferentzia sareratu zutenetik. Gure lurraldeko metal doinuen informazio oso eta gaurkotua zabaltzen segitzen du, pasioz, Inaxio Esnaola kazetariak. 

Bizi dugun garaian ezerk hamarkada batez irautea ia mirakulua da, zer esanik ez musikaren unibertsoaz ari bagara. Proiektu honek… bat ez, bi hamarkada bete ditu! Zorionak!
Mila esker. Egia esateko, hogei urteko ibilbidea egin duten heavy metal talde gutxi batzuk geratzen dira Euskal Herrian. Azken bi hamarkada hauetan, asko dira sortu eta desagertu direnak, eta Herriko Burdina webguneak horien berri eman du. Era berean, irautea lortu dugu.

Ez da mirakulua izan, ordea. Dedikazioa, pasioa, lan handia… eta zer gehiago?
Zaletasuna eta konpromisoa. Euskal Herria, heavy metala eta euskara oinarri gisa hartuta sortu nuen ataria 2002an. Helburua, berriz, talde guztiak babestea eta horien bozgorailu izatea izan da betidanik. 20 urtez iraun badu talde horiei esker izan da, zalantzarik gabe.

Hortaz, heavy metalaz eta harrobiaz aparte: euskara. Garrantzitsua. 
Bai, eta denboran atzera egin behar da horrelako webgune bat eratzeko arrazoia topatzeko. 1970eko hamarkada bukaeran piztu zen gurean rock gogorraren eta heavy metalaren sua. Baina, Su Ta Gar aitzindariek euskaldundu zuten heavya, eta ordutik aurrera gure hizkuntzaren presentzia areagotu egin zen abestietan eta zaleen artean. Ez baitugu ahaztu behar hori baino lehenagoko heavy eszena erdalduna izan zela, eta gaur egun euskaldunagoa bada ere, nahiko erdalduna izaten jarraitzen duela.

Ataria hutsune bat betetzera etorri zen, hortaz. 
Bai. 2002an bazeuden Euskal Herriko heavy metal taldeei buruz gaztelaniaz informatzen zuten webgune berezituak. Aldiz, ez zegoen euskarazkorik. Horregatik sortu nuen Herriko Burdina. Hogei urte geroago, halako bakarra izaten segitzen du. 

Flashbackak izango dituzu...
Webgunearen lehen-lehen diseinua datorkit burura. Microsoft FrontPage programarekin egin nuen, eta nahita edo nahi gabe, fanzineen esentzia islatu nuen. Ez zen batere dinamikoa, eta eskuz egindakoa zirudien. Xarma berezia zuen, eta hainbat urtez mantendu zuen diseinu hura, egungoa hartu zuen arte. Webgunea sortu eta gutxira, Burdina Astintzen izeneko jaialdia antolatu genuen. Hitzordu bereziak izan ziren, eta horiek ere oso gogoan ditut: Soraluzeko gaztetxean izan zen lehena, eta beste biak Donostiako Guardetxean. Guztiak ahaztezinak.

Eta izenak? Nor datorkizu burura?
Jon Agirre. Burdinola irratsaioa sortu zuen, eta Egiako Ttan Ttakun irratian emititzen hasi zen 2001ean. Gutxira batu nintzaion, eta urtebeteren buruan nik hartu nuen Burdinolaren gaineko ardura. Saioak hainbat atal zituen hasiera hartan, eta Euskal Herriko heavy metalaren ingurukok Herriko Burdinazuen izena. Nolabait, webgunea sortzeko abiapuntua izan zen. Bestalde, ezin ditut aipatu gabe utzi hasieran kolaboratzen zuten kideak: Unai Santos, Hibai Martinez eta Alberto Alvarez, besteak beste. Urteek aurrera egin ahala, kolaboratzaile sarea apaldu zen, eta nik hartu nuen webgunearen ardura bere osotasunean. 

Atari digitalaren urteurrenaz aparte, zer gehiago du ospatzeko euskal heavy metalak?
Ospatzeko gutxi du. Metal doinuek presentzia handiagoa izan beharko lukete hedabide eta irrati orokorretan. Badirudi doinu gogorrak desagertu egin direla, eta metal musikagintza zeharo indargabetu dela, ez dagoela bogan. Tira, ezin esan dezakegu sekula egon denik... baina gaur egun, urtero, 50 bat metal argitalpenek ikusten dute argia Euskal Herrian. Musika genero honek zaleak mantendu ditu, eta astebururo antolatzen dira kontzertuak.


“Duela hamar urtetik hona, bertako hedabide orokorrek nabarmen baztertu dute heavy meteala, gogorregia omen delako”

Ez dute oihartzunik, ordea.
Bertako hedabideetan ez behintzat. Duela hamar urtetik hona nabarmen baztertu dituzte, gogorregiak omen dira irratian edo telebistan entzuteko, baita prentsan edota musika webguneetan horien berri zabaltzeko ere. Euskal metal talde askok leku handiagoa dute estatuko zein nazioarteko hedabideetan gurean baino. 

20 urte bete dituen atari bat aurreko bi hamarkadetako transformazioari begiratzeko leiho egokia ere bada. Musikagintzaren eboluzioari dagokionez, zein dira XXI. mendeko lerroburu handiak?
Musikologoa ez naizen aldetik, ezin dut lerrobururik eman, baina agerikoa da musika ‘entzungarriaren’ garaia bizi dugula. Askotariko doinuetan dabiltzan taldeak dauzkagu Euskal Herrian, eta adin tartearen arabera aldakorrak dira batzuen eta besteen gustuak. Belaunaldi berriek bogan dauden estiloak entzuten dituzte; musika urbanoaren (trap, rap...), poparen eta elektronikaren garaia da. 

Belaunaldi zaharragoek zer entzuten dute bada?
Musika klasikoa, baina ez burura etor dakigukeen musika klasiko hori, baizik eta 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetako rocka ta popa. Abesti ezagunez osaturiko zerrendak, one hit wonder delakoak eta abar. Iragan hurbileko musika jartzen duten irrati formuletan etengabe errepikatzen dituzten kantak, alegia. Salbuespenak ere egongo dira, noski. Adibidez, metal musika entzuten duten belaunaldi zaharrak. Hori bai, metal klasikoa.

Hortaz, musikak badu adina? 
Bai, zalantzarik gabe. Urteak zenbatzen goazen heinean, musika lasaiagoa entzuteko eta estimatzeko joera dugu. Entzuleei ez ezik, musikariei ere gertatzen zaie. Distortsioetatik pieza akustikoetara iristeko bide naturala dirudite musikak eta musikagintzak.

Eta, metalera etorrita: uste duzu urte hauetan euskal musikagintzak bizi izan dituen aldaketek genero honi ere berdin-berdin eragin diotela. Ala, ordea, ‘burdina’-k egin duen eta egiten ari den bideak baditu berezko berezitasunak
Europatik Euskal Herrira iritsi zenean, heavy klasikoa izan zen hemengo bandek jorratu zuten lehena. Gerora, eta urteek aurrera egin ahala, gure taldeak gainerako azpigeneroak besarkatzen hasi ziren: speed metala, power metala, thrash metala, death metala, black metala, doom metala, gothic metala, groove metala, nu metala, metalcorea, post metala eta abar. Hau da, gurean ere, klasikotik muturrera zein modernora egin du bilakaera metal musikak. 

Eta, genero beraren baitan, metalean, baina euskal eszena beste eszena batzuekin alderatzen badugu (espainiarra, frantziarra, europarra…), zein esango zenuke direla gurearen identitate markak? 
Hizkuntzak berak ematen diona. Esan bezala, Su Ta Gar izan zen heavy metala euskaraz egiten lehena. Musikalki beste herrialdeetako metalaren parekoa izan arren, euskarak berezko izaera ematen dio. Hori ez da hobea edo txarragoa, soilik desberdina. Berezitasun bat da. Ildo horretatik, euskal heavyaren parte izan diren taldeak (Ehun Kilo, Latzen, Idi Bihotz, Asgarth, Mendeku Itxua...) ere badira bereizgarriak. Gaur egun, aitzindariak eta beste gutxi batzuk geratzen dira. Black metala euskaraz jorratu duten bandek ere aipamen berezia merezi dute: Numen, Aiumeen Basoa eta Nakkiga dira biziraun dutenak.

“Metalzale gazteek eusten badiote, metalgintzak biziraungo du gurean”

Herriko Burdina ataria beste 20 urtez elikatzeko adinako osasuna du euskal metalak?
Bai, heavy metala bizirik dago Euskal Herrian, beste 20 urtez irauteko egurra bada gurean. Urtero argitaratzen diren 50 bat lanez gain, talde asko daude zazpi probintzietan, eta horien informazioa Herriko Burdinak taldeei eskainitako atalean ikus daiteke. 

Indargune nagusia?
Zaletasuna. Metalzaleak egon badaude Euskal Herrian eta, askoren joera nazioarteko taldeei begiratzea bada ere, bertako bandak ere estimatu eta babesten dituzte. Metalzaleen batez besteko adinak gora egin duen arren, badira metalaren joera berriekin bat egiten duten gazte belaunaldiak ere; batez ere, metalaren eta hardcorearen arteko nahasketa erakargarria jarraitzen dutenak. Noski, klasikoak ezagutu eta horiekin metalzaletasunari bide ematen diotenak eta muturreko metala estimatzen duten gazteak ere badaude. Horrek irauten badu, metalgintzak biziraungo du gurean.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.