entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2023-12-18

Verde Prato

ANA ARSUAGAREN LARRE OPAROA


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Tolosan hartu gaitu Ana Arsuagak, bere jaioterria eta egungo bizitokia diren kaleetan. “Hemen gauzak ez dira asko aldatzen; lehen ez zitzaidan gustatzen, baina orain, nire bizitzan beste dena kaosa denez, monotonia honek mesede egiten dit”, aitortu du. Mazmorra eta Serpiente taldeekin aritu ostean, 2021ean guztiak harri eta zur eginik utzi zituen Kondaira eder hura bakarkako lehen lana osatu zuten zazpi piezak argitaratu zituenean. Elektronika? Euskal kantutegia? Folka? Lirika?... Zer zen hura?! Beste hiru ekarri ditu gerora Verde Prato gisa, berriena –Adoretua– 2023an, eta bere sonoritateak segitzen du klasifikatze-saiakera orori maisuki iskin egiten. Arte Ederrek ikasitakoa eta pianoan ere trebatua, osagai gutxirekin, baina ongi jokatuta, paisaia musikal aberatsak sortzeko gai da. Bidaia hasi besterik egin ez delakoan eta Verde Pratoren larrea luzaroan emankorra izango delakoan gaude.

 

Testua eta argazkiak: Igone Mariezkurrena

Zure musika proposamena ausarta da; bakarrik sortu eta lantzen duzu gainera, eta bakarrik defendatzen duzu jendaurrean. Ez zaitut ezagutzen baina esango nuke autoexijentzia maila handiko pertsona zarela. Bai, tira, gauzak pentsatzen eta sentitzen ditudan moduan egiten ditut. Eta do it yourself bide honetan sinesten dut, aparteko ahalegina eskatzen didan arren. Lan handia hartzen dut niregain, baina natural bizitzen dut, eta gainera oso onartua dut emaitza gehienetan ez dela perfektua izaten.  

 

Disko berrirako Adoretua izena aukeratu zenuenean, une hartako zure gogoaz ari zinen? Ala asmo bat zen? Jarrera bat? Adierazpen bat? Artean, batzuetan, gauzak nahastu egiten dira. Zenbaitetan, hitz bat aukeratzen duzu hitza bera gustatzen zaizulako, eta gero, besteen begietan, esanahiak hartzen du pisu handiagoa! Eta normala da, komunikatu behar duenak esanahiak bilatzen dituelako. Niri ‘adoretua’ hitza gustatzen zitzaidan eta, gainera, bai, Verde Prato proiektuarekin bizitzen ari naizen ahalduntze prozesuari egiten dio erreferentzia: nire burua musikari bezala ikusten ikasten ari naiz, konposatzeko, eszenatokira bakarrik ateratzeko, eta abar.

 

Bakarka eman zenuen aurreneko kontzertua data eta espazio jakin bati lotuta gogora dezakezu; Jon Mantxiren gonbidapena izan zen, Bilboko Larraskitun, 2019an. Baina, gero, momenturen batean hartuko zenuen bide horretatik segitzeko erabakia. Beste une horrek badu bere denbora-espazioa zure memorian?

Ez dut inoiz horretan pentsatu… pixkanaka izango zen… Larraskituko lehenengo saio haren harira pare bat gonbidapen gehiago atera ziren. Horrek harritu egin ninduen; nire buruan gauza oso puntuala izan zelako kontzertu hura, eta ez nuelako espero luzatzea, baina gogoa piztu zitzaidan, ikusi nuelako beste bi zuzeneko horietan ere jendeak feedback ona eman zidala. Puntu horretan oso garrantzitsua izan zen Jon Agirrezabalaga ekoizlea. Laugarren kontzertura etorri zen eta esan zidan hura grabatu beharra nuela. Bultzada definitiboa eman zidan.

 

Eta horrela jaio zen Kondaira Eder Hura (2021). Beharbada lehen esperimentu hartan oraindik lotuago zinen folkari eta tradizioari, gerora etorri diren beste lanetan baino gehiago behintzat bai?

Bai, hala da, folka eta tradizioa iturriak dira niretzat. Baina, agian, disko hartan zuzenagoa izan zen lotura hori. Baliabide kontua ere izan daiteke, kontzeptu kontu bat azken finean: lehenengo disko horretan elektronika-oinarriak elementu lagungarriak besterik ez ziren, eta gerora, ikasten ari naizen heinean, garrantzi handiagoa hartu dute.

 

Era berean, orain arteko lanik minimalistena dela esango nuke…

Bai, nik ere horrela bizi izan dut. Zerotik hastea izan zen; eta abiapuntu horretatik, pixkanaka, osagai guztiak eta bakoitza probatu nahi nituen, abesti bat eraikitzeko, era literalean, elementuz elementu.

 

Publikoaren feedback ona aipatu duzu lehen. Kritiketan eta kroniketan ere laudorioak jaso dituzu, zure sentsibilitate artistikoa parekorik gabekoa dela dio batek baino gehiagok. Zergatik uste duzu izan duela halako harrera ona Verde Pratok?

Harrera on hori erlatiboa da. Ez naiz famatua! –barrez–. Sentitzen dut jende talde mugatu batengana heldu naizela, beharbada kultuzko zirkuluetara-edo, askotariko musika entzutera ohituta dauden horiengana. Nirea ez da musika komertziala. Baina, era berean, ez dut batere argi zer den entzungarria eta zer ez… zer den erraza eta zer ez… Trapa, esate baterako, entzuteko zaila da, baina arrakasta izan du. Eta nik nire musikari ikusten dizkiot osagai batzuk ez direnak batere konbentzionalak, baina beste batzuk bai… eta hala ere ez da sartu zenbait eremutan edo irrati jakin batzuetan. Hortaz, uste dut hor badaudela beste faktore batzuk nahastuta. Edozein kasutan, esparru espezialdu horren aldetik nire musikak kritika onak jaso baldin baditu, suposatzen dut izango dela baloratu dutelako nire abestietan dagoen borondate artistikoa, esperimentatzeko gogoa. Baina, bestalde, nire amonaren lagunek ere entzuten naute eta esaten dute asko gustatzen zaiela –algaraka–, beraz…! Auskalo!

 

Elementu gutxirekin, baina ongi jokatuta, paisaia musikal aberatsak sortzeko gai zara; nire ustez hori da zure sorkuntzaren baliorik handiena. Kanta gehienek oinarri erritmiko bat dute, beste doinu bat gainean eta, batez ere, ahotsa lehen lerroan.

Hori erabaki bat da, alde batetik. Baina, baita ere, eskura ditudan material eta baliabideen emaitza. Alegia, hau egiten dakit, bi gailu hauek dauzkat… ba saiatuko naiz daukadanarekin nire maila gorena ematen! Nire musika ariketa hori da. Eta, gainera, ez dut uste elementu gutxirekin aritzea askorekin aritzea baino okerragoa edo apalagoa denik; bestelako emaitzak ematen ditu, eta kito. Ahotsa protagonista da zure abestietan. Badago intentzionalitaterik horretan?

Teknikoki hobekien egiten dudana da, eta gainera asko gustatzen zait ahotsa instrumentu modura, baita entzule naizenean ere. Emozio-espektro zabala hartzen du ahotsak, oso gizatiarra da, azkar konetatzen dugu ahotsarekin.

 

Zure sorkuntza plastikoak eta musikak badute elkarren antzik?

Ez dakit nire koadroei kanpotik begiratzeko gai naizen… sentsibilitatea eta gaiak beretsuak izango dira bi kasuetan, baina teknika aldetik hain da desberdina… Esango nuke eklektikoagoa naizela musikagintzan. Nire pinturak figuratiboak dira, ariketa askoz literalagoa da.

 

Ez dakit arranguratik ala harriduratik izango ote den, baina behin baino gehiagotan ohartarazi duzu musikagintzaren prekarietateaz. Bai. Eta ez zait soilik niri gertatzen, baizik eta artean gabiltzan guztioi. Pentsa, egiten dugun hau ogibide bat ote den zalantzaren mamua hor zehar dabil oraindik…! Gero, noski, beste edozertan bezala, honetan ere, edo beharbada bereziki honetan, klase soziala determinantea da. Sektore prekarioa izan arren, batzuek aurrera egitea lortzen dute familiaren babes ekonomikoa dutelako, ez dutelako musikagintza beste lan batekin uztartu behar, proiektuak abiatzera ausartu daitezkeelako erortzeko beldurrik gabe. Badakit ez dudala ezer berria deskubritu, baina klase soziala artean bereziki erabakigarria dela ulertzen ari naiz; ordu asko, dedikazio handia eskatzen duelako ezeren truke, uztargarria den beste diru-iturri bat topatu behar duzulako… puzzle konplexua da. Horri guztiari denboran eustea errazagoa da posizio jakin batzuetatik, denborak galbahe-lan handia egiten baitu.

 

Gutxi hitz egiten dugu musikarien osasun mentalari buruz!

Pff!! Nik krisialdi handiak izaten ditut. Ziurgabetasuna, estresa… kudeatzea zaila da.

 

Zer sentitzen duzu krisialdi betean zaudenean? Ba, nire buruari galdetzen diot benetan merezi ote duen barruko gogo honi, musikari izateko gogo honi, hain leial izatea. Gero inork ez duelako baloratzen. Pentsatzen dut ez ote nukeen lan egonkorrago bat bilatu beharko, artearekin zerikusia duena bai, baina hilabete amaieran soldata ziurtatuko didana.

 

Eta zergatik segitzen duzu honetan? Zerk orekatzen du balantza?

Ilusioak, pentsatzen dut. Nolabait, oso erraz pozten naiz eremu honetan egiten dudan edozein aurrerapausorekin, txikia bada ere, eta halakoetan erraz uzten ditut zailtasunak alde batera. Ederra da honetan aritzea, oso zorionekoa naiz aukera edukitze hutsagatik, beraz, bi sentipen horietan mugitzen naiz askotan.

 

Lehen Jon Agirrezabalaga aipatu duzu, zure buruan sinesten lagundu dizula esanez. Verde Prato gisa sortu duzun guztia berarekin grabatu duzu Bilbon daukan El Tigre estudioan. Ze ekarpen egiten dio zure musikari?

Pertsona oso lasaia da, malgua, asko errespetatzen du nire iritza. Ez dauka beste teknikari batzuek duten egoa. Jonek mila ideia ematen dizkit, baina ez du inoiz bere irizpidea inposatzen, azken hitza beti nirea izaten da. Eta nik hori behar dut; proiektu honek zentzua baldin badauka, hain justu, horregatik delako: nirea delako, nire erara egiten dudalako, dena nik erabakitzen dudalako. Gainera, asko daki soinuaz; nik aldiz ez dakit ezer, aparteko bi mundu baitira musika eta soinua. Esate baterako, batzuetan soinu epela bilatzen dut, baina konturatzen naiz dena oso hotz entzuten ari naizela… ba berak badaki horri teknikoki nola eman buelta. Asko laguntzen dit.

 

2022an Euskal Pop Erradikala atera zenuenean, apropos ala nahi gabe, irudikatu zenuen euskal musikagintzari berari gertatu zaiona. Salbuespenak salbuespen, punk eta rock doinuetatik popzaleagoetara igaro gara. Zuk ere egin duzu bide hori?

Tira, eremu asko ditu euskal musikak, baina badirudi rocka gainbeheran dagoela, bai. Niri ez zait gertatzen beti dauzkadalako mila erreferentzia buruan, eta oso desberdinak elkarren artean gainera. Baina gazteagoa nintzen garaian nagusitzen zen musika mota horri buelta bat eman nahi nion eta nire egin.

 

Zergatik edo zertarako?

Ba, gazteagoa nintzenean, mundu hori oso erakargarria zitzaidalako, baina sentitzen nuelako ez zidatela uzten espazio horietan sartzen, sentiarazten zidaten ez zela nire lekua.

 

Errebantxa moduko ba izan da orduan?

Mendekua ez… baina bai keinu bat. Gaztetxe zirkuituetan ibili izan naiz punka eta hardcorea entzuteko, baina sentiarazten zidaten, niretzat, neska izanda, hura giro oso arrotza zela. Izan behar zenuen neska mota jakin bat han zure lekuan egoteko, bolloan sartuta, mutilekin, elkarri ostiaka. Serpienterekin jotzen hasi nintzenean, musikari bezala ere, antzeko sentsazioak izan nituen, kritikek ere hortik jotzen zutelako: suabeegia nintzela esaten zidaten. Entzuleak etortzen ziren eta “joe, eman kaña gehiago!” esaten zidaten. Amorrua sentitzen nuen. Zergatik ezin nuen han egon? Han ere denok berdinak izan behar genuen, ala? Suposatzen zen espazio alternatibo eta libreak zirela! Orduan, tira, horri guztiari buelta emateko… Euskal Pop Erradikala. Erradikaltasunak ez duelako zertan eta soilik bortitza izan.

 

Badago azkenaldiko pop olatu bat, emakume izena duena: Izaro Andres, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Sara Zozaya, Sara Azurza, Eider… esfera horren parte ikusten duzu zure burua?

 

Kutsu autobiografikoa al du, baita ere, Adoretua (2023) disko berriko Niña soñando kantak? Atea zeharkatzeaz hitz egiten duzu, hegan egiteaz, bidea urratzeaz… soma daiteke, horretan, halako irrika bat. Baina, era berean, maitasuna noiz iritsiko zain egotea, purutasuna, mundu zoriontsu batekin amets egitea ere aipatzen dituzu, eta printzesa-koroa buruan dutela ageri dira neskatoak bideoklipean. Beste horretan badago salaketa, deseraikitzeko deia, ala?

Txikia nintzenean nire artean egiten nituen hausnarketak eta bizitzari buruz neuzkan galderak jasotzen dituzte abestiaren hitzek. Amodioarekiko betiko galdera horretan ez dago deseraikitze handirik, nire haurtzaroan ere ez zegoen bezalaxe. Egoera erreal bat, sentipen erreal batzuk islatu nahi nituen abesti honekin; ordukoak eta ez oraingoa. Batzuk ez behintzat! Bideoklipari dagokionez, bai, printzesaz jantzita ageri dir haur horiek, baina haien izaera indartsua da, desberdinak iruditzen zaizkit.

 

Haurra zinelarik amari bere antzerki-eskolan ikusitako obra batetik hartu zenuen Verde Prato izena. Eta, hain justu, ama arduratu zen Niña soñando bideoklipean parte hartu zuten aktoresak zuzentzeaz. Zer moduzkoa izan zen berarekin lan egitea?

 

Verde Pratok espazio eta plaza berezi askotara eraman zaitu aurten. Euskal Herrian ez ezik, Madrilen aritu zara, Bartzelonan, Potugal, Finlandia, Suitza, Londres… adoretuago sentitzen zara?

Bai, noski, horrek guztiak laguntzen du. Leku horiek guztiak bisitatu ahal izatea, publiko baten eta bestearen erreakzioak ikustea… momento oso bereziak sortzen dira.

 

Eszenaratze berezi asko ikusi dizkizugu. Ontzi gainean Oria ibaian, Tolosan. Eskultura klasiko baten itxura hartuta Madrilgo We Collect arte galerian. Laku batean bainua hartzen ari ziren entzuleen aurrean Azoreseko Tremor jaialdian. Chillidaren eskulturetan oinarritutako estilimoa soinean zenuela Donostiako Boga-Boga festibalean… ‘Nola’ horrek zenbateko garrantzia du proiektu honetan?Arte Ederretatik natorrelako-edo, osotasun bat bezala ulertzen dut hau. Kontzertu batean informazioa modu askotan ematen duzu, ezin da ‘ez erabaki’, guztiarekin transmititzen duzu zerbait. ‘Normal’ jantzita joatea ere erabaki bat da, eta erabaki horrek zerbait adierazten dut. Ez dut esan nahi hori okerragoa denik, baizik eta adierazpen bat dela bere horretan. Egiten duzun musikaren arabera, eszenaratze batek edo bestek asko alda dezake musika horren beraren zentzua eta kontzertuak ekarriko duen esperientzia mota. Nik oso kontuan hartzen dut alderdi hau, nire musika ez dudalako pentsatzen beste guztia pentsatu gabe.

 

Itxuraz eta irudiaz ari garela… zer moduz kudeatzen duzu sare sozialetako erakusleiho hori?

Sare sozialek oso deseroso sentiarazten naute, ez zaizkit gustatzen zentzu batzuetan. Beste behin, artistak, artista ez ezik, beste mila gauza izan behar du. Gainera, badirudi sortzen duzun eduki hori bera baino garrantzitsuagoa dela zenbatek erreproduzitzen duten. Dena dela argi dago, aspalditik gainera, profilik ez edukitzea ez dela aukera bat.

 

Nola irudikatzen duzu 2024. urtea?

Beste disko bat grabatzeko denbora eduki nahiko nuke. Era hain prekarioan aritzeari utzi; musikari izan, azken batean.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.