entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-03-04

Señor No

Mantsoago, indartsuago


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

30 urte bete ditu Donostiako auzoetan sortu zen taldeak. Kideak joan eta etorri dira, baina bandaren izaera ez da aldatu. High-energy eta gitarra oso indartsuetan oinarritutako taldetzarrak ez du potentziarik eta sormenik galdu. Xabi Garre nekaezinak gidatuta, makina bat disko luze bizkarrean eta miloika kilometro furgonetan, agertokian sugarrak pizteko gai dira oraindik, eta aurten bi diskoz erditu dira: Dabadaban grabatu zuten Directo lan bikoitza, eta hazten ikusi dituzten beste talde askoren bertsioekin osatu duten disko ilustratua: Vol I. Elkarrizketak emateko ohitura handirik ez du Xabi Garrek. Baina patxadaz hitz egiteko elkartu gara orain 35 urte La Perrera sortu eta gerora hiru hamarkadatan Señor No taldeko abeslari, gitarra eta konposatzaile izan denarekin.

 

Testua: Iker Barandiaran
Argazkiak:
J.A. Areta Goñi Juxe

 

30 urte joan dira Señor No sortu zenutenetik. Ezetz esateko arrazoiak indarrean al daude oraindik?
Bai. 1993az geroztik. Denbora oso azkar igaro da, ia konturatu gabe, baina nik ez dut atzera begiratzen. Izena inkonformismotik atera zen, eta hori oraindik mantentzen dugu, dena okerrago dagoelako gainera. Ez dut uste punk taldea garenik, baina inkonformistak bai.

Duela gutxi La Perrera taldearen maketa berrargitaratu zuten. Zer geratzen da hasi zineteneko eztandatik eta ilusiotik?
Hasieran genuen ilusio inozentetik oso gutxi gelditzen da, lehen zaplastekoan kentzen dizutelako hori. Baina oraindik ere gustatzen zaigu jotzea, abestiak egitea, lagunekin elkartzea...

Nork kentzen du ilusio inozentea?
Mainstreamak; eta musikarekiko inongo begirunerik gabe negozio honetatik etekin handiena atera eta jendea estutzeko dauden horiek.

Maketa hura grabatu zenutenean, uste al zenuen hainbeste urtez jarraituko zenuela musika jotzen?
Ez, ezta pentsatu ere. Musika egiten hasten zarenean, asko da jabetzea jende gehiagorekin jo ditzakezula abestiak, aldi berean jo dezakezuela eta inorentzat entzungarria izan daitekeela.

Zerk eman dizue hainbeste hamarkadaz segitzeko gasolina?
Onena jotzea da. Abestiak egitea ederra da, estudiora joatea ere bai baina, batez ere, lagunekin elkartu eta jotzea gustatzen zaigu. Adibidez, asteburu honetan, Mallorcan izan gara eta oso ondo pasatu dugu, jende askorekin egon gara….

Duela urte gutxi, Australian barrena ere egin zenuten bira. Talde batean aritzeak dakarren sari handi horietako bat izan zen?
Bai, dudarik gabe. Oso ondo pasatu genuen, leku guztietan oso ondo tratatu gintuzten. Johnny Casinok antolatu zuen, maitasun handiz egin zuen eta leku guztietan hartu gintuzten besoak zabalik. Kontzertuak oso ondo joan ziren, jaialdietan ere parte hartu genuen... Australiako taldeak erreferente izan dira beti guretzat eta, gainera, gu modukoak dira, harrotasun tonto gabekoak eta rocka modu bizian maite dutenak. Asmoa dugu berriro itzultzeko.

Gehien gustatzen zaizuna jotzea dela diozu. Zer du agertokiak?
Ez dakit nola azaldu. Oso eroso sentitzen naiz agertokian eta oso ondo pasatzen dut. Ez dut inoiz surfa egin, baina batzuetan, jotzen ari naizenean, talde osoak olatu baten gainean eramango banindu bezala sentitzen naiz, eta behin baino gehiagotan gertatu zait gora zoazenaren sentsazio hori, drogarik gabe e! Bakarka jotzen ere asko gozatzen dut. Jendearen erreakzioa bilatze horrek xarma handia du.

Zuk konposatzen al dituzu abesti guztiak?
Bai. Normalean nahiko itxita eramaten ditut estudiora, baina beti uzten dut tarte bat eta taldekideei entzuten diet. Eta, jakina, bakoitzak bere ekarpena egiten ditu.

Izorratuta zaudenean idazten duzu? Inspirazioa delako hori berez etortzen al zaizu?
Ez. Gehienetan azken orduan, grabatzera sartu aurretik, idazten dut. Beste batzuetan, berriz, denbora gehiagorekin egiten saiatzen naiz, eta jarri egin behar duzu, inspirazioa berez ez datorkizulako. Tabako paketea eta whisky basoa alboan jartzen naiz, zerbait asmatu arte. Drogek ez didate idazten laguntzen, baina alkohol pixka batek bai.

Desamodioa, bakardadea, harreman gaiztoak, ametsak, frustrazioa... Abestiak idaztea txarra, alde iluna, ateratzea da zuretzat?
Ez dut idazten ezer txarra ateratzeko asmoz, baina egia da balio didala. Nik ez dut istoriorik kontatzen, nahiago dut sentimenduez hitz egin. Benetan sentitzen ditudan gauzak kontatu nahi ditut, gero zuzenean kantatu behar dituzulako eta sinetsi egin behar dituzulako. 80 aldiz txiste bera kantatzeak grazia galtzen du.Adibidez, Como una pompa de jabón idatzi nuen Alzheimerrak hil zuen aitarengan pentsatuz, eta mesede egin zidan. Eta beste batzuk ere oilo ipurdia jartzen didate abesten ditudanean.

Eta, ba al dago orain kantatzeko gogorik ez duzun abestirik?
Gogo falta ez, baina badira indar gehiago nuenean idatzi nituen kanta batzuk; eta orain zaila egiten zaizkit tonoagatik, abiaduragatik. Esaterako, Emakume basatia. Baina inoiz ez dugu kantutegi bera jotzen, aldatu egiten dugu. Abesti bakar bat ere ez da betiko.

Errepidea maite duzu?
Bai, errepidea gogorra da, baina asko gustatzen zait. Ez dakit zenbat milioi kilometro ditudan bizkarrean. Eta jotzen duen talde batean bazabiltza, gustatu egin behar zaizu, bestela ez dago hori jasaterik, furgonetako ordu asko direlako eta itxaronaldiak ugariak.

Abestiak idazten jarraituko duzu?
Bai. Aurten hiru disko ateratzea zen asmoa: zuzenekoa, bertsioena eta kanta berriak jasoko zituena bestea. Baina ez digu denborarik eman; gutako bakoitza hiri batean bizi da, eta ez dugu entseatzen. Aurten soilik behin entseatu dugu, zuzeneko diskoa prestatzeko.

Lehen hiru edo lau diskoek amorru handiagoa dute. Eta hurrengoek beste tempo batzuk dituzte.
Bai. Hasieran uste nuen zenbat eta azkarrago orduan eta hobeto zela, baina abesti zahar horietako batzuk orain astiroago jotzen ditugu. Eta grabatzeko garaian, tempoa atzeraxeago eramaten saiatzen naiz orain, hobeto geratzen baitira sakonago jotzen badituzu. Ez dugu indarrik galdu, abiadura galdu dugu, baina orain indartsuagoak gara. Hala ere, aldaketarik handiena hiru gitarra izatetik dator, gehiago jolasteko eta ñabardura gehiago gehitzeko aukerak biderkatu direlako.

Besteak beste, Roy Loney eta Cheetah Chrommerekin kolaboratu duzue, biak oso handiak. Zer ikusi dute haiek zuengan?
Bai, biak oso handiak. Ez dakit zer ikusi zuten gugan: jende jatorra, beren kantak jotzen gozatzen duena. Cheetahk oso ondo pasatu du gurekin, eta errepikatu nahi du. Eta badakit Royk asko gozatu zuela baita ere. Eta gu... flipatzen. Hastapenetan ez nuen inoiz amestu ere bi musikari hauekin joko genuenik, eta laguntzat izango gintuztenik. Urte hauetan guztietan jotzen eta tour manager gisa musikari asko ezagutu ditut, eta horietako asko, zorionez, pertsonak dira.

Areto askotan aritu zara eta aritzen zara. Badago erreleborik punk-rock eta rock-and-rollean, ala nagusientzat da?
Lehen askoz gazteagoak aritzen ginen rock-and-rolla egiten. Orain badabiltza gazteak ere, baina askoz gutxiago, eta publikoa ia bera da, aurpegi berdinak ikusten jarraitzen dut. Bai, badago erreleboa, gazte talde onak daude, baina, jakina, gazteen zati handi bat beste gauza batzuetan dabil, eta hori normala da. Eta ikuslegoa ginenok izaten jarraitzen dugu. Baina ez dago dena galduta, e!

Inork espero ez zuenean, akustiko bat grabatu zenuten Bukowskyn. Nolatan?
Madrilgo lagun batzuek zuzeneko DVDak grabatzeko eskaintza egin ziguten. Bukowskyn grabatu genuen, baina emaitza estatikoegia zen: denok eserita jotzen. Eta erabaki genuen ez genuela aterako, oso ondo grabatuta bazegoen ere, ikusteko aspergarria zelako. Baina audioa oso ondo geratu zen, eta horregatik erabaki genuen diskoa egitea. Kasualitatea izan zen.

Lagun artean “Señor No, MC5 Sí” esamoldea askotan erabili izan dugu…
MC5 da oraindik nire talde kutuna, hori ez da aldatu. Lehen postuan jarraitzen du, goiburuan. The Who eta Union Carbide Productionsekin batera. Talde asko daude, baina lehengoak gustatzen zaizkit bereziki, nahiz eta banda berriak entzuten jarraitzen dudan.

A ze taldetzarra daukazuen!
Bai, oso pozik gaude. Hiru gitarra-jotzaileen formatua atera zen denboraldi batean Jorge oso lanpetuta zegoelako eta Joseba B Lenoirrek lagundu zigulako, eta orain biek jarraitzen dute.

Zuei buruz idazten dituzten gauzak irakurtzeko ohitura duzu?
Ez, ez nagoelako inongo sare sozialetan. Baina guri buruz idatzitako zerbait topatzen badut, irakurri egiten dut, noski. Bestalde, ez daukat nire egoa berrelikatu beharrik: ondo jartzen bagaituzte, ondo, eta bestela ere bai. Gu auzoko talde bat gara.

Harro zaudete auzotar izateaz, eta auzoan, Egian, grabatzen dituzue zuzenekoak. Nola sortu zen ideia hori?
Zuzeneko bat grabatzea erabaki genuen unetik argi eduki nuen auzoan izan behar zuela, baina ezin zen Bukowskyn egin, eta Dabadabako jendearekin hitz egin genuen. Eta bikaina izan zen: borobila izan zen, bete egin zen, jendea gogotsu etorri zen; gau magikoa izan zen.

Pozik geratu zarete emaitzarekin?
Bai. Abesti batzuk baztertu ditugu arazo teknikoengatik, baina gau hartan gertatu zenaz jabetuko da diskoa entzuten duenak. Bezperan entseatu genuen. Azken lau diskoak egun bakar batean grabatu ditugu Hendrick Roverrekin, eta bezperan entseatu. Horietako asko lehen hartualdiak dira.

Erraza izan al zen zuzenekorako errepertorioa aukeratzea?
Ez zen erraza izan, abesti asko kanpoan utzi behar izan genituelako. Ohi baino askoz luzeagoa izan zen emanaldia. Disko bikoitz bat ateratzea zen asmoa, eta ondo ateratzen ez bazen, LP edo single bat. Adibidez, My pad ez zegoen aurreikusita, baina bisetan jo genuen jendeak eskatu zuelako, eta azkenean sartu zen.

Zer lehenetsi zenuen kantutegia aukeratzerakoan?
Errepertorioa aukeratzerakoan ez nuen jendearengan pentsatu. Batez ere erakutsi nahi nuen nolako taldea garen oraintxe bertan, eta zein kanta jotzen gabiltzan.

Eta nolako erreakzioak jasotzen ari zarete?
Oso onak. Jendeak harrituta esaten digu soinua oso ona dela zuzeneko bat izateko. Mikel Biffsek nahastu zuen nire laguntzarekin, eta oso ondo geratu da.

Nola bururatu zitzaizuen bertsioen diskoa egitea? Eta zein helbururekin?
Patri bikotekidea tarteka musika jartzen aritzen da eta, behin, Los Guarriors taldearen Esas chicas malas abestia jarri zuen eta pentsatu nuen ederra izango zela horren moldaketa egitea. Eta jarraian beste talde eta kanta batzuk bururatu zitzaizkidan. Ondo pasatzeko egitea erabaki genuen, ez da omenaldi bat, lagunei egindako keinu bat baizik. Beste batzuk kanpoan gelditu ziren: La Secta, Los Clavos, Torazinas, Los Perros… Hurrengorako agian! –barrez–. Talde horietako gehienak desagertu ziren, baina uste dut gure publikoak ezagutzen dituela gehienak.

Zer moduz moldatzen zarete diskoetxeekin?
Batzuekin oso gaizki eta beste batzuekin ondo. Orain Folc Recordsekin gabiltza, munduko diskoetxerik onenarekin: lagunak dira, musikariak dira eta badakite zergatik gauden hemen.

Zein beste taldetan jotzen ari zarete?
Neu bakarka, Señor No, Dogo y los Mercenarios, eta baita Fuego y las Llamas taldeekin nabil. Azken horretan Ultracuerpos taldeko kide batzuk daude. Gainontzekoak Mice-n, Joseba B. Lenoir, Stupid Fucking People eta beste askotan.

 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.