entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2023-12-15

Raimundo el Canastero

RUNBA, FLAMENKOA, ELEKTRONIKA... ETA AUTOTUNE PIXKA BAT


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Duela urte erdi argitaratu zuen Lizarako musika taldeak estreinako lan luzea: No todo es rumba izeneko autoekoizpena. Udara eta udazkena kontzertuak eman eta eman ibili ostean, atseden txikitxo bat hartzeko unea iritsi zaie. Imanol ‘Caete’-rekin egin dugu hitzordua taldearen iragana, egungo egoera eta etorkizunaren inguruan hitz egiteko.

 

Testua: Txomin Larrinaga

Uda nola joan zaizue? Kontzertu batetik bestera?

Ba bai. Gutxi gorabehera horrela izan da. Astebururo bat, edo bi kontzertu. Asteburu gutxitan hartu dugu atseden.

 

Eta gorputzak etena eskatzen du? Ala neguan ere martxa horretan jarraitzeko asmoa duzue?

Atseden txikitxo bat hartuko dugu urtea hastearekin batera, eta otsailean kontzertuetara bueltatzeko asmoa daukagu. Zuzeneko berri bat prestatu nahi dugu eta horri ekingo diogu hilabete hauetan. Horrez gain, abesti berriren bat ere egin nahi dugu.

 

Zemat taldekide zarete? Batean eta bestean irakurtzen zenbaki desberdinak ikusi ditut eta. Batzuetan 14 eta besteetan 35.

Zuzenekoetan hamalau musikari eta teknikaria. Bagara batzuk, bai!

 

Eta nola demontre konpontzen zarete denok kontzertu egunean han egoteko?

Ba, konfiantza eta ohitura onak. Askotan, baten bat ez da heltzen probetara, baina gehienok han egoten gara dagokigun orduan. Nahiz eta beste zerbait dirudien, nahiko serioak gara. Batez ere teknikariengan eta lanean ari den jendearengan pentsatzen dugu; errespetua zor diegu. Tontakeriarik gabe. Auto ezberdinetan joaten gara, leku ezberdinetatik eta whatsappez koordinatuz. Ez gara ezer whatsappik gabe.

 

Manager enpresa bat ere hartu duzue, ezta? Koordinazio hori errazteko?

Bai bai. Bidean-eko lagunekin gaude eta izugarrizko lana egiten dute gauzak ondo joan daitezen. Aritzek asko laguntzen digu. Taldekideak bezala dira eta orain eurekin ari gara denboraldi berriko nondik norakoak pentsatzen eta negoziatzen.

 

Lizarrakoak zarete. Kontzertuak... Nafarroan batez ere? Ala harago ere heltzen zarete?

Batez ere Nafarroan mugitu gara aurten. Baina baita Araban eta Bizkaian ere. Agian, Gipuzkoan gutxien. Ea hemendik aurrera musikak nora eramaten gaituen. Gu ez gara geratuko eta leku guztietara pozik joango gara.

 

Udaberri eta udan, jaietan eta txosnetan egingo zenituzten zuzeneko asko, ezta? Aretoetatik ere pasatu zarete? Ala kaleko taldea zarete?

 

Gehienbat kalean jo dugu: txosnetan edo jaietan. Gaztetxeetan ere bai, nola ez. Hala eta ere, neguan areto gehiagotan ibiliko gara. Ez gara aretoetan asko jotzekoak, baina neguan hori tokatzen da. Hasi da managerra gauzak lotzen eta laster iragarriko dugu agenda berria.

 

Nola bururatu zitzaizuen Raimundo el Canastero sortzea eta runba edo flamenko erritmoetan mugitzea?

Lizarrako gaztetxeko urteurren batean jotzeko esan zioten Txarrori. Txarro gure gitarrista eta ahotsa da, eta garai hartan bakarrik aritzen zen. Gure taldeko beste gitarra-jotzailearekin aritzen zen: Canelón-ekin. Ni orduantxe Granadatik bueltatu berria nintzen. Urte bi neramatzan Granadan. Oso perkusiozalea izan naiz beti. Baina, nahiz eta erritmoetarako erraztasuna eduki, inoiz halakorik jo gabeko nintzen. Hala eta ere, kajoi flamenko merke bat erosi nuen eta saio horretarako hirurok batzea erabaki genuen.

 

Baina taldean gaur egun askoz gehiago zarete...

Bai bai. Pixkanaka joan gara batzen. Kontzertu horretarako ere jende gehiago etorri zen. Esate baterako, Julen Arbizu Senisa batu zitzaigun perkusioa jotzeko. Orain baterian ari da; Broken Brothers Brass Banden tronpeta jotzen du. Gurekin, ordea, bateria. Ander Markiaran ere baxuarekin etorri zen, eta engainatu genuen Oscar Flako Rey ere abestera etortzeko. Berez, inongo taldetan abestu gabekoa zen, baina sanferminetan kantatzen entzun genuen lagunartean eta runbak oso ondo abesten ditu. Azkenerako, sei-zazpi lagun batu ginen urteurrenerako eta oso ondo pasatu genuen. Itxuraz, jendeari ere gustatu zitzaion. Inertziaz gero eta kontzertu gehiago egiten hasi ginen eta haizeak sartu genituen taldea osotzen joateko.

 

Proiektua hazi eta hazi orduan...

Bai, hori da. Ondorioz, gauza berriak etorri ziren, abesti berriak, jende berria eta taldeari forma eman genion. Pandemia garaian pretentsio gabe sortu genuenak forma hartu du.

 

Eta izena kontzertu horretarako asmatu zenuten?

Gutxi gorabehera bai. Kontzertu horretarako Txarrok watssapp taldean jarri zuen izena da Raimundo el Canastero. Gero beste proposamen batzuk ere egon ziren, baina izen horrekin geratu ginen. Deigarria eta jostagarria deritzogu.

 

Ray Herediak eta Raimundo Amadorrek badute loturarik izenarekin? Herediaren abesti baten moldaketa ere baduzue euskaraz (Bizitzeko gogoa) diskoan.

Nik uste dut hortik atera zuela izena. Pata Negra zalea da oso, eta ni Ray Heredia zalea. Beraz, baietz esango dugu. Eta Canastero abizena gure izaerarekin bat dator. Ijito canasteroekin lotzeko erabili dugu. Leku batetik bestera joateko gitarra, kajoia eta gutxi gehiagorekin ibiltzen den kuadrilla.

 

Lehen kontzertu hartan zer jo zenuten? Nola aukeratu zenituzten abestiak?

Guztiak bertsioak izan ziren. Errazak, eta Txarrok eta Canelonek aurretik ere jo izan zituztenak: Los Delincuentes-en hiruzpalau abesti, C Tanganaren bateren bat, El Canelitak Morancosekin jotzen duen besteren bat, Los Chichosen bateren bat... klasikoak.

 

Gero, ordea, bertsioez gain, zuen abestiak konposatzen hasi zineten eta diskoa argitaratu. Senisa, Beltza eta zu aritu zineten diskorako abestiekin, ezta?

Hasiera batean, taldekide guztiok batzen ginen nire etxean. Aitonaren logelan, hain zuzen. Hala eta ere, zoramena zen hainbeste jende han batzea eta gu hirurok beti agertzen ginenez, ba hiruon artean grabatzea erabaki genuen. Nire anaia dj-a da eta aitonaren logelan estudio antzeko bat montatua zuen aspalditik. Aitona duela hamar bat urte hil zen. Ordenagailua eta bozgorailuak falta ziren soilik, anaiak eraman baitzituen etxetik joan zenean. Horiek eta piano midi bat erosi genituen, eta han hasi ginen sortze-prozesuarekin. Beraz, esan dezakegu nire aitonaren logelan grabatu genuela diskoa.

 

Apirilean argitaratu zenuten, ezta? Baina fisikoan ez da atera.

Hori da. Orain ari gara pentsatzen kopia gutxi batzuk ateratzea. Melomanoentzat. Nahi duzu bat? –barrez–.

 

Ezizenez betetako taldea zarete. Zurea Caete da. Nondik dator?

Nire aitona Cayo Viñaras deitzen zen eta nire herrian, Sorian, horrela deitzen diote gure familiari. Aita ere bertakoa da. Santa María de las Hoyas du izena gure familiaren herriak eta txiki-txikia da. 100 biztanle-edo. Han ‘los Cayo Caetes’ deitzen digute. Nolabait, omenaldia egin nahi nion aitonari: diskoa bere logelan grabatu genuen eta ezizena ere berea daramat. Aitona beti txapela buruan eta egurtxo zati bat ahoan zuela ibiltzen zen, eta gure musikak bera ekartzen dit gogora. Tradizioari omenalditxo bat.

 

Baina zuen diskoa musika tradizionaletik harago doa? Runba eta flamenkoa baino gehiago dauka? Egiari zor, diskoren izenean bertan aipatzen duzue hori: N.T.E.R. No Todo Es Rumba.

Hori da. Akaso, gu hiruok gara taldean musika urbano gehien entzuten dugunak, eta horrek eragina izan zuen kantak sortzeko prozesuan. Rap metal talde bat daukat nik; rapa, soula... betidanik entzun izan ditut. Nire anaia elektronika dj-a da eta horrek ere zipriztindu gaitu. Julen Senisa jazz musikaria da. Beti gaude, era berean, gauza berriak entzuten, garaikoak... eta, nahi gabe, era naturalean, mestizajea ateratzen zitzaigun. Era oso dibertigarrian. Ondo-ondo pasatu genuen sortze-prozesuan. Pretentsio handirik gabe sortu genuen eta uste baino askoz gehiago entzun da. Era berean, asmoa ere underground eran ateratzea zen, promozio gehiegirik egin gabe... eta badabil bueltaka. Hiruok lan gabe geunden grabaketa-garai hartan eta, gimnasiora joan beharrean, denbora-pasa, hau atera zitzaigun.

 

Diskoan elektronika ukitua eta autotunea ere sartu dituzue.

Anaia elektronika dj-a dela esan dut, ezta? Eta gainera diskoen masterrak egiteko ikastaro batzuk eginak ditu. Eragina hor dago. Autotunea ere bai. Ez gara oso onak abesten eta... –barrez–.

 

Eta orain zer?

 

Aspertzen hasiak gara abesti berdinak jotzeaz, eta zerbait berria egiteko gogoa dugu. Nik lehen asko gozatzen nuen zuzenekoez, baina orain akaso estudioko lana gehiago gustatzen zait, eta esango nuke Senisa eta Beltza ere antzera dabiltzala. Taldekide berriak batu zaizkigu eta eurek ere gauza berriak egin nahi dituzte. Abeslaria, Txarro, ere gauza berriak ekoizten ari da. Motibatuta gaude. Denbora falta zaigu soilik.

 

... eta bira berri bat?

Ea datorren urte amaieran disko berri potolo bat ateratzerik dugun. Bien bitartean, zuzeneko berria prestatu eta areto birari ekingo diogu.

 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.