Musika betidanik izan du bidelagun Mikel Bizar Huartek (Bilbo, 1972). Musikagintzan gaztetxoa zela sartu zen, eta ordutik ibilbide oparoa darama. Aurreko urteotan sormenari ateak eta leihoak ireki dizkio eta, bihotzean rock gogorra badu ere, bestelako doinu lasaiagoak landu ditu talde eta bakarlari moduan. Halere, heavy aldartea ez zaio inolaz ere apaldu. Luze eta zabal aritu gara harekin, kantatzeko errepertorio luzea duen gisan, kontatzeko ere asko duelako.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi
Argazkia: Josu Torrealday
Musikarekiko lotura etxetik datorkizu, ezta?
Horrela da, bai. Nire bi osaba abeslariak izan ziren. Amaren aldetik, Alex osabak ospea lortu zuen Los Distorsionados taldearekin. Alex nire lehengusu eta Idi Bihotz taldeko kide Ibanen aita da. Aitaren aldetik, berriz, Iñaki osabak korrido mexikarrak kantatzen zituen banda batekin. Horrez gain, Transportes Bizarra izeneko garraio enpresa bat zuen.
Aldiz, noiz murgildu zinen zu musikagintzan?
Hamazazpi urterekin elizako koruan sartu nintzen. Futbola zen nire lehentasuna garai hartan. Ondoren, lagunak, musika, familia eta ikasketak. Ordena horretan. Egia da ordurako letra batzuk idazten hasia nintzela, baina futbola utzi arte ez nuen serio hartu. Hogei urte inguru genituenean sortu genuen Idi Bihotz anaiak, lehengusuak eta hiruok. Orduan hasi nintzen seriotasun handiagoarekin kantak egiten.
Garai hartan zeintzuk ziren zure musika erreferenteak?
Bildumak gustuko nituen, max mix delakoak.1980ko hamarkadako disko musikarekin nahasketak egiten nituen. Kuadrillako neskek Hombres G gisako taldeak entzutera behartzen gintuzten. Nik, ordea, La Guardia eta Loquillo ezagutu nituen. Ondoren, Platero y Tu eta Barricada taldeak deskubritu nituen. Halere, egun batean nire musikarekiko zaletasuna zeharo irauli zen, walkman hartan Eagle fly free eta Twilight of the gods –Helloween taldearenak– entzun nituenean. Metallicaren Ride the lightning eta Iron Maidenen Powerslave diskoak ezagutu nituen ondoren. Baita beste hainbat talde ere: Skid Row, Guns N Roses, Poison, Motley Crue, Anthrax, Bon Jovi, Manowar... Dena dela, Helloween izan zen baldintzatu ninduen taldea. Oraindik nire bizitzako kanta da euren How many tears.
Beraz, rock gogorraren eta heavy metalaren esparruan eta azpi-generotan barneratu zinen?
Bai, horixe. 15 urterekin Errekaldeko institutura iritsi nintzenean, tximak luzatu zitzaizkidan. Hard rocka zen gehienbat entzuten nuena, baina berehala harrapatu ninduen power metalak eta thrash metalak. Betidanik gustuko izan ditut ahots melodiko, gozo eta atseginak.
Bi urte geroago sortu zenuen Idi Bihotz Gorka anaiarekin eta Iban lehengusuarekin.
Pixka bat lehenago hasi ginen musika tresnekin jolasten, baina itxurak egiteko baino ez ziren. Musikariak izatea zen gure ametsa. Horrelako batean, Idi Bihotz sortu genuen eta berriz ere bizitza aldatu zitzaigun. Euskal musika asko entzuten genuen: Exkixu, Latzen, Suta, Urtz, Kortatu, Negu Gorriak... Argi genuen gure bidea euskarazko heavy metala zela, baina hainbat talderen nahasketarekin: Poison, Bon Jovi, Iron Maiden, Pantera eta Metallica.
Lehen diskoa argitaratu ostean, hainbat elkarrizketatan gauza bera adierazi zenuten. Euskaldun berri batzuek euskaraz kantatzeko sortu zenutela taldea. Horrela izan al zen historia?
Bai eta ez. Euskal Herriko kontzertu guztietara joaten ginen garai hartan, eta gure hizkuntzaren eta kulturaren gainean hausnartu genuen. Guk ere gauza bera egin nahi genuenez, geure euskara indartzea erabaki genuen. Euskaltegian sartu nintzen lehen urratsa egiteko eta, batez ere, oinarri ona lortzeko. Hirugarren urratsera iristean eman nuen lehen elkarrizketa Euskadi Gaztean. Erronka handia izan zen niretzat. Familia erdaldunekoak ginen anaia eta biok, eta eskolan euskara ikasgai bat baino ez zen. Kuadrillako lagun guztiok egin genuen gauza bera, eta asteburuko mintzapraktikak oso dibertigarriak izan ziren. Oso harro gaude geure euskara indartu izanaz.
Su Ta Gar izan zen euskal heavyaren aitzindaria, eta Idi Bihotzek euskal heavyaren bigarren loraldiarekin bat egin zuen Asgarth eta Hira taldeekin batera. Lekua egin zizueten irrati formulan, tabernetan eta zuzeneko agertoki hainbatetan. Garai oparo eta ederra izan zen?
Sekulakoa. Gainera, pixka bat lehenago Oihuka diskoetxeak Latzen taldearen lehen diskoa kaleratu zuen. Horrek ere bidea ireki zigun. Horrela ere, denontzako lekua zegoen. Talde guztiok kontzertuak ematen genituen astebururo. Taberna batean ez bazen, gaztetxe edo areto batean. Hori neguan izaten zen. Udaberriko eta udako jaietan ere etengabe jotzen aritu ginen.
Euskal heavya moda gisa har genezake, urte horien ondoren gainbehera moduko bat izan zuelako. Batetik, beste joera batzuk agertu eta nabarmendu zituztelako hedabideek. Bestetik, heavyak berak interesa galdu zuelako gazte belaunaldien artean. Ados zaude?
Bai. Estiloak jarraitzaile sutsuak zituen, baina gazte belaunaldi berriek beste estilo batzuk jarri zituen modan; skacore dantzagarria haize instrumentuekin. Betagarrik modan jarraitzen zuen, pentsa. Rockak eta ska korronte horrek heavy metalaren moda desegin zuen. Bonbo bikoitza eta abiadura galdu zituzten gerora agertu ziren metal talde alternatiboek, heavy metal klasikoak utzitako hutsunea betez. Kauta gisako taldeak sortu ziren. Gainera, Euskadi Gaztearen funtzionamendua aldatu zen. Ez txarrera eta ez onera ere. Zeharo aldatu zen eta heavy metalak ez zuen lekurik. Guk, ordea, geureari eutsi genion.
Idi Bihotzen paraleloan, Flyin' Freak proiektua sortu zenuten, power metala ingelesez kantatu eta jorratzeko. Euskarazko abenturaz aparte, horrelako beste egitasmo bat aurrera eramatea erabaki zenuen. Zergatik?
Idi Bihotzekin urtebeteko oporrak hartzea erabaki genuen. Zortzi urte gelditu gabe aritu ginen diskoak argitaratzen eta kontzertuak ematen. Atsedena hartzeko beharra sentitu genuen. Arnasa hartu eta indarberrituta itzultzeko egin genuen etenaldia. Taldekideen artean inoiz baino harreman hobea genuen. Horregatik, Albaro bateria-jotzaileak, Gorka anaiak eta hiruok Flyin'Freak banda sortu genuen. Ingelesezkoa izatea nahi genuen, eta gurekin bat egin zuten Jimy teklatu jotzaileak eta Pedro Hermosilla Aitite gitarristak. Sofa erosotik altxa eta presiorik gabe musika sortzen jarraitu genuen. Espainiar estatu osoan barrena ibili ginen kontzertuak ematen. Berrogei bat izan ziren, eta harrera ona izan genuen. Bigarren disko bat atera izan bagenu, akaso ibilbide luzeagoa izango genuen. Esperientzia ikaragarria izan zen guretzat. Dena dela, Idi Bihotzekin aurrera egitea erabaki genuen, eskuartean Odola Sutan diskoa genuelako, gure lanik helduena.
Idi Bihotz eta Flyin' Freak apalduta, urtetan itzalean jarraitu zenuen, konposatzen. Eta halako batean, Jare rock banda azaleratu zenuen. Hau ere Gorka anaiarekin batera. Zerk bultzatu zintuen proiektu hori sortzera?
Musikan jarraitzeko gogoak. Ez genuen gelditu nahi, inertzia horrek betetzen zituen gure bizitzak. Jare taldearekin hard rockaren munduan sartzeko asmoarekin atera genuen lehen diskoa. Jagoba Ormaetxea gitarristarekin hasi ginen itzalean lanean. Itzalean diot Haritz Harreguyrekin grabatu genuelako. Idi Bihotzen soinutik aldendu nahi genuen, eta baita lortu ere. Egia esan, pop kutsuko diskoa geratu zitzaigun, baina oso polita. Bigarren diskoa Jagobarekin grabatu genuen, eta hard rock kutsu handiagoa hartu zuen. Jarek ez zuen espero izandako arrakasta lortu. Kontzertu batzuk eman ondoren, Jagobak taldea utzi zuen TAOM grabazio estudioa sortzeko Karlos Trijueque ikus-entzunezkoen adituarekin. Sekulako taldea sortu zen Jareren inguruan. Jagobaren lekua Pedro Hermosillak hartu zuen, kontzertu batzuk emateko. Ondoren, hor geratu zen banda gaur arte. Ez dugu zeharo utzi, baina ez dugu ezer egin berreskuratzeko. Abesti polit batzuk utzi ditugu legatu gisa.
Horrela ere, etengabe sortzen aritu den musikaria izanik, goiz edo beranduago proiektu berriren bat aurkeztuko zenuela argi zegoen. Horrela iritsi zen Auritz. Beste taldeen aldean, oinarri desberdin bat eta ertz asko dituen egitasmoa dela esan genezake. Onena izango da zuk zeuk azaltzea zer den Auritz.
Berriz ere heavy metala jorratzeko gogotik sortu zen Auritz. Halere, motibazio osoz aritzeko ikuspuntu soziala izatea ezinbestekoa zen niretzat. Gorkak eta biok ia hogei urte daramatzagu autismoa duten pertsonekin lanean. Familiak ezagutu ditugu, eta haien hitzak entzun ditugu. Beraien ahotsa altxatu nahi genuen musikaren bidez. Familia batekin elkartu nintzen istorio bat idazteko, eta istorio horri musika jartzea erabaki genuen. Entsegu lokalean elkartu nintzen Gorka, Kapi, Ibon eta Jorge musikariekin Auritz errealitate bihurtzeko. Nik emandako ideiekin hasi ginen egiturak eta pasarteak sortzen, liburuarekin, istorioarekin bat eginez. Talde moduan konposatuz sekulako diskoa egin genuen.
Estreinako emaitza hori 2018an kaleratu zenuten: Laino eder hori liburua eta diskoa. Euskarazko heavy/power metalera itzuli zinen, istorio konprometitu batetik abiatuta. Gainera, musika eta literatura uztartzea erabaki zenuen. Zure ibilbideko proiektu aberatsena dela esan genezake?
Zalantzarik gabe, bai. Maila pertsonalean, horrelako zerbait behar nuen. Neure buruari erronka hori jarri nion, zentzumen guztiak bat eginda sortzeko. Ez dut neure burua idazle gisa ikusten, baina abeslaria ere ez naizela esango nuke...
Zer nolako harrera izan zuen musikazaleen eta autismoarekin lan egiten duten profesional zein interesatuen artean?
Itzela, baina... Alde batetik, ederra da istorioa, ederrak dira atera genituen bideoklipak. Bestetik, ordea, musika ez da entzule guztientzako modukoa, Kapiren ahots ilunak eta bonbo bikoitzak ez du horren erraz bat egiten metalzale ez direnekin. Beraz, mezua zabaldu genuen, baina publiko jakin batengana iritsi zen. Alde batetik, heavyei, eta, bestetik, autismoarekin zerikusia duten pertsonei.
Azkenik, iritsi gara orainera, zure musikagintzaren ibilbidea ahalik eta ondoen laburbiltzen saiatu ondoren. Laino eder hori istorioaren bigarren zatia aurkeztu duzu aurten: El amanecer del fuego negro. Gainera, oso bestelako erregistro batean aritu zara; bakarlari moduan, Bizar izenpean eta gaztelaniazko pop-rocka eginez. Zergatik?
Arrazoia azaldu dut. Mezua zabaltzea da asmoa, eta horretarako beste erregistro bat bilatu dugu. Gaztelaniazko letrak eta doinuak sortu ditugu. Ez du zerikusirik Auritz bandaren proposamenarekin. Ni besterik ez naiz, bakarlari moduan. Pop eta rock kutsuko kantak dira, nire musikagintzaren parte ere badirenak. Jagobarekin sekulako diskoa sortu dut, eta Down sindromeari ikusgarritasuna eman diogu. Bideoklip sentiberak egin ditugu, eta musika entzungarria publiko zabalarentzat. Mezua zabaltzeko formula onena da. Dena dela, ez naiz honekin konformatuko, helburua eta oinarria aipaturiko mezua zabaltzea delako. Eta zein da mezua? Aniztasuna, inklusibitatea, osasun mentala... Errealitate horietan oinarrituta konposatu dut. Bakarkako diskoa Bizar gisa kaleratu dut, baina Auritz izango da haren jarraipena. Hau da, liburua eta diskoa euskara hutsean. Istorioa berbera da, baina heavy metal soinu bandarekin.
Bestelako osagaiak ere baditu zure egitasmo berriak. Dantza, adibidez.
Dantza inklusiboa, zehazki. Biarte akademiak bat egin du Down sindromearekin. Yoli Palacios dantzariak eta hezitzaileak sortu ditu dantzak.
Trilogia baten bigarren atalean zaude, ezta?
Hori da. Trilogia bat irudikatu genuen hasieratik. Lehen atala autismoari eskainitakoa da. Bigarren atala Down sindromeari, eta, hirugarrena osasun mentalari. Enpatiaz eta errespetuz eraikitako proiektua da.
Hain zuzen ere, Auritz taldearekin Su Beltzaren Egunsentia bigarren diskoa kaleratuko duzue. Zer aurreratu zenezake?
Idi Bihotz eta OST taldeen nahasketa itzela iruditzen zait. Late To Scream bandan ibilitako Oier bateria-jotzaileak abiadura eman dio proiektuari. Diskoa datorren urte bukaera aldean argitaratzeko asmoa dugu. Halere, abesti batzuk aurreratuko ditugu lehenago.
Atalez gain, egitasmoaren bi zutabe edo hanka aipatu ditugu. Hirugarren bat ere omen dago. Haurrei zuzenduriko musika, ezta? Bai. Esan moduan, oso proiektu zabala izatea nahi dugu. Haurrengana ere hedatu nahi dugu mezua. Liburu bat idatzi ordez, ipuin sorta bat izango da, bakoitza bere kantarekin.