entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-02-22

Marina Beheretche

MUSIKA EGOKIA UNE EGOKIAN


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Ipar Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoaren lehen biolina, eta Lapurdiko Maurice Ravel kontserbatorioan irakasle. 38 urte eta curriculum bikaina, nagusiki Tolosako (Okzitania) Ganbera Orkestran bi hamarkadatan zaildua. Eusko Ikaskuntzak Gazte Saria aitortu zion urte hasieran, musika klasikoa eta euskal musika tradizionala uztartzeko egindako lanagatik. Izan ere, bi mundu horiek markatu dute, txikitatik, Marina Beheretche baionarraren identitate kulturala. Hainbat urtez bata eta bestea txandaka jotzen aritu ondoren, “ezinbestekoa” bilakatu zitzaion biak uztartzeko modua aurkitzea: “Desioa baino gehiago, beharra zen”, dio. Eta ezinegon horretatik sortu ziren, hain justu, Lau Sasuak (2017, Vivaldiren Lau Urtaroak kontzertuen moldaketa) eta Aztarnak (2021, musika barrokoaren eta herrikoiaren fusioa) egitasmoak.

 

Testua: Igone Mariezkurrena
Argazkiak: Stéphane Hardoy

Ezekiel kolektiboa osatzen duzu Aude Fade, Emmanuelle Bacquet eta Vincent Planès musikariekin batera. Eta haiekin borobildu zenuen Aztarnak. Zergatik eurekin?

Auderekin duela ia hamabost urte hasi zen historia, hari laukote baten barruan. Geroago Emmanuelle batu zitzaigun eta elkarrekin lan handia egin dugu, baita atzerrian ere. Irakasle bikainekin hartu ditugu eskolak, naziortean lehiatu gara… oroitzapen asko partekatzen ditugu eta elkarrekin jotzea maite dugu. Duela sei urte Vincent Planès piano-jotzailearekin bat egin genuen Ezekiel laukotea sortzeko. Musikari zoragarriak dira, eurekin gauzak sinpleak eta begibistakoak dira, eta gure soinuek, puzzle bat balira bezala, elkar osatzen dute. Benetako plazera da errepertorio guztiak haiekin partekatzea… ulertuko duzu ezin nuela imajinatu Aztarnak proiektua haiek taldean izan gabe!

 

Bigarren osagaia, euskal musika herrikoia alegia, Mixel Etxekoparrek, eta Paxkal Indo eta Paxkal Chabaño txalapartariek ekarri dute; Lau Sasuak egitasmoan ere hala izan zen. Gustura aritzen zareten seinale!

 

Zer azpimarratuko zenuke bakoitzari buruz?

Paxkal eta Paxkalin, txalapartan, Ying eta Yang bezalakoak dira, elkar inspiratzen dute bat-batekoan. Leuntasuna eta basakeria ekartzeko gai dira, bakoitza behar den neurrian. Bi elektroi aske dira! Hain zintzoak, hain eskuzabalak… iragazkirik gabe ematen dute musika. Mixelek bere poesia ekartzen digu; bere inspirazio ia jainkotiarra, fintasun hori, eromen gozo hori! Bere presentzia hutsez elikatzen gaitu, egiten dituen soinuekin, otzantzen duen haizearekin… pertsona berezia da… aingeru batekin alderatzen dut, zalantzarik gabe. Artista sinestezina da, zinez. Hiruen artean animaleko energia ekartzen diote egiten dugun musikari; oso lurrekoa, baina dimentsio espiritual aberatsa duena ere. Zer gehiago?

 

Nola gauzatzen duzue nahasketa hori? Zein izaten da abiapuntua eta nola garatzen duzue?

Hasieran, etortzen zaidan ideia bat besterik ez da izaten: unibertso bat, gai bat, soinuak… eztabaida batean nagoelarik etor daiteke, edo bakarrik nagoelarik. Gero, ezagutzen ditudan edo imajinatzen ditudan obrekin egiten dut lotura. Pittaka-pittaka gauzek forma hartzen dute nire buruan; zubiak eta nahasketak sortzen ditut. Gauzak guztiz muntatuta direnean, proiektuak bere forma hartuta, musikariekin eta Kolektiboko artistekin hitz egiten dugu behin eta berriz aberasteko. Hasierako ideiatik, osatu arte, urtebete pasatu daiteke; batzuetan bi…

 

Maiz esaten duzu publikoak beldurra diola topaketa horri, musika-estiloen arteko mugak hausteari. Zertan antzematen duzu? Jendeak aurreiritziak ditu ezagutzen ez dituen gauzei buruz. Musika klasikoko kontzertuetara joaten den publikoak ikuspegi negatibo samarra izan dezake musika herrikoiaren inguruan. Guztiek ez, noski! Zorionez! Baina batzuek pentsatzen dute dantzarako, abesteko, parrandarako musika arina dela, baserritarrentzako pentsatua. Eta, beste aldetik, musika tradizionalaren publikoak ikus dezake musika klasikoa serioegia, zeremoniatsua, zaharkitu samarra eta murriztailea dela. Kontuz! Ez dut esaten denek horrela pentsatzen dutenik. Eta aurrejuzku eta ideia faltsuak dira, jakina.

 

Baina, errefusa ez alda bereziki azken norabide horretan gertatzen?

Bai, hain zuzen ere kontzertuen izaera zeremoniatsu horrengatik, gutxi ezagutzen diren errepertorioengatik eta, batzuetan, irisgarritasun faltagatik.

 

Adin tarte guztietan ikusten duzu hori ala bereziki ume eta gazteen artean? Guztietan. Haur eta gazteek, preseski, halako aurreiritzi gutxiago dituzte.

 

Gaur egun, zein dira musika klasikoaren zirkuituak eta plazak? Orkestrak eta musikari klasikoak publikoarengana hurbiltzeko saiakera egiten ari gara, leku intimoagoetan eta atipikoagoetan jotzen. Esate baterako, Iparraldeko Orkestrarekin, kontzertu-aretorik ez duten Ipar Euskal Herri barnealdeko herrietara joaten gara, eskoletan heziketa-jarduerak egiten ditugu… haurrak, zahar-etxeetako eta zentro espezialduetako egoiliarrak gonbidatzen ditugu entseguetara… Bestalde, Ezekiel Kolektiboarekin partekatze-egitasmo ugari burutzen ditugu, pop artistekin batera zenbaitetan, ospitaleetan, haurtzaindegietan, edota jendearen etxeetan kontzertuak proposatuz.

Eta, zein plaza berri konkistatu beharko lituzke musika klasikoak?

Nire idealean, jada ez legoke musika estiloen arteko mugarik. Herriko jaietan eta jaialdi handietan orkestra sinfonikoek eta klasiko taldeek ere ongi etorria jasoko lukete, rockak, elektronikak, musika herrikoiak edota popak bezalaxe. Oso ona litzateke artista eta musikazale horiek guztiek elkarrekin gozatzea!

 

Nahasketa zure egoera naturala da, umetan, etxean, aita eta aitatxirenganik askotariko musika jaso zenuelako. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa eta zertan baldintzatu zuen zure izaera? Aitaren kontzertuetara joaten nintzen maiz; eta aitatxi entzutera ere bai, batzuetan. Estiloak askotarikoak ziren, baina denak entzutea, abestea eta dantzatzea gustatzen zitzaidan. Gurasoek beste talde batzuk ikustera ere eramaten ninduten, beti ospakizun giroan. Musikagintzan gertatzen zen guztiarekiko jakinmina genuen etxean, klasikotik hasi eta rockera, jazza eta reggaea barne. Ez zegoen musika handi edo txikirik. Musika egokia zegoen une egokian. Pentsamolde horrek askotariko estetiketara irekitzeko aukera eman dit, musikan bizitzeko. Bazegoen, bestalde, niretzat oraindik kontzeptu oso garrantzitsua den zerbait: lana. Aitak asko entseatzen zuen eta denbora luzez aritzen zen konposatzen. Aitatxik ere asko lantzen zuen bere musika-tresna. Gurasoek lanaren balioa irakatsi zidaten, eta horrek etorkizunerako eraiki ninduen. Biolina tresna oso zaila da; seriotasun eta zorroztasun handia eskatzen du lanean. Gaur egun oraindik asko lantzen segitzen dut, eta ikasleei ere hori bera helarazten diet.

 

Baina, nolabait, beste musikari askok egin duten ibilbidearen kontrakoa egin zenuen: munduko musikak entzunez hazi izan zinen eta gerora, ordea, kontserbatorioko ikasketak egin (Baiona, Musikene, Tolosa) eta musika klasikorantz zuzendu zenituen pausoak. Zergatik norabide hori eta ez bestea?

Era guztietako musikak jotzea gustatzen zait, baina aitortu behar dut gehien hunkitzen nauena klasikoa dela. Harmoniak eta doinuak maite ditut, izatearen barru-barruan ukitzen naute. Musika herrikoiak ere baditu halakoak, baina klasikoarenak infinituki aberatsagoak eta anitzagoak dira. Popa jotzen dudanean, giro bat sortzen saiatzen naiz, aldartea eta poza pizten, energia zabaltzen, ikusleen artean batasuna sortzen. Musika klasikoa jotzen dudanean, aldiz, neure burua oparitzen dut, sakonean naizen hori agerian uzten dut, hitzez esan ezin diren gauzak… eta musikak ere hori eragiten du publikoarengan: sakoneko hori, intimoa, esnatzen da pertsona bakoitzaren baitan. Laburbilduz, pop musika talde-kirolen antzeko zerbait da, jendea batu eta elkartzen du. Musika klasikoa, berriz, emozio sakon eta intimoak eragiten dituen bakarkako kirol bat bezalakoa da; eta beharbada horregatik da zailagoa sartzea… barne-bidaia bat egiteko prest egon behar duzulako. Musika egokia une egokian… hortara itzultzen gara beti. Nolanahi ere, bide klasikoa aukeratu nuen errepertorioa amaigabea delako, elikatzen nauten emozio asko dakartzalako.

Ni ere 1985ean jaiotakoa naiz, eta oroitzapen oso txarra dut kontserbatorioko solfeo eta ganbera orduez. Nolako oroitzapena duzu zuk? Gaixoa… badakit haur askorentzat zaila dela… Niretzat plazera izan da beti. Uste dut irakasle bikainak ukan ditudala!

 

Musikaren pedagogia horretan, ezertan hobera egin al dugu iragan urteetan? Ez dakit. Betidanik irakasle hobeak eta txarragoak izan dira. Baita hobeto eta okerrago moldatzen diren pertsonak ere!

 

Eta zertan hobetu behar dugu oraindik? Kontserbatorioetan musika estilo gehiagotara ireki gintezke. Beharbada, ikasleek plazer handiago hartuko lukete eta agian gutxiago aspertuko lirateke. Gainera, haur eta gazteak musika klasikotik aski hurbil sentitzen dira… emozio intimoen beldurrik ez dutelako agian?

 

Baduzu beste proiekturik begi aurrean?
Bai, baina oraindik sortze-prozesuan dira, beraz, ez dut deus aipatzen ahal!

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.