entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-02-22

Katza

TONU MAGIKOAREN BILA

Musikaren historian, sarritan esan izan dute artista jakin bat bere garaira aurreratuta bizi izan dela. Ahoberokeria eta topiko handi samarra dela onartu arren, Ekaitz Katza Aiarzaguenaren izaeraz eta ibilbideaz pentsatzean ez zait esaldi egokiagorik etortzen burura. DJa, Mix sortzailea, klub ekitaldien antolatzailea (tartean Paraleloan izeneko saio mitikoak) eta, berak ezin hobeto dioen bezala, “preskriptore” musikal jakitun, zorrotz eta beti zirraragarria; Euskal Herrian musika elektronikoaren historia oso bestelakoa litzateke bera gabe. Askoz aspergarriagoa, zalantzarik gabe.

 

Testua: Antton Iturbe
Argazkia: Penelope Cerezo

Zeintzuk dira zure lehen oroitzapen musikalak eta zure gustuko lehen artistak?

Txikitatik izan dut musikarekiko obsesioa. Orduak eta orduak ematen nituen nire ama eta izebaren diskoak entzuten ikastola garaian. Gogoan dut, baita ere, nire lehenengo CDa erosi nuen unea. Durangoko Diskabi dendan izan zen, Negu Gorriak-en Borreroak baditu milaka aurpegi hain zuzen. 11 urte nituen orduan. Geroago, 1995ean, ni baino zaharragoak ziren ezagun batzuek Eibarko kiroldegira eraman ninduten nire bizitzako lehen rock kontzertura: Negu Gorriak, Deabruak Teilatuetan eta Dut. Hurrengo astean bertan erosi nuen Dut-en lehenengo lana, kasetean. Ez diot ordutik diskoak erosteari utzi.

 

Noiz eta nola erabaki zenuen musikagintzan jardungo zinela? Epifania modukoren bat?

Nerabezaroan punk ingelesak obsesionatu ninduen. Gogoan dut, atzo balitz bezala, 18 urte nituela lagun batekin Bartzelonara, Tallers kalean zeuden disko dendetara, egindako ihesaldia. Gero Dirties taldea sortu genuen, punk-rock banda bat. Bost bat urtez jo ta su ibili ginen Euskal Herriko gaztetxeetan. Epifania moduko momentu bat izan bada nire bizitzan, eta garai hartan izan zen. Izebari kendu nion David Bowieren Ziggy Stardust kasetea Egoitz lagunaren kotxean entzun genueneko hura. Orduantxe ulertu nuen punkak forma asko hartzen dituela, eta horiei guztiei erreparatzen urteak pasatu nituen harrez geroztik. Nire bilakaeran bete mugarri garrantzitsu bat: 25 urte nituenean Londresera bizitzera joan nintzenekoa. Musika elektronikoaren bidez beste hamaika bide ireki ziren niretzat, gaur arte.

 

Alde anitzeko pertsona zara. Alde batetik, Katza DJ-a, Klub eszenan saioak egiten dituena. Bestetik, Katza musika sortzailea, edo gutxienez mix sortzailea (beste artista batzuen lana aukeratu eta nahastea artelana den ala ez eztabaidan sartu gabe, eta aldeko iritzia dudala onartuz). Eta azkenik, Katza ekimen-antolatzailea: Paraleloan eta abar. Hiru zutabe horien ondoan laugarren bat jartzera ausartuko nintzateke: Katza aditua edota musikaren gaineko pentsalaria. Zure iritziak, gomendioak eta zure ikuspegi musikal berezia asko preziatzen ditut.

Tira, dena da bat. Musikaria izan nahi nuen, eta ahalegindu nintzen. Urte batzuk eman nituen musika elektronikoa egin nahian, baina egiten nuen guztia gorrotatzen nuen. Orduan, egun batez, zera esan nion nire buruari: “Katza, zu besteen musikari erreparatzen zara ona, horrek egiten zaitu zoriontsu, utziozu ahalegintzeari”, eta berehala lasaitu zen nire urdaila. Ordutik horretan nabil: musika egitea ekiditen eta besteen musikak entzuten. Nolabait, nire egungo alderdi guztiak, preskriptore lanaren inguruan dabiltza. Gaztetan CDRak grabatzen nizkien lagunei musika berriak ezagutarazteko. Eta orain, mixak grabatu, edo gauak programatu, edo diskoteka batean pintxatzen dut. Dena da gauza bera niretzat: jendeari maite dudan hori helaraztea.

 

Nola kudeatzen dituzu alderdi horiek guztiak eta, helburu eta jarrerari dagokionez, zein ezberdintasun ikusten duzu euren artean?

Bakoitzak bere berezitasunak ditu, nola ez. DJ bezala ere, ez da gauza bera eguneko ekitaldi batean jendea eserita dagoela musika jartzea, edo Dabadaban goizeko 04.00etan musika jartzea. Egoera bakoitzerako proposamen aproposak eramaten ahalegintzen naiz. Mix bat grabatzerakoan, denbora asko ematen dut tonuaren bila, eta berau kanta bat edo kontzeptu bat izan liteke. Helburua beti da berbera: maite ditudan garai, estilo eta lekuetako soinuak era koherente eta berri batean aurkeztea. 

 

Nola bilatzen duzu mix baterako inspirazioa? Zein da irizpidea? Eta prozesua?

Aipatu dudan tonu hori da garrantzitsuena. Detroiteko technoaren track batean edota Dub B alde batean tonu edo intentzio bera aurkitzea gustatzen zait. Nire buruan zentzua duten gauzak dira. Gustuko dut hari horietatik tiratzea, eta nire buruari mugak jartzea. Adibidez, nire buruari esaten diot: “Ea energia konkretu hau duten beste 12 kanta aurkitzen ditudan”. Eta lanean hasten naiz, diskoak entzuten edo YouTuben arakatzen. Hari horiek bilatu eta jorratzeko, asko pentsatzen dut kantek atxikita daramaten asmoan edo energia ezkutuan.

 

Ez zara oso emankorra. Zergatik ez? Denbora faltagatik da soilik, ala mix bakoitzak bere lana, mimoa eta dedikazioa eskatzen dituelako?

Tira, ez naiz honetatik bizi eta, beharbada, ezinezkoa litzaidake gainera. Ez dakit nire erritmo hau arina ala geldoa den, baina nirea da. Gustatzen zaidan zerbait proposatzen badidate, denbora dezente ematen dut prestaketan. Momentuan interes berezirik ez badut, ezetz ere esaten dut, sarri; bai elkarrizketei baita DJ saio edo dena delakoei ere. Egunero nabil emozionatuko nauen zerbaiten bila eta, zentzu horretan, nire praktika artistikoan emankorra naizela esango nuke. Kalera begira beste zerbait da, hori bai; horretan oso ondo neurtzen dut zenbat eman nahi dudan. Batzuetan inertziaren kontra egin behar dut hau guztia ez gorrotatzeko.

 

Paraleloan ekimena martxan jarri zenuen garaitik hona bilakaera handia egon da musika elektronikoaren eta kluben alorrean. DJen teknika eta jarrerak, entzulegoa bera, eszena osoaren antolakuntza, eskaintza eta edukiak... dena aldatu da. Zein da zure ikuspegia?  

Egoitz Pomares eta biok 2012an Paraleloan abiatu eta musika elektroniko gauak antolatzen hasi ginenean, premisa oso sinple batetik egin genuen. Guk Madrilera edo Bartzelonara joan behar izaten genuen gustatzen zitzaizkigun DJak ikustera. Rockarekin ez zen hori gertatzen, bazegoen hemen eszena bat edo, industriakoek esaten duten bezala, zirkuitu bat. Guk horixe bera nahi genuen musika elektronikoarentzat. Mugako festibala ez zen existitzen oraindik, ezta Sonora, Stereorocks, Dabadaba ere. Musika elektronikoa periferiako diskotekei lotuta zegoen gehienbat: Txitxarro, Itzela, Pagoa, eta abar. Guk, ordea, hirietako dinamiketan integratu nahi genuen; 10€ ordaindu eta Londresko DJ on bat ikusi ahal izatea. Ez dut esan nahi gaur arteko bide berri baten aitzindari izan ginenik, baina hutsune hori betetzeko aletxoa jartzen saiatu ginen, aurretik eta geroago beste askok egin izan duten bezala. Gaur egun oso aberats ikusten dut DJ eszena. Soinu eta joera desberdinak oso era naturalean bizi dira elkarren ondoan, eta publikoak askotariko estiloak ditu eskura. Harritu egiten naiz soilik 11 urte pasatu direla konturatzen naizenean.

 

Klub eszenaren baitan, Paraleloan inflexio-puntu modura ikusten dut, bai edukin eta espazio aldetik, eta baita publiko aldetik ere. Ordura arte unibertso horrek ez ninduen batere erakartzen (edo bertakoak ez behintzat, agian ezjakitasunagatik edota elektronikak gurean jasan duen zokoratzeagatik... beste eztabaida luze bat!) Baina, Paraleloan-en lehen ekintzaz jakitean, interesa piztu zitzaidan bat-batean. Posible litzateke gaur berriz Paraleloan egitea? Eta, hala balitz, zer aldatuko zenuke eta zer egingo zenuke modu berean?

Beharbada, gaur egun, Paraleloan bezalako ekimen bat ez da hain beharrezkoa. Dena den, badago zerbait guk mahaigaineratu nahi izan genuena, eta aukera estetiko batetik harago doana: Gure gauak ilunak ziren, argi gabe uzten genituen aretoak eta kez betetzen genuen lekua. Han gertatzen zena ikusteko bertaratu egin behar zenuen, ez genuen bideorik grabatzen, ezta argazkirik ateratzen ere. Sare sozialak kartela iragartzeko soilik erabiltzen genituen. Nolabait, bagenekien zerbait magikoa genuela esku artean, eta magia hori mantentzen esfortzu galanta egin genuen. Dena esperientziaren inguruan zegoen eraikia. Badaude horrelako ekimenak orain ere, dudarik gabe, baina DJen egungo bilakaeran bidean zerbait galdu delakoan nago. 

 

Polemika puntu bat edo eztabaida pittin bat sortzeko asmoz esango dut hau: Donostiako Dantz festibala Gasteizko Mugako-ren oinordekoa da ala gauza ezberdinak dira? Nire iritziz, funtsean ezberdinak dira. Dantzek ez nau modu berean erakartzen eta ez dut aukeraketa lan sakonik edota irizpide garbirik antzematen. Mugako galtzea pena handia da, eta Dantzek ez du hutsune hori bete. Zer diozu?

Egia esateko, festibalak ez zaizkit asko gustatzen. Mugako gauza oso espezializatua zen, technoaren inguruan eraikia eta technoaren jarraitzaileei begira egina. Dantz beste zerbait da, eklektikoagoa, ia entretenimenduaren mundutik sortua balego bezala. Argi dago leku oso desberdinetatik pentsatu dituztela bata eta bestea. Dena den, oso planifikatuta dauden gauzak ez zaizkit gustatzen, infantilizatu egiten nautela iruditzen zait. Gustatzen zaidana zera da: jendea, ostiral arratsaldean Bilbon poteoan dabilela, apur bat gehiegi ‘liatu’ eta diskotekara joatea, ez duelako etxera joan nahi edo ezin duelako. Eta Bertan DJ bat egotea, Santutxukoa zein Melbournekoa, leku horrek musika behar duelako, eta DJ horrek bizitza aldatuko dizun sesio bat ematea bat-batean. DJa gaueko organigrama horren parte bezala ulertzen dut. Gaueko langile bat, alegia. Egun, badirudi denak beraien inguruan egiten duela bira, eta rock kontzertu bat bezala kontsumitzen dira DJ sesioak. Lehenago aipatu dudan bezala, inertziak oso indartsuak dira, eta gauzak apur bat magiko mantentzeko esfortzua egitea ezinbestekoa da, baita noizean behin autosabotajera iritsi behar baldin badugu ere.

 

Bukatzeko, zure lan berriaz aritu nahiko nuke. Crystal Mine zigilurako egin duzun 5th Anniversary kasetea, hain zuzen. Izugarri gozatu dut!

Gustu handiz hartu nuen Crystal Minek eskatutako lan hau. Asko miresten dut zigilu hori, eta ohore bat izan da euren bosgarren urteurrenean kasete batekin parte hartzea. Hilabete luzez egon nintzen lan honi nola aurre egin, zein tonu erabili, jendearengan zein emozio piztu nahi nituen eta abar pentsatzen. Pozik nago emaitzarekin. Helburua betikoa zen: leku eta garai desberdinetako musikak nahastuz zerbait berria, narrazio bat edo irudi mental bat edo esperientzia bat sortzeko gai izatea.

 

Epe motzera, ze beste proiektu duzu esku artean?

Pare bat ideia daukat buruan, baina oraindik ezin ditut aipatu, zorte txarrari ez deitzeko. Baina esan dezaket Eremuak-en baitako Harriak ekimenean parte hartuko dudala. Zumaiako Oxford zentroan egingo duten erakusketa kolektibo batean izango da, beste bi artistekin.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.