Aurkezpen berezirik behar ez duen artista da Lide Hernando Muñoz (Donostia, 1991), aurreko urteotan Liher taldean ezagutu duguna, batez ere. Baina musikan bestelako kontuak ere egin ditu, Ispirit Gospel taldean aritu da edota filmen soinu bandak abesten ere entzun dugu aurtengo Donostiako Zinemaldiaren aitzakian. Antzerkiaren eskutik antzokietara ere egin du salto eta telebistan ere ikusi dugu, herriz herri, kanten xerkan. Baina, orain, bere proiekturik pertsonalena aurkezten hasi da: , 2024an erabat publiko egingo den Bele proiektua. Donostiako Aiete auzoko kafetegi batean elkartu gara Hernando eta biok.
Testua: Iker Gurrutxaga
Argazkiak: Iratxe Etxeandia
Toki arraro batean elkartu gara.
Toki berezi batean esango nuke nik, bista ederrak dituena.
Parke horretan ibili zara?
Bai, noizean behin paseotxo bat eman dut. Donostia inguruan baso batean ibiltzea bada berezia, baina ez da nire habitata.
Hor bada toki zoragarri bat, anfiteatroa. Amestu duzu sekula bertan kontzertu bat ematearekin?
Bai noski. Nik uste, donostiar artista guztiek bezala. Ez dakit zergatik ez duten gehiago erabiltzen anfiteatroa, baina hortxe segiko du, usteltzen. Belerekin, akaso estrenatu dezakegu.
Hor showa egon daiteke.
Noski. Hasi naiz dagoeneko irudikatzen.
Noiz eta nola hasi zinen musikan?
Kasualitatez-edo hasi nintzen, baina uneren batean edo bestean hasiko nintzen ziur, etxean txikitatik abesten nuelako eta sekulako lata ematen nuelako. Baina haiek ez ninduten sekula bultzatu horretara, “la niña cantando y en sus cosas” [umea kantari eta bere gauzetan] esaten zuten. Ba, behin, Staaf tabernan ginen lagunak, arratsaldez, pote bat hartzen, eta kanta-lehiaketa bat egingo zutela irakurri genuen. Lagunak adarra jotzen hasi zitzaizkidan, baina aldi berean izena emateko animatzen… eta azkenerako izena eman nuen. Karaoke lehiaketa moduko bat zen, hiru asteburutan banatuta. Ba, erronda parea gainditu, finalera iritsi, eta hirugarren izan nintzen bertan.
Esan dezakegu, hortaz, Lide Hernandok ere hartu duela parte talent show batean parte.
Bai, eta inoiz ez dut kontatu hau jendaurrean. Ba, hirugarren geratu nintzen, eta gazi-gozoa izan zen sentimendua. Izan ere, hirugarren geratu nintzen baina ez nintzen irabazteko gai izan. Ba, epaimahaiko bat etorri zitzaidan eta esan zidan bere lagun baten proiektuarekin ondo ezkontzen zela nire kantatzeko modua. Lagun hori Iñaki Miguel zen, egun Ispirit gospel taldean elkarrekin gabiltza, berak pianoa jotzen du.
Hain justu, hori izan zen, zuretzat, musika beltzeko lehen proiektua: Ispirit. Noiz hasi zinen?
2017an edo 2018an hasi nintzela esango nuke. 2015ean hasi nintzen Liherrekin, ordurako kalean abestearena pixka bat itzaltzen ari zen, eta ordutik esaten zidan nirekin gospeleko zerbait egin nahi zuela Iñaki Miguelek. Eta nik ezetz, abesti erlijiosorik ez nuelako abestu nahi. Baina estiloaren kontuarekin eta sentimenduaren kontuarekin, eta Noa Egigurenek eta Lidia Insaustik deitu zidatenean, konbentzitu ninduten.
Hori guztia musika beltzaren inguruan. Liherrekin zortzi urte pasatu dituzu, baina, oker ez banaiz, kasualitate metaketa bat izan zen guztia. Unai Pelaio, Pelax, izan zen hor tartean.
Lehendabiziko bakarkako kontzertua, Le Bukowskin, berak lotu zidan. Eta, lehendabiziko talde-kontzertua, Gazteszenan, berak lotu zuen baita ere.
Zu rockera zoaz, baina ordura arte zer nolako lotura zenuen rockarekin?
Galdera ona. Nik, irudi publikoa proiektatzeko, irudi rockero hori hartzen nuen, betidanik hor izan banintz bezala, baina ez. 2000ko hamarkada oso emozalea eta pop-punk zalea izan zen, eta nik ere Avril Lavigne eta Sum 41 eta Blink 182 entzuten nituen, eta Euskal Herrian Berri Txarraken fana nintzen. Baina ez nintzen gehiegi ikertzekoa, Paramore eta halako emo taldeak gehienez.
Esan daiteke rocka zela musika eszenara sartzeko bidea eta zuk hori aprobetxatu zenuela une hartan?
Noski! Bai, horrelaxe izan zen. Gainera nire bakarkako maketa aztertzen baduzu, popa zen, eta soula zuen nire abesteko moduak. Baina iristen zen iristen zen generora, nire jotzeko modua oso sinplea zelako. Folk bat zen, besterik gabe. Baina banda osatzerako unean ez nion galdetu nire buruari zer egin nahi nuen, ea elektronikoagoa izan nahi nuen edo zer, rocka egin behar zen orduan eta aurrera. Gerora Liherrek hartu duen bidea taldeak hartu duen erabakiz izan da, eta ez neure erabakiengatik.
"Sekulako kolpeak jasotzen ditut, baina inoiz ez diot utzi utopiko izateari"
Baina gero rockean ere eroso ibili zara, disfrutatzen duzu, baina zure soul izaerari sekula ere ukorik egin gabe.
Hori da. Hala ere, jende asko ez da jabetu hortaz, rockaren bueltan ezagutu nautelako eta ez dutelako ikusi musika beltzaren kutsu hori nire abesteko moduan. Eta, orain, bat-batean, flipatzen ari dira honekin guztiarekin, baina banekien gerta zitekeela.
Esan duzu batzuei talka eragingo diela zure bide berri honek, baina zure sare sozialetan pista asko eman dituzu egingo duzunaren gainean, batez ere pandemian. Zenbat cover egin zenituen?
Arrazoi duzu! Pista asko eman nituen. Cover asko egin nituen bai, eta egiten hasten naizen momentuan emozioek gainditzen naute eta publikatu egiten ditut. Orain, atzera begira, akats txiki asko ikusten dizkiet eta nire buruari galdetzen diot eta zergatik ez ote naizen perfekzionistagoa. Banaiz perfekzionista, baina emozioak hor daude.
Argibide asko har ditzakegu hortik Bele izango den horri buruz, ezta?
Txikitatik gaur arte abestu izan ditudan estiloak presenteago egongo dira Belen, Liherrekin egin dudan musikan baino gehiago. Ez zait inoiz bururatu Foo Fighters hartu eta Dave Grohl imitatzen hastea. Gehiago izan dira Withney Houston edota Aretha Franklin bezalakoak.
Erreferente gehienak beltzak izan dira?
Bai, bai. Ez dakit zergatik eta ez dakit bizitzako zein unetan hasi nintzen konturatzen, umea nintzela, begiak itxita abestean, beltzen musika gehiago gustatzen zitzaidala gainerako arrazena baino. Egia da munduko musikei dagokionez oso okzidentala izan naizela, Europa eta Estatu Batuetakoa entzun dudala gehienbat. Txuriena eta beltzena. Gogoan dut txikitan musikarekin izan nuen lehen lotura eta asko kateatu ninduena Alicia Keysen Songs in A Minor diskoa izan zela, 2001ean atera zuen eta maitemindu egin nintzen, bai bere musikaz eta baita bere inguruko guztiaz ere. Hortaz, estilo horretako guztiari buruz ikasten hasi nintzen, Aaliyah, Destiny’s Child… Beltzak ziren, hip-hopa eta r&b-a egiten ari zirenak. Lauryn Hillen The Miseducation of Lauryn Hill diskotzarra ere hor zebilen... Eta orduan, Bele sortzen hasi nintzenean, hasiera batean, hori nahi nuen ekarri, duela hogei urte egiten zuten hori, ni txiki hori, musika horrek flipatzen ninduen.
Ez dakit zuk nabaritu ote duzun, baina horiek bueltan datoz, irrati-formuletan duela 20 urteko musika goruntz datorrelako izan daiteke, baina 2000ko hamarkadako hainbat estilo itzuli direla dirudi.
Nazioartean r&b artista oso potenteak daude, nahiz eta hemengo top zerrendetan ez diren asko sartzen. Tarteka bai, e! Tarteka bat edo beste agertzen da. The Weeknd-ek, adibidez, 80ko popa egiten du, baina r&b musika sartzen du; Ariana Grande popean hasi zen eta orain oso r&b da, Sabrina Carpenter, Jorja Smith… Jorja Smithen azken diskoa, uau! Eta bai, badago revival moduko bat. Baina beno, eraginaren inguruko galderari helduta: nik ahotsarekin sortzen dut, ez daukat oraingoz abileziarik oinarri elektronikoak sortzeko. Hortaz, estudiora joan naiz eta bertan Iñigo Etxarrirekin aritu naiz, eta haren buruak nirearekin konektatu behar izan du, eta berak ez dauka ibilbiderik r&b munduan. Talka bat izan da eta talka horretatik zerbait desberdina atera da, hori izango da Bele. Ez pentsatu Alicia Keysengan; zerbait badago, baina ez da.
Esan daiteke cover horien ondorioz edo itxialdiaren ondorioz ernaldu zela Bele?
Bai, jakina. Itxialdian sortu ziren diskoan entzungo diren bi abesti, oraindik atera ez direnak. Eta badago hirugarren bat, disko honetan ez dena sartuko, baina akaso aurrerago etorriko dena. Ez genuen pack horretan ikusten.
Dinamikak eta sortze prozesuak, hortaz, horrela doaz: zuk ideiak grabatzen dituzu audioetan, mugikorrean edo dena delakoan; eta kanta bat duzula uste duzunean, estudioan sartzen zarete? Itxialdian estudioa etxean zegoen, baina orain estudiora joaten gara. Nork bere lanak uzteko tartea bilatzen dugu eta akaso hiru ordu pasatzen ditugu bertan. Abesti bat hastea bada helburua, nire audioekin goaz, zehazten dugu tempoa nahiz tonoa, eta abesti guztia a capella botatzen dut horren gainean. Tempoa jarraituz tonoari eusten saiatzen naiz, a capella abestean gorabeherak izan daitezkeelako hor. Hortaz, hori egiten dugu lehendabizi. Gero nik nire ekoizpen-ideiak botatzen ditut edota erreferentzia batzuk markatzen ditut. Beruna Urre abestian, adibidez, Taylor Swiften Reputation diskoa izan zen erreferentzia bat, bere elektronika ilunagatik; eta, gero, Imagine Dragonsen rolloa eta Skrillex ere bota nizkion.
Errerente anglosaxoiak aipatu dizkidazu, baina latinoamerikako erreferenteez ez dugu hitz egin.
Reggaetoira berandu gerturatu naiz, baina Jamaikako dancehalla eta horrelakoak asko gustatu izan zaizkit, itsua izan gabe. Musika latinoa etxean entzun izan dut, boleroak eta abar, baina abestu ez ditut abestu.
Baina Rosalia edota Naty Pelusoren jarraitzailea bazara.
Bai, baina Naty bera ere oso r&b zalea izan da. Rosaliak flamenkoa du ardatz baina Motomamirekin ihes egin zuen hortik eta r&b kutsu oso indartsua dauka, Frank Ocean edota James Blake dira bere erreferente. Eta, bai, onartu behar dizut Naty Peluso badela Beleren erreferenteetako bat.
Zu abestera mugatuko zara?
Bai, beno, eta performatzera. Salbuespenen bat egongo da.
Dantza eta antzerkia uztartuko dituzula ulertzen dut, bigarren horretan ere ari zarelako.
Baliteke. Hilabete batzuk geratzen dira oraindik eta dena sortzeke dago, baina asmoak hor daude. Baina, esan dizut, Naty Peluso bada oso erreferente. Oholtzan badu jarrera oso performatiboa, pertsonaia bat sortuta du eta asko gustatzen zait hori.
"Bada garaia emakumeok, oholtzan zein publikoan, lotsagabeago dantza dezagun"
Banda eta bera izaten da Naty Pelusoren kasuan, eta zuk ere horrela aurkezten duzu Bele.
Bai, jendeak oraindik ez daki banda izango dudanik ere. Galdetzen didate ea DJ bat eta ni soilik izango garen. Ba, ez. Adibidez, ikusten dut Gartxot bakarrik eszenatokian eta miresten dut, baina ni ez nago fase horretan. Oraindik banda baten beroa behar dut.
Antzerkian ibili zaren honetan, performance guztia aurrera eramateko buruan izango dituzu orain eszenografia, argiak… Zer nolako koadernoa ari zara osatzen?
Zenbat koaderno? Zorionez dena mugikorrean eta ordenagailuan dago, baina dokumentu pila bat ditut zabalik. Argiak, eszenografia, soinua, koreografiak… gauza asko. Baina dena asmoetan dago oraindik, karpeta horietako bakoitza diru zulo bat delako. Ni banabil intentzio on guztiarekin batekin eta besteekin kontaktuak egiten, gauza hauek ondo eta txukun egiteko. Baina ez dakit zenbatekoa izango den guztiaren kostua. Eta hor sartzen da errealitatea eta ezin bada egin x gauza, ba ez dut egingo, edo nire kabuz egingo dut. Adibidez, Zerua Irabazi abestiaren bideoklipean koreografia eta mugimendu guztiak nik pentsatu eta egin nituen. Koreografo baten begietan akaso desastre bat izango da, baina ez nuen koreografo bat ordaintzeko dirurik.
Zenbat ordu pasatu daitezke horrelako gauzetan pentsatzen?
Asko, eta iristen naizen lekura iristen naiz. Nik badakit, koreografo batek esaten badit zer egin, nik zer edo zer entseatuz gero, egin dezakedala zerbait interesgarria. Hortaz, batzuetan ongi etortzen da kanpotik ideiak hartzea. Baina, horretarako, dirua behar da.
Hori guztia hasiberriaren prismatik begiratuta.
Bai, hala da, baina ez dut esan nahi guztiz hasiberria naizenik. Badakit nola hasi, badakit zer egin, badakit zer pauso eman zeren ostean, kontaktuak… Badut izen bat, ez dut ukatu nahi, baina proiektu ekonomikoa zerotik hasten da, nire poltsikotik dena. Beno zerotik ez, minusetik, dena gastuak direlako. Orain dena legalki egituratu behar da eta horrek guztiak ere pazientzia eskatzen du, eta ni itotzen nau.
Hasieratan, eskatzera zoazenean, zaila izango da neurtzen, ezta? Eskatzen duzulako, baina eskaintzen duzun hori ez duzulako aurkeztu.
Noski, eta zu ere ari zara zerbait duina saltzen. Liherren egindakoagatik ezagutzen zaituzte eta badakite maila profesionalean ibili zarela, baina zalantzak izaten dituzu tarteka horraino iritsiko ote zaren edo ez jakiteko. Baina beno, arriskatzen ez duenak ez du ezer irabazten.
Zer espero eta zer desio duzu Bele proiektutik?
Espero dut jendeak gustura entzutea, kontzertuak modu duin batean eman ahal izatea, ikusmina sortzea… jendeari proiektua gustatzea, modu oso orokor batean. Eta desio… honetatik bizitzea; nahiz eta jakina den hori ez dudala lortuko. Hortaz, desio… ba, Miribilla betetzea.
Desio horiek eduki daitezke, zerua irabazi egin behar da.
Inoiz ez diot utzi utopiko izateari. Sekulako kolpeak jasotzen ditut, baina hurrengo gauza egiten hasten naizenean ere nire buruari esaten diot ziurrenik ondo joango zaidala proiektu berrian. Baina beno, gero sekulako kolpeak hartzen ditut.
Eta publikoari zer mezu luzatuko zenioke Bele bezala?
Badela garaia emakumeek, oholtzan zein publikoan, sentsualago eta desinhibituago dantzatzeko, nahiz eta ez naizen lehena izango hori lortzen saiatzen, alde lotsagabe horrek presentzia irabaz dezan nahiko nuke. Eta, bestetik, ahaztu dezatela Liherretik dudan irudia, beste mobida bat egingo dudana eta uste dut jendeak asko disfrutatuko duela. Burua zabalik eduki dezatela datorrena disfrutatzeko.