Doctor Deseo taldeak disko berria kaleratu du, eta 18.a da jada! Bilboko La Sinsorga kulturgune feminista aukeratu dute lan berriaren izena iragarri eta dakartzan berritasun nagusiak azaltzeko.
‘En El Brillo De Tus Ojitos’ izeneko albumak sei kanta biltzen ditu. Josi Jimenez buru duen taldeak bere esentziari eutsi dio abesti horietako batzuetan, baina berritasunak ere badakartza, hala nola, trap pasarteak, elektronika, tex-mex ukituak eta pop-rock gitarreroa.
Hain justu gitarrak dira protagonista diskoarei izena ematen dion ‘En El Brillo De Tus Ojitos’ kantan, eta horri dagokion bideoklipa zabaldu dute dagoeneko.
Tartean badira bi egokitzapen ere: Leonard Cohenen 'Susan' eta 'Killing Me Softly' abestien bertsioak, hain zuzen. Eta Aiora Renteriaren kolaborazioa ere izan dutela azaldu dute.
Doctor Deseok apirilaren 20an aurkeztuko du ‘En El Brillo De Tus Ojitos’ lan berria zuzenean eta jendaurrean. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da, baina honezkero agortu dira sarrera guztiak.