entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2023-09-18

Sormen Digitalerako Beka deialdia zabaldu du Loraldiak

2025eko Loraldia Festibalean estreinatuko den ekitaldi edo produktu digital baten proiektu artistikoa bilatzen ari dira. Arte-diziplina guztiei zuzenduriko beka da, baita musikan aritzen direnei ere.


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Sormen Digitalerako Bekaren 2. edizioa abiatu du Loraldiak, eta proiektuak aurkezteko deialdi-fasea aktibatu du. Euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea dira beka honen helburuak, baita ingurune digitalean euskarazko edukiek duten presentzia handitzea ere.

Zehazki, 2023ko irailaren 14a izango da proposamenak bidaltzeko lehen eguna, eta azaroaren 20an itxiko dute epea. Ordainsaria 10.000 eurokoa izango da.

Ebazpena abenduaren 20an emango du epaimahaiak, eta bekaren irabazleak 12 hilabete izango ditu (2024ko urtarriletik 2025eko otsailera bitarte) proiektua martxan jartzeko.

Izan ere, 2025eko Loraldia Festibalaren testuinguruan estreinatu ahal izango du irabazleak bere lana. Proposamena digital eremukoa behar du izan, espazio fisiko batean eskaintzeko aukera izan dezake, baina ez derrigorrez. Kultura arlo guztiak onartuko dituzte bekaren jaulkitzaileek: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa… Eta, oinarrietan zehaztu dutenez, diziplina bat baino gehiago nahasteko ahalegina sarituko dute.

Edozein sortzaile euskaldunek har dezake parte; horretarako, aipatutako data-tartean aurkeztu beharko du proposamen artistikoa ahalik eta zehatzen deskribatzen duen dokumentu bat, aurrekontua eta garapen plangintza bat. Loraldiak baliabideak jartzeko konpromisoa hartuko du, sortzailearekin akordio (aurrekontua eta kultur edukiak zehaztuz) bat sinatu ondoren.

Info+ eta izen-ematea: HEMEN

bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.