Kalean da J Martina taldearen bigarren diskoa: Negu Gorri. Martxoan Esku Burdin (dagokion bideokliparekin) singlea eta apirilean Paktua aurrerapen kanta aurkeztu ostean, lan osoa plazaratu dute orain.
Pop elektronikoaren bideak arakatzen segitu dute, kasu honetan, malenkonia, haserrea, etsipena, itxaropena eta borrokarako grinaz aritzeko. Izan ere, garaiotako gazteek bizi duten egoera latzari erreferentzia zuzena egiten dion diskoa da. Baina badago, baita ere, iraganari buruzko keinurik; izenburutik beretik hasita.
Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javier Jorajuriak osatzen duten taldeak 2021ean kaleratu zuen lehen lana: Jaio Naiz Baina. Bigarren honetan erebere esentziari eutsi dio hirukoak, abestien intentsitatea muturrera eramanez.
Datozen egunetan iragarriko dituzte lehendabiziko zuzenekoen datak.