Marte Lasarte taldea laukote bilakatu da, eta halaxe zabaldu dute euren bigarren kanta, taldearen izen bera hartu duena gainera: Marte Lasarte, alegia.
Pello Armendarizek eta Borja Antonek abiatu zuten proiektua, eta ‘Basamortua’ abestia izan zen lehen-lehen emaitza. Orain, ordea, Alex Alonso (bateria) eta Lore Nekane Billelabeitia (baxua) batu zaizkie.
Doinu gordinak eta giro inguratzailea osotu dituzte, besteak beste, gentrifikazioari buruz, desplazamenduei buruz, aldaketaz… hausnartzeko. Hori bera jaso dute iruditan bideoklipean ere. Muga ekoizpen taldeko kideak (Aitor Aranguren eta Erik Suso) arduratu dira grabaketaz. Gainera, irudietan gainezarrita ageri diren ilustrazioak marraztu dituzte Jabier Rodriguez, Ander Perez de Arenaza eta Maialen Arocena artistek.
Bestalde, ‘Basamortua’ lehen sormen-alerako bidelagun izan zituzten zenbait adiskide izan dituzte alboan oraingo honetan ere: Jon Badi (NorthWaves Sound), Armendariz eta Antonekin batera ekoizpenean; Haritz Harreguy, grabaketan eta nahasketan; eta Victor Garcia, masterizazioan.