2024ko Herri Urrats festak berritasun nagusi bat dakar: lehenengo aldiz, Maketa Lehiaketa antolatuko dute. Euskaraz kantatzen duten talde berriei zuzendutako ekimena da, eta irabazleak datorren maiatzaren 12an jotzeko aukera izango du, Senpereko aintziraren ondoko eszenatoki nagusian.
Interesa dutenek abenduaren 3tik urtarrilaren 3ra bitarteko epea dute proposamena aurkezteko. Parte-hartzaile bakoitzak 3 abesti bidali behar ditu herriurrats@ikastola.eus helbidera, dagokion dokumentazioarekin batera (taldearen izena, jatorria eta kontaktua). Info gehiago herriurrats.eus webgunean.
2024ko edizioko abestia, bestalde, Neomak taldeak konposatuko du eta martxoan aurkeztea aurreikusi dute. Zazpikoteak ere kontzertua emango du maiatzaren 12ko festa egunean.
Iazko euriteen eta uholdeen ondotik, 'Ortzadarra' lelopean egingo dute 2024ko Herri Urrats hau. Bildutako dirua Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko izango da.