“Behin Itziar Ituñorekin amets egin nuen, eta ametsetan txalupan agertzen zitzaidan… audio mezu bat bidali nion kontatzeko”, adierazi du Ines Osinaga musikari arrasatearrak sare sozialetan ‘Txalupa’ kantaren bideoklipa zabaltzearekin batera. Amets hura hezurmamitu da, Ituñok berehala esan ziolako grabatu egingo zutela.
Hitzak Jose Sarrionandiarenak dira, 2011n iritsi ziren Osinagaren eskuetara, eta hiru urte geroago hartu zuten abesti izaera, Gose taldearen ‘Gosariak’ diskoan.
‘Txalupa’, baina, biziberritu egin zen 2022an ‘Olatu arteko txalupa arraroa’ ikuskizunarekin Osinaga eta Sarrionandia eskuz esku aritu zirenean.
Iaz ‘Itsasoa da bide bakarra’ diskoa kaleratu zuen musikari arrasatearrak, eta orain ikusi du argia itsasoarekin, ahizpatasunarekin, babesarekin eta laguntzarekin lotura zuzena duen kantaren bideoklipak.
Iker Maguregi eta Aitor Arruti arduratu dira zuzendaritzaz. Produkzioa Mikel Lizarribar aritu da eta, Osinaga eta Ituño ez ezik, Getariako emakumezkoen arraun taldeko kideak ere ageri dira iruditan.
Ines Osinagaren hurrengo emanaldia:
Maiatzak 31: Bastero, Andoain