"Oso argi eta ozen esan nahi dut: abenduaren 20an 'Sarri, Sarri' eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko". Horrela iragarri du Fermin Muguruzak urte amaieran oholtza gainera itzuliko dela. Eta, hain justu, 40 urteko ibilbidea ospatzeko egingo du. Izan ere, lau hamarkada joan dira Kortatuk lehen kontzertua eman zuenetik, eta sei urte geroago heldu zen Negu Gorriaken bidearen hasiera. Talde horiekin eta bakarka sound systemarekin ondutako abestiak biziberrituko ditu irungo musikariak urte amaierarako iragarri duen jaialdian.
‘FM Muguruza. 1894-2024’ kontzertua Bilbao Arenan izango da eta bihar (apirilak23) jarriko dituzte sarrerak salgai, 10:00etatik aurrera Fermin Muguruzaren webgunean.
‘Lau hamarkadaz zentsurari aurre egiten, 40 urteko bizi-ibilbide musikalaren ospakizuna’ leloa aukeratu du hitzordurako, eta hala arrazoitu du: "Kontzertu hau zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma-irudiagatik inputatu dituzten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak 'Sarri, Sarri' abesteagatik".
Abesti historikoz eta gonbidatu bereziz beteriko gaua izango dela suma daiteke.