entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-12

Turistentzako musikak

Testua: Ritxi Aizpuru Zubizarreta

Last Tour enpresak Kobetamendin antolatzen duen jaialdiak mundu zabalari begiratzen dio, eta ez Euskal Herriari. Nork nori saldu dio Bilbo eta Bizkaia guztiaren erdian jartzearen ideia? Nork nori azaldu dio Bilbo bilakatzea munduko musikaren hiriburu hiru egunez? Nork konbentzitu du nor jaialdiarekin Bilbo turistaz betetzeko? Jaialdiaren xedea, beraz, turistak ekartzea da. Lehen Guggenheim Bilbaorekin ez geneukan nahikoa, eta orain Urdaibaiko lurretan eraiki nahi dute beste bat. Lindanoa garbituko duten aitzakiarekin, inguruaren salbatzaile modura geratuko dira Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Gobernua.

Jaialdira itzulita, Bilboko eta Bizkaiko erakunde publikoek egindako diru-ekarpena inbertsio modura planteatu digute. Susa argitaletxeak kaleratu duen Jon Urzelairen Su festak liburuak agerian utzi ditu antolatzaile eta erakundeen arteko trikimailuak. Hordago aldizkariak ere argitaratu zuen Ahoztar Zelaietaren artikulu bat: Nola da posible Bilboko Udalak 1,4 milioi euro musutruk ematea Last Tour enpresa pribatuari negozio osoa berak kudea dezan? Erakunde publiko horiek zer ari dira sustatzen? 1,4 milioi euroko ekarpenik ez balego, jaialdia defizitarioa izango zatekeen? Dirutza hori ez balu jasoko Last Tour enpresak, egingo al lukete banketxe baten izena daraman jaialdia Kobetamendin?

2022an, Last Tour-ek Kobetamendiko jaialdia egiteko eduki zuen osoko aurrekontua 7 miliotik gorakoa zen. Bilboko Udalak guztizko horren %20 hartu zuen bere gain (1,4 milioi), eta Udalak berak egin zuen azterketa ekonomikoaren arabera, jaialdiak Erkidegoko Barne Produktu Gordinari (BPG) egin zion ekarpen ekonomikoa 26,5 milioi eurokoa izan zen, sarreren dirutza eta edariak nahiz jatekoek kontuan hartuta.

Datu horiei erantsi behar zaizkie beste hauek: Bizkaiko Aldundiak 700.000€ BIMEri (eta zenbat Durangoko Azokari?), Jaurlaritzak 25.000€ eta BBK banketxeak 300.000€. Baina diru-laguntza gehiago eskuratuko ditu, seguru, Last Tour-ek kudeatzen baititu BIME, Hirian, Herrian eta Oso Polita diskoetxea. Azken hiru ekimen horietarako euskarazko izenak erabili ditu. Keinu deigarria. Euskararekiko konpromisoa erakutsi nahian dabiltza, baina errekuperazio politiko eta kulturalaren zuriketa baino ez da. Bertako taldeak programatzen dituztenez, antolakuntzak ahoak isildu nahi ditu, kupoa betetzen duelako. Zenbat turista bertaratzen dira Euskal Herriko taldeak ikustera? Ikusleen %76 nazioartekoa da (Espainiakoa %41) eta gainerako %24 Euskal Herrikoa. Beraz, ‘normala’ izango da bertako hizkuntzari arreta handirik ez eskaintzea.

Ez dut gogoan noizko ediziotan izan zen, baina nire eskuetara iritsi zen antolakuntzak argitaratutako liburuxka, jaialdian joko zuten taldeen berri zekarrena. Poztu ninduen euskarari ere tokitxoa egin ziotela ikusteak. Irakurtzen hasi eta, bigarren lerrora iritsi orduko, ergatiboa falta. Beste hizkuntzetakoak ez bezala, euskarazko testua akatsez josita zegoen. Antolatzaileetako bati komentatu nion, eta euskarazko testuari emandako arreta berbera eman zidan: “Bai, bai” esan zidan. Bitoriano Gandiagak idatzitako poesia bat etorri zitzaidan burura, gero Oskarbi taldeak musikatu zuena ahots harmoniak landuta: “Bai, bai, bainan gero ez. Hemen gertatzen dena beltza da tamalez. Euskara batez, euskaldunik ez da, beti ezer ez”. Horrelakoak dira Kobetamendiko antolatzaileak. Nori axola dio akatsez betetako euskarazko testuak? Eskura daude euskara zuzentzaileak.

2023ko jaialdira joateko autobusa hartzeko kartelak zera zioen euskaldunen minerako: “Itxaropen gabe igo”. Last Tour-en enegarren ostikoa gure hizkuntzari. Hori idatzi duenak euskaraz jakin gabe jo du hiztegira, eta itzulpen akats izugarria egin du. “Itxaronaldirik gabe igo” ordez, beste zerbait iradoki zien jaialdiaren bezeroei. Pena dut ez dutelako akats berdina egin ingelesarekin: “Get there without waiting” irakurri beharrean “Get there without hope” irakurri izan balute kartelean, agian ez ziren igoko Kobetamendira! Zertarako, itxaropenik ez bada?! A zer nolako sustapena! Iragarki biribila jaialdiaren beraren aurkakoa: ez du merezi igotzea. Ez, ez du merezi.

Berdin die Last Tour-eko antolatzaileei eta haien sustatzaile ekonomikoak diren Udal eta Foru Aldundiari. EAJ-k itxaropen berbera emango digu. Euskal Herria kokatu nahi dute Europan eta munduan, baina berdin zaie hemen ez bada euskara erabiltzen, hitz egiten edo bultzatzen. Kanpotarrak erakartzea da gakoa. Merezi al du kanpotarrentzako jaialdi bat egitea dirutza hori inbertituta?

EAJ-k eta Last Tour-ek arrotz sentiarazten gaituzte euskaldunak geure herrian. Ezin dugu harro egon gure herriaz, arrotz garelako, eta errua geuk murtxikatu ondoren, errua geu garela esango digutelako. 1968an Joxe Azurmendik Manifestu atzeratua idatzi zuen eta Itziar kantariak musikatu. Interesgarria da goitik behera, eta zera dio bukaeran: “Hauxe baita gure engainu azkenekoa: libre izan nahia justifikatu behar dugula pentsarazi digute, lehen kanpotik eta barrutik orain”. Ez Last Tour-ek, eta gutxiago jeltzaleek, ez dute nahi bertakoa bultzatu eta sustatu. Geure herria zerbait izan dadin, munduan kokatzearekin bakarrik ez goazelako inora. Euskalduna arrotz sentitzen bada, akabo. Diru hori guztia kanpotarrak erakartzeko Bilbora.... ez dut uste horrela sustatzen denik euskal kutsuko ezer. Euskaldunok ez badugu zaintzen gure kultura jipoitua, beti buru-makur ibiliko gara. Badakit erantzungo dutela erakundeetakoek milioiak bideratzen dituztela gure kulturara. Iñaki Iurrebasok zera dio Berrian: “Egoera dena kontuan hartuta, egun dagoen euskararen erabilera maila altua da”. Kalean jaso dudan pertzepzioak dio erabilera baxua dela.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.