Testua: Ibon Aginaga Imaz
Herri baten osasuna neurtzerakoan, bere nortasunari edo izateari begiratzen diogu lehendabizi; hau da, herri horretako hizkuntzaren eta kulturaren egoerari. Eta kultura esatean, bertako (jatorrizko edo berezko) hizkuntzan sortzen denari buruz ari naiz, noski. Jakina da gure herrian, egun, hizkuntza bat baino gehiago ditugula (indarrez ‘bertokotuak’ izan direnak tarteko), baina ‘euskal’ izatea hizkuntzak egiten duela; euskarak, hain zuzen ere. Mila eztabaida izan genitzake horren inguruan, baina euskarazko sormen lana indartu ezean, gure herria eta bertoko kultura gaixo daudela esan genezake. ‘Kanpoeder-etxekalte’ bihurtzen gara askotan. Iruditzen zait ez dugula behar beste azpimarratzen eta bultzatzen bertoko hizkuntzan sortzen dena; ez ditugula lehenesten, eta ez dugula eurek egindako hautua txalotzen edota goraipatzen. Hori bai, horrekin ez dut esan nahi zenbait eragile lan txukuna egiten ez dabiltzanik.
Mutrikuko Rock Koletibotik abenduan urtero antolatzen dugun Abendurock hilabeteko jaialdian, adibidez, irizpide argiak ditugu, eta ahal dugun neurrian bada ere, nahiko zorrotz betetzen saiatzen gara: hizkuntza (euskaraz, %90-100), lurraldetasuna, parekidetasuna, musika estiloen aniztasuna, sortzaile berrientzako plaza izatea… Gu bezala beste mordoxka bat ere ibiliko dira ziurrenik. Aupa zuek eta eutsi horri!
Arrazoiak eta eragin guneak
Garai batean euskaraz abesteko apustu argia egiten zuten hemengo talde gehienek. Gaur egun, ordea, askori berdin zaie bertoko hizkuntzan, ‘bertokotutako’ hizkuntza arrotzean edo ingelesez abestu. Hizkuntza aniztasunaren ezagutza eta aberastasuna, beste hizkuntza horren soinua gustuko izatea… edota gehienetan azaleratzen ez diren beste hauek: euskaraz aritzeko erraztasun falta, hizkuntza hegemonikoetan abestuta urrunago iritsiko garen ustea (ospe nahia), estatus kontua, konplexuak… Mila arrazoi egon litezke atzean, eta bakoitza askea da nahi duen eran sortzeko, baina… kontzientzia maila bat duenak horrela jokatzea ez da batere ohikoa.
Gogoratzen naiz nola entzun nion behin Aitor Gorosabeli, bere lagun batek Jo ta ke abestiaren hitzak eraman, eta berak: “Erdaraz? Horrela ez zait barrutik ateratzen. Euskaldunak gara eta honek euskaraz izan behar du”. Euskal metalaren aitzindarietako bat da bere taldea, bide urratzailea ezbairik gabe; eta euren Nazkatu naiz abestia edota Ametsa ote? abestiko “…identitaterik gabe erdaraz bizitzen…” esaldia kontzientzia horren erakusle.
Zorionez, gaur egun oraindik badaude argi daukatenak; dena ez dago galdua. Halere, gero eta gehiago dira kezka sorrarazten didatenak eta plaza asko dituztenak (giroa asko aldatu da, inertziak…). Irrati formula gehienen irizpide kontziente falta ere izango da. Bertokoa bultzatzetik hasi beharko genuke, gero entzungo den itxaropenaz; eta ez orain bezala, kanpoan zer entzun, hemen hura bultzatu. Egungo gazte askori entzuten duten musika zein hizkuntzatan den galdetuta, hauxe da erantzuna: “Gazteleraz eta ingelesez, batez ere; euskarazko musika ez zait gustatzen”. Eta nire galdera da: Badakite zer aberastasun dugun hemen? Bertoko zenbat talde ezagutzen dituzte? Etorkizuna dira eta horrela gabiltza. Non dago giltza?
Txosnetako musika, ostatuetakoa, irrati bidez bultzatzen dutena, gurasoen hautua, pantailen eragina… asko dira eragin guneak (indartsuenak aisialdi uneetakoak).
2019tik gaur egunera arte argitaratutako disko batzuk begiratzen hasita, Doctor Deseoren Maketoen iraultza bitxikeriatzat hartuko nuke, beharbada (eurengan ezohikoa izan arren, kontuan hartzeko urratsa); Vulk taldearen norabide aldaketa, aldiz, benetan esanguratsua iruditu zait, ez baita disko soilean geratu den kontua. Vulk ez da disko berria euskara hutsean atera dute, eta ikusi ditudan zuzenekoetan soilik lan berriko abestiak jo dituzte. Bakoitzaren musika gustuak gustu, talde bilbotarra ausart eta eredugarri.
Azken hamarkadetan euskal talde interesgarri asko entzun baditut ere, Itoiz eta gero gehien harritu nauena Diabolo Kiwi talde baxenafartarra izan da. Maila handiko talde gaztea, inondik ere. Uhin galduak artelana plazaratu berritan izan genuen Mutrikuko gaztetxean euren musikaz eta adiskidetasunaz gozatzeko aukera. Hurrengo egunean, Durangoko Azokako egitarauaren barruan, Plateruenan jo zuten euren azken kontzertua (oker ez banabil, azkena); handik gutxira, 2022 hasieran izandako zorigaiztoko auto-istripu batek taldearen ibilbidea etetea ekarri zuen (Leire gogoan!). Talde bereko gitarra-jotzailea (musikaria, antzezlea, idazlea… bera), beste zenbait elkarrizketaturekin batera, 2021eko EHZ festibaleko ‘Zein da artearen funtzioa?’ izeneko saioan ikusi nuen, eta asko poztu ninduten bere ahotik entzundakoek; berak oso argi adierazi zuen euskal kultur sormenaren ardatza euskarak izan behar duela. Esango nuke elkarrizketatutako Iparraldeko solaskideek hori argiago zutela Hegoaldekoek baino. Entzundakoek hori pentsatzera eraman ninduten behintzat.
Ea aurtengo Durangoko Azokan, gehiengoa izanik ere, zenbat euskarazko lan aurkitzen ditugun. Jakin nahiko nuke, ehunekotan urtez urte, zenbat diren euskarazkoak (eta ez euskal herritarrek argitaratutakoak), zein den joera eta ea erdarazkoentzako ehuneko mugarik jartzen den.
Batik bat, doinuek, hitzek eta ekintzek osatzen dute musikariaren irudia (ez naiz bestelako argi-ilunetan sartuko). Musikariek, oholtza gaineko uneez gain, hedabideetan (ikus-entzunezkoetako, aldizkarietako… elkarrizketetan) ere izaten dute oihartzuna, eta badaude batzuk jarrera argia izan eta beti euskaraz egiten dutenak, ETB2n agertuta ere. Datozenentzat eredu dira, eta bidea egiten ari dira une horretan bertan ere.
Bada garaia Ez Dok Amairuren filosofia oinarri hartu, gaurkotu eta ildo beretik zerbait berria sortzeko. ENTZUN eta kontuan har ditzagun, bada, gure herri honi erraietatik datozkion doinua eta oihua!