entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-20

Berrogeialdia

Oraindik heavya zara?

Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi

"Oraindik heavya zara?", galdetu izan didate batzuek azken boladan. Baietz erantzun diet guztiei, oraindik heavy metala gustuko dudalako eta egunerokoan bizi dudalako. Adinean gora noala ikusita, pentsatuko zuten niri ere heavya izateko garaia pasako zitzaidala. Izan ere, nire belaunaldiko beste askok aspaldi utzi zuten atzean zaletasun hura. Nik, ordea, ez. Laster beteko ditut 40 urte, eta bai, oraindik heavya naiz. Larria al da, doktore?

Udako oporraldian horri buruz hausnartzeko tartea izan nuen. Batez ere, Berri Txarrak taldearen diskografia berrikustea erabaki nuenean. Agerikoa da lehen lanetik azkenera bitarte izan zuten bilakaera musikala. Nafarroako rock gogorraren sustraietatik abiatu ziren rock eta pop alternatiboa jorratzen bukatzeraino. Gorka Urbizu eta haren bidelagunen eboluzio naturalaren emaitza gisa har genezake. Dena dela, Urbizuk behin ohartarazi zidan betidanik eta betiko metal talde baten izaera mantenduko zutela.

Lekunberrikoen askotariko uztak ene barrura eta iraganera begiratzera eraman ninduen. Erantzun beharreko galderak nituen. 13 urte nituenean kaleratu zuten estreinako diskoa. Gogoan dut kasetean eskuratu eta bueltaka izan nuela walkman estimatu hartan. Donostiako Zurriolako hondartzan ere konpartitu nuen lagunekin. Estreinako hark laukote hasiberri baten grina islatzen du, abesti gordinekin eta bonbo bikoitzarekin! Nafarren ibilbideak aurrera egin ahala nabarmen ahaztu zituzten kanta horiek.

Rock gogorra eta heavy metala gustuko nituela 15 urterekin jabetu nintzen. Berri Txarrakek Ikasten bigarren diskoa kaleratu berri zuen, nu metal kutsukoa, eta haiekin batera, Su Ta Gar eta Azken Garrasia heavy metal bandak entzuten nituen etengabe. Alegia, etxekoekin hasi nintzen estiloan murgiltzen, eta ez nazioarteko klasikoekin. Horiek ondoren etorri ziren, Madrilen uda luze eta ahaztezin bat pasa nuenean. Iron Maiden erreferenteekin maitemindu eta gero eta gehiago sakondu nuen heavy metalean eta haren azpigenero aberatsetan.

Zaletasuna beste maila batera eraman nuen 2001ean, Burdinola irratsaioarekin bat egitean. Urte haran, Eskuak/Ukabilak hirugarren diskoa plazaratu zuten Lekunberrikoek. Metal modernoa indartu eta hardcorearekin uztartu zuten. Euskarazko lehen metalcore taldea izan zela esan genezake? 2003ko Libre laugarren lanarekin melodiak eta egitura irisgarriagoak nabarmendu zituzten. Aske eta libre ziren nahi zuten musika jorratzeko, alajaina. Mugarria eta iragan hurbilarekiko haustura, berriz, 2005ean ezarri zuten Jaio.Musika.Hil disko desberdin, apurtzaile eta deigarriarekin. Aitortu behar dut argitaratu baino hilabete batzuk lehenago entzuteko pribilegioa izan nuela. Nire baitan haustura bat eragin zuen, metaletik urrundu arren gustuko nuelako.

Ordutik aurrera, beste begi batzuekin begiratu nion Urbizuk gidatuta hazten ari zen taldeari. Bilakaera naturalaren ondorio gisa ulertu nituen hurrengo lan onak, rock gogorraren esentzia mantentzen zuten bitartean. Horrelakoak dira 2009ko Payola eta 2011ko Haria disko interesgarriak. Bi horien artean, 2010ean, nik ere heavy metaletik zertxobait aldentzea erabaki nuen. Hainbat izan ziren arrazoiak, baina arnasa hartzeko beharra sentitu nuen, nahiz eta doinu horiekin belarriak goxatzen jarraitu. Pare bat urteko kontua izan zen, zorionez.

Denbora da Poligrafo Bakarra izenburuak ere balioko luke irakurtzen ari zaren saiakera edo hausnarketa honetarako. Berri Txarrakek 2014an aurkeztu zuen lan bikoitza da, eta euren aldarte zein ertz guztiak islatzen ditu: rocka, rock gogorra, hardcorea eta popa. Horiek denak melodia ederrez josiak. Hortik aurrera, gordintasuna zuzenekoetarako utzi zuten, eta 2017ko Infrasoinuak azken lanean izaera gozo eta melodikoenera lerratu ziren. Ez dut ukatuko, Urbizu eta konpainiaren gustuko ez dudan disko bakarra da.

Errepaso hau zinez baliagarria izan da naizena eta gustuko dudana berresteko. Ulertzen dut adinarekin eboluzio natural bat izatea musikariek eta musikazaleek. Hain zuzen ere, musikari batek halaxe jaurti zidan amorru puntuarekin sare sozial batean. Alegia, ulertzen dut heavy metala, rocka, punka edo musika beltza gustuko zuten nerabe eta gazte horiek zahartu ahala popa eta joera modernoak eta lasaiagoak nahiago izatea. Era berean, naturaltzat jo behar genuke batzuok gazte garaietan mamituriko musikarekin eta haren bilakaera propioarekin gozatzen jarraitzea. Eta ez, ez gara inolaz ere zaharkituak geratu. Hautespen naturalaren ondorioa izango da. Bestela, gaixotasun hau gainditzeko berrogeialdia egin beharko al dut?

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.