entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Popatik Band

HIRU GIZONEN BIDAIA EMOZIONALA


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
Argazkiak: Laia Marcos 

Mamiz eta mimoz beteriko hitzez janzten dituzte kantak Popatik Band-eko kideek. Zuzeneko emanaldietan abestiak aurkezteaz gain, poema, ipuin eta bestelako testuak ere tartekatzen dituzte, euren mezua aberaste aldera. Aingeru Mayor donostiarrak, Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak eta Xabier Crehuet ordiziarrak osatzen dute Popatik taldea. Maiatzean, Donostiako Tabakaleran, aurkeztu zuten lehen aldiz ‘Maitatzeari’ izeneko proiektu poetiko-musikala, eta irailean kaleratu zuten izenburu bereko diskoa. 

Proiektuaren sorrera halabeharrak erabakia izan dela esan daiteke, bizitzan sarri gertatzen den eran. Aingeru Mayor sexologoa haur eta nerabe transexualen gurasoen testigantzak jasotzen dituen Tránsitos liburua aurkezten aritu zen iaz, Ekaitz Goikoetxearen laguntzaz. Tarte horretan Goikoetxeak pare bat testu bidali zizkion Xabier Crehueti, musika zitzan, tartean Popatik bandaren diskoan entzun daitekeen Musikatzen kanta. Urretxun bildu ziren hirurak Josu Maroto artistaren eta Goikoetxearen Balio erantzia erakusketaren harira egindako sortzaileen topaketa batean, eta hori izan zen hiruen arteko elkarlanaren abiapuntua. Handik gutxira, Tránsitos liburuaren Ordiziako aurkezpenean jotzera gonbidatu zuten Crehuet, eta han hordagoa jo zien ordiziarrak beste biei, letra gehiago egiten bazituzten gustura musikatuko zituela esanez. Mayorrek Goikoetxeari esateko erantzun zion, poeta hura dela-eta, baina Goikoetxeak donostiarrak espero ez zuen zerbait bota zion: “Zu ere bazara poeta!”. Gau hartan begirik bildu ezinda egon omen zen Mayor, eta transexualitatea gaitzat duen Ipuinetan ez bezala abestiaren lehen zirriborroa idatzi zuen, liburuko puska batzuk oinarri hartuta. Goizean Goikoetxeari bidali zion, zerbaitetarako balio ote zuen galdetzeko, hark oso polita zela ziurtatu, eta buru-belarri hasi ziren bien artean letra ontzen, handik hiru astera zuten liburu aurkezpenean Crehuetek kanta zezan. 

Miraritzat jotzen dute lehen kolaborazio hura, azkar eta hiruen artean sortu baitzuten kanta. Izan ere, letrak biren artean sortzeak bere erronkak ere badituela aitortu dute, negoziatu egin behar izaten baita, norberaren gauza batzuk baztertzeko prest egon, eta hitz bakoitza borrokatu. Prozesua “latza” eta, aldi berean, “oso polita” izan zela aitortu du Mayorrek, jolaserako bide eman ziena. Hala ere, gainerako letrak bakoitzak bere aldetik sortzea erabaki zuten. “Gure arteko elkarlana Ipuinetan ez bezela kantarekin amaitu zen berez, baina iazko udan Sevillako Gustavo Olmedo ekoizlearekin endredatu nintzen espainieraz samurtasunaren inguruko abesti bat sortzeko, nire maisua izan zen Carlos Menendezen omenez. Eta bueltan, irailean, pentsatu nuen samurtasunaren inguruko kantaren bat sortu nahi nuela euskaraz ere”. Ekaitzi letra gehiago sortzeko proposamena egin zion orduan: “Bakoitzak bereak, nik oso argi neukalako euskaraz eta nik bakarrik idatzi nahi nuela, erronka bezala, beti ere Ekaitz eskutik neukala jakinda. Beti pentsatu izan dut Ekaitz hitzen magoa dela, eta berak ireki zidan atea, ni ere poeta naizela esanda. Nik ere jolastu nahi nuen hitzekin, eta ama-hizkuntza espainiera izanik, zailtasun gehigarri bat zegoen, baina banekien Ekaitz hor zegoela, nik idatzitakoa berrikusteko. Xabiri ere esan genion eta aurrera egin genuen”, kontatu du Mayorrek. 

Goikoetxeak eta Mayorrek sortutako letrak musikatzeko ardura Crehuetena izan da, Gustavo Olmedok doinuz jantzitako Jan nazazu abestian izan ezik, eta ordiziarrak zalantzak izan zituela adierazi du, ordura arte letra eta musika batera sortzen ohitua baitzen. Mugatzat hartu zuen hasieran, baina lehen kantatik aurrera pentsamendu hori bazterrean utzi eta letren mezuan topatu zuen musika sortzeko inspirazioa. Letrak irakurtzen hasi eta melodiak dantzan hasten zitzaizkionez, bizpahiru astetan lau bat abesti sortuak zituen, “modu oso errazean”. “Abstinentzia-sindromea” ere izaten zutela aipatu du Crehuetek, eta letra gehiago jasotzeko irrikaz egoten zela, emaitza ikusita: “Ikusten nuen sortzen nuena gustuko zutela, polita geratzen zela, eta batez ere letra eta melodiak ondo uztartzen zirela. Orduan, hori horrela izanda, eta ni ere gustura nengoenez, esaten nien: bota gehiago!”. 

 

Maitatzeari kantuan

Mayorren ideia izan zen maitatzeari buruzko abestiak egitea, maitasuna eta maitatzea bereizi nahian: “Maitasuna sentimendu bat da eta maitatzea egitea da. Niri batez ere maitatzea interesatzen zait. Maitatzeak zaintzea eskatzen du, begiratzea, ikustea, arreta jartzea, eta hori maitasuna baino askoz politagoa da. Carlos Menendezek esaten zuen maitatzetik maitasunera beti iristen dela, hau da, zuk maitatzen baduzu, norbait zaintzen baduzu, begiratzen baduzu, eta partekatzen baduzu, maitasunaren sentimendua sortzen da. Baina kontrara ez da beti gertatzen. Bikote asko daude maitasuna sentitzen dutenak eta egun osoan elkar izorratzen ari direnak. Eta esaten dute: ez, ez, nik maitasun handia sentitzen dut… Baina ez duzu ezer egiten zure ondokoa zoriontsu egiteko. Hori da gure proiektuaren barruan dagoen hausnarketa”.Bazterreko gaiei argi egiten ahalegindu dira eta bandaren izenak berak ere, Popatik, hala islatzen du. “Eszenatik kanpo dagoena eszenan jartzen dugu, argitara ekarri nahi dugu ilunpetan dagoena: transexualitatearen gaia, eskaleen bizi-baldintzak, ipurtzuloa… Ipurtzuloarekin jolastea askori gustatzen zaigu, baina inork ez du hitz egiten horretaz. Jan nazazu kantan ere sartu nahi nuen hitza, inoiz ez baitut euskaraz kanta bat entzun ipurtzulo hitza agertzen denik. Denok dugu ipurtzuloa, ipurtzulorik gabe hil egingo ginateke, eta, gainera, jende askorentzat oso atsegina da ipurtzuloarekin jolastea”, azaldu du sexologoak. 

“Maitasuna sentimendu bat da eta maitatzea egitea da. Maitatzeak zaintzea eskatzen du, begiratzea, ikustea, arreta jartzea, eta hori maitasuna baino askoz politagoa da”“Popatik taldearen hitzek mezu didaktikoa daukate, eta askotan sendagarria”

“Eszenatik kanpo dagoena eszenan jartzen dugu: transexualitatea, eskaleen bizi-baldintzak, ipurtzuloa… Ipurtzuloarekin jolastea askori gustatzen zaigu, baina inork ez du hitz egiten horretaz”

Goikoetxearentzat ere ez da arrotza jokamolde hori, betidanik saiatu baita bertso-sortetan erdi-tabu diren edo agerian jartzen ez diren gaiei heltzen. Hain zuzen ere, proiektu honek horregatik erakarri zuen beasaindarra, oso gutxi lantzen diren gaietan murgiltzeko aukera emango ziolako, eta bazekielako Mayorrek ere identitatearen eta sexologiaren esparruan daukan jakintzatik egingo zuela ekarpena. “Beharrezkoa” iruditzen zaio halako gaiak abestietara ekartzea. 

Crehuetek argi utzi du euren bilduma ez dela edozein musika taldek aterako lukeena: “Askotan sortzen dira letra politak, baina hauen letrek mezu bat daukate, didaktikoa, eta askotan sendagarria. Osatzeko edo pertsona bat egoera hobera bultzatzeko boterea dute”. Abestiek ez dute plazer estetikoa soilik eskaintzen, baina hori ere badute, eta euren ustez horretan datza magia. 

 

Gizontasun ereduak zabaltzenHiru gizon dira taldean baina “oso desberdinak”, izan adinez, jatorriz zein pentsamoldez, eta “gauza batzuetan antzekoak”. Goikoetxeak himnotzat duen Mutilatu kantan, zeinetan Reincidenteseko Fernando Madinak ere abestu duen, gizarteak gizon izateari jartzen dizkion mugak izan dituzte kantagai. Goikoetxeak ETB1eko Artefaktua saioan ‘mutilatu’ hitza aipatu, eta hurrengo egunean Donostiako Zurriola hondartzan paseoan zebilela bururatu zitzaion hitz-jokoa Mayorri: “mutila nintzelako mutilatu ninduten”. Horrek bultzatu zuen mutil izatearen inguruko gogoeta egitera: “Hasiera batean ez nuen hainbeste pentsatu maskulinitate hegemonikoaren edo maskulinitate berrien kontuan, nire barnean honekiko ditudan hausnarketak ziren, hitzekin jolas egitea. Argi daukat mutilatu egin gaituztela, baina nire bizitzan egiten dudanaren erantzukizuna nirea da. Eta benetako gizona izatea giza-ona izatea da. Maitatzen dakiena, horixe da gizona”.

 

“Maskulinitate berri horietan zentzua izan behar du gizonak arduratzea gizarteaz, zaintzaz, gauza horietaz guztietaz, baina harro izanik gizona izateaz, ez lotsatuz”

“Oraindik jende asko ez dago prest guk sortu duguna entzuteko, barneratzeko eta lantzeko; didaktikoki eta sozialki oso aurreratua da”.

 

Era berean, gizona izateagatik ezkutatu behar ez izatea ere garrantzitsua iruditzen zaio: “Azkenaldian, badirudi gizonok barkamena eskatzen aritu behar dugula denbora osoan gizarte honetan dagoen bortizkeria guztiagatik eta matxismoagatik, eta nik pentsatzen dut: nik ez badiot ustez inori kalterik egin, lotsatu egin behar al dut gizona izateaz? Ez dut lotsatu nahi, eta aldarrikatu nahi dut gizona izatea ez dela sartu diguten kaka hori, gizona izatea zaintzea eta maitatzea dela. Maskulinitate berri horietan zentzua izan behar duena da gizonak arduratzea gizarteaz, zaintzaz, gauza horietaz guztietaz, baina harro izanik gizona izateaz, ez lotsatuz”.

Taldekide guztiak gizonak izan eta maitatzeari buruz hitz egiteak hasiera batean zalantzaren bat edo beste sortu ziola aitortu du Mayorrek, eta emakume batzuk bilatzeko ideia ere izan zuela, baina bere horretan uztea onetsi zuten. “Plazara irtengo gara argi edukita hiru gizon garela eta gizarte honetan gizon izateak hainbat pribilegio dakartzala, eta baita gizon izateak ekartzen duen mediokritate eta zama guztia ere. Hiru gizon gara eta horri kantatu nahi diogu. Mutilatu kanta maskulinitate berrien eraikuntzan erreferentzia bihurtu daiteke”. Crehuet ere iritzi berekoa da, baina gizarteak denbora behar duela uste du: “Oraindik jende asko ez dago prest guk sortu duguna entzuteko, barneratzeko eta lantzeko, zeren didaktikoki eta sozialki oso aurreratua da. Izan beharko lukeena da, baina gizartea beti hamar bat pauso atzerago joaten da. Maitatzeari bildumari erabilera pila bat ikusten dizkiot, batez ere hezkuntzan, eta nik uste dut egingo duela bere bidea”. 

 

Ikuskizun poetiko-musikala

Kanta-sorta amaitu zutenean, publikoki nola aurkeztu hausnartzen ari zirela, bestelako elementuak gehitzea otu zitzaien: diskurtsoa, poesia, mezuak… Mayor eta Goikoetxea jardun ziren horretan, Crehuet musika produkzioan murgilduta zegoen bitartean, eta idatzi ahala, elkarri pasatzen zizkioten testuak, haiei buruz hitz egiteko. Piezak guztiak hartu eta puzzlea osatzea lortu zuten horrela. Testuek emanaldia borobildu dutela uste dute, kanten arteko lotura egiteko balio baitute, guztia aterkipe berean sartuta. 

Sakontasuna ukaezina den arren, umorea eta dibertsioa ere badira ikuskizunaren parte. Ez ziren horretaz jabetu, ordea, Tabakalerako estreinaldira arte, ustekabean eta espero baino lehen sortu baitzitzaien aukera, eta, ondorioz, ezin izan zuten behin besterik entseatu eta aurrez jendaurrean probarik egin gabeak ziren. Goikoetxearen poemetan umore-jokoak badira, baina ez zuen uste hain agerikoak izango zirenik eta ezustean harrapatu zituzten publikoaren barre-algarek. Mayorrek ere baditu testu hunkigarriak, entzulea ukitzeko gaitasuna dutenak, baina rol jostaria ere hartzen du, batez ere Jan nazazu kantarekin, bere barruko showmana ateraz. “Lehen emanaldian deskrubritu genituen indarguneak. Nik hasieran esan nien bakoitzak rol bat hartzeko. Guapoa badakigu zein den, Ekaitz poeta eta ni eroa. Nik flipatu egin nuen Ekaitzekin Tabakaleran, zeren Ekaitz gizon serioa da, eta jendeak nola egiten zuen barre…”, kontatu du Mayorrek. 

 

“Barrez ari da jendea, ondoren gerrari buruz hizketan hasten gara, hunkitu egiten dira, eta duela minutu bat barrez ari zen. Bidaia emozional bat egiten asmatu dugu”

 

Ikuskizuna errusiar mendiarekin parekatu dute sortzaileek: “Barrez ari da jendea, ondoren gerrari buruz hizketan hasten gara, hunkitu egiten dira, eta duela minutu bat barrez ari zen. Nik uste dut horretan ere asmatu dugula, bidaia emozional bat egiten”.

 

Elkarrenganako sinesmena eta babesa

Begi-bistakoa da Popatik bandako kideek elkarrekiko sentitzen duten begirunea eta miresmena, eta horrek elkarrekin bidea egiteko eman die indarra. Euren bizitzaz hitz egiteko nahi adina denbora izan ez duten arren, nabarmena da gozatu egiten duela elkarren konpainian. Goikoetxearen hitzetan, “nik baneukan gogoa biak gehiago ezagutzeko. Aingeruk asko erakartzen ninduen, eta berarekin egon izan nintzenetan konturatu nintzen denbora gehiago igaro nahi nuela berarekin, asko ikas nezakeelako eta asko aberastu”. Mayor ere Goikoetxea “fenomeno” hutsa zela jabetu omen zen, “langilea eta sortzailea”. 

Crehueten talentuaz ere ohartu zen Goikoetxea, eta “toki gehiagotan” kantatu beharko lukeen ustea izan zuen hasieratik; horretan lagundu nahi izan zion letra batzuk pasatuz eta jotzera gonbidatuz. Ordiziarra esker oneko sentitzen da babesarekin: “Oso gutxitan jaso izan ditut halako mezuak, eta batzuetan ohartzen zara ondo geratzeagatik esaten dutela. Jende oso gutxi topatzen duzu benetan zure musika gustuko duena, eta konturatu nintzen Ekaitz horietako bat zela. Eta gerora, Aingeru ere bai”, aitortu du Crehuetek. “Nire sentsazioa izan zen nire musika entzuten zutela, gustatzen zitzaiela eta, gainera, aurrerago joateko bultzatu nahi nindutela. Hasieratik ikusi nuen Ekaitzek eta biok oso ondo ulertzen genuela elkar sorkuntzan”.

Popatik taldearekin egindako ibilbideak hazteko bidea eman diola uste du musikariak: “Nire bildumak hartzen ditut orain eta ezin ditut Popatik-en bildumarekin alderatu, hamar aldiz hobea iruditzen zait musikalki. Eta letra zer esanik ez. Izugarrizko igoera izan da. Badauzkat kutunak ditudan nire kantu batzuk, esaterako Gailurretatik gora edo Gaua, baina kalitate aldetik Popatiken kantak askoz hobeak dira”. Letrek horretan zerikusia izan dezaketelakoan dago ordiziarra: “Lan bat izango balitz bezala ikusten dut, zerbait kalitatezkoa, eta nire subkontzienteak eskatzen dit oreka hori mantentzeko. Asko ematen didan jokoa da, oso betea sentitzen naiz. Nahiago dut letra jaso eta musikatu, zeren nik oraintxe bertan zer kontatu gutxi izango dut, baina inspirazioa hauen letretara bideratzen dut”. 

 

“Ni ez naiz musikaria, ez naiz poeta, ez naiz disenatzailea, ez naiz abeslaria, ez naiz aktorea… Ez naiz ezer, baina banaiz nor”

 “Jolastea dagoen gauzarik zoragarriena da, presentzia eta arima guztia jartzea sortzen eta asmatzen”

 

Mayor ere gustura sentitzen da beste biekin jolasean: “Ni ez naiz musikaria, ez naiz poeta, ez naiz disenatzailea, ez naiz abeslaria, ez naiz aktorea… Ez naiz ezer, baina banaiz nor. Niri loteria tokatu zait; berrogeita hamar urte bete ditut, eta bizitzak jolasteko aukera oparitu dit. Jolastea dagoen gauzarik zoragarriena da, presentzia eta arima guztia jartzea sortzen eta asmatzen”. Bere buruari baimena eman dio, izateko ez bada, aritzeko behintzat: “La Pollaren dokumentalean aipatzen da haiek ez zutela ideiarik musikari buruz, baina Evaristok bateria bat, baxua eta gitarra erosi, bakoitzari bat eman eta esan zuela: talde bat gara, goazen egitera! Zeinen polita den pentsatzea kontua ez dela zer izan, baizik eta egiten jartzea. Beste gauza bat da egiten duzuna kalitate onekoa den ala ez. Oso perfekzionista naiz eta zerbait eskaini nahi baldin badut, oso kalitate onekoa izatea nahi dut, oso landua. Poeta naizen ez dakit, baina lauzpabost kanta idatzi ditut, testuak eta poemak ikuskizunerako, eta nik uste dut indartsuak direla”. 

Euskaraz egin izanak ere badu balioa berarentzat: “Errazago moldatzen naiz espainolez. Eskola nazionalean ikasi nuen eta euskarazko lehen gauza hamalau urterekin irakurritako Karraspioren abenturak izeneko liburu txiki bat izan zen, eta hiztegi batekin zati bakoitza deszifratzen aritu nintzen. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko sentitzen dudan maitasuna kontuan izanda, gaur egun poesia egitera jolas dezakedala sentitzea izugarria da. Nire mugak ezagutzen ditut eta kantak idaztean ederra zela uste izaten nuen, baina Ekaitzek begiratzea behar izaten nuen, puntu bateraino itsu bainindoan, nire bizitzan inoiz erabili gabeko hitzak ere erabiliz”. 

 

Publikoarekin komunikazio zubia

Emanaldiekin dabiltza azken hilabeteotan, eta harrituta eta pozik daude izaten ari diren harrerarekin. Crehuet ezkor zegoen hasi aurretik, baina buelta eman du guztiz bere aldarteak: “Kantak kaleratu aurretik zerbait egitea lortuko ote genuen zalantza nuen. Nire bi diskoekin izandako esperientziagatik nire frustrazioak ere banituen, musikari guztiei aukera berak ematen ez dizkigutela eta. Baina emanaldiekin hasi ginenetik ezkortasun hori asko aldendu da, eta bete egiten nau jendea badagoela eta gu entzutera joaten direla ikusteak”. 

Emanaldien ondotik, jendea eskerrak ematera eta izugarri gustatu zaiela esatera hurbiltzen direla nabarmendu dute, baina jende askok izaten duela beharra handik hiru egunera sentitu duenari hitza jartzeko, eta hunkituta daude jasotako hitzekin. 

Ordiziako emanaldiaren ostean entzundakoa ekarri du gogora Mayorrek: “Ikus-entzule batek zera aipatu zigun: zuen ikuskizunean gelditu egiten da mundua, eta barruraka sartzen zara. Gure ikuskizuna ez doa poliki, baina oso polita iruditu zitzaidan berari bere barnera begiratzeko eta biltzeko balio izan ziola esatea. Gure zaurgarritasuna jartzen dugu oholtza gainean, komunikazio bide bat zabaltzen dugu, mezu batzuk ipintzen ditugu dialogoan gure artean, eta ikuslearengan ispilu egiten dute. Mendi errusiar horretan bidaia emozional bat sortzen da, alaitasunera, poztasunera, tristurara… Badaude momentu batzuk hunkigarriak, gogorrak direnak, eta nik uste dut barnera begiratzeko aukera ematen dutela. Jende desberdinak gauza desberdinak esaten dizkigu, bati mugitu dio hemendik, beste bati handik. Guretzat hain da polita sentitzea egiten ari garena jendearentzat baliagarria dela… eta batek baino gehiagok sendagarria dela ere esan digu. Argia jartzeko ere balio du, eta hau guztia edertasunez gainera. Edertasunez, goxotasunez, eta maitasunez”. “Eta bati on egiten badiozu, ez entretenitu bakarrik, on egiten badiozu, merezi du”, errematatu du Crehuetek.

 

 

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.