Zer gertatzen da Mungialdean? Zelako martxa dabilen Bizkaiko herri txiki horretan! Nafarroako Bera aipatu ohi dugu musikari handien jaioleku edo topaleku modura, baina Mungia ez da atzean geratzen. Errealitate hau ulertzeko lagungarriak izango diren arrazoien bila, hainbaten iritziak entzun ditugu. Ihintza Orbegozo (Berria egunkariko kritikaria eta Mauka Management enpresako langilea), Gotzon Uribe (Bilboko Kafe Antzokiko programatzaile mungiarra), Urtzi Iza (musikari eta musika ekoizle bilbotarra), Christian Rodriguez (Lukiek taldeko bateri-jotzailea) eta Josu Ximun Billelabeitiarekin (Lukiek eta Belako taldeko musikaria) berba egin dugu.
Testua: Txomin Larrinaga
Gotzon Uriberen esanetan, alde soziologikotik begiratuta, Mungia erdibidean egon izan da beti. Bilbotik hurbil eta Getxo moduko hiriguneetan gertatzen zenetik ere gertu. “Horrez gain, garai bateko hiruzpalau tabernek ere izan zuten zerikusia herriko gazteen musikazaletasunean". Uribek dioenaren arabera, Txiripa, Txutxubis edo Morris tabernetan rock musikaren inguruan askotariko gazteak batzen ziren. "Rocka eta popa entzuten zen eta, beste hainbat herritan bezala, komunitate bat sortzeko, kuadrillak taldeak sortzera bultzatzeko eta nolabaiteko elkartasuna biltzeko ezinbestekoak izan ziren".
Bazegoen, bestalde, kontzertu-areto edo dantzaleku ezagun bat: Circuito. Mila lagun inguru hartzeko moduko aretoa zen. Azkenik, garai hartan Mungiak indar handia zuen eskualdean, eta asteburuetan Uribe Kostako eta Txorierriko ehunka lagun hurbiltzen ziren bertako gaugirora. Bazegoen nolabaiteko joie de vivre generazional bat.
Hastapenak Mungian
Nabarmentzeko bi adibide aipatzen ditu Uribek: Pi L.T. eta Broken Bihotz.
Pi L.T.-ek azaroan iragarri zuen behin betiko itzulera eta datorren urteko Azkena Rocken ariko direla ere zabaldu zuten. 90eko hamarkadako Euskal Herriko undeground eszenan zeresan handia eman zuen Pi L.T.-ek, eta taldearen ibilbidea ezaguna da. "Gerora hasi ziren talde askoren erreferente izan ziren", azpimarratu du Uribek. "AEBetatik zetorren rock alternatiboaren garaia zen; Rafa Rueda, Aitor Abio eta Xanpe baterian; herrikoak ziren. Musikari oso trebeak ziren, eta rock musikari beste ertz batzuetatik begiratzeko zuten gaitasunak atentzioa ematen zuen".
Pi L.T. taldearen aurrekaria akaso ez da hain ezaguna: "Rafa Ruedak gidatzen zuen Broken Bihotz taldea aipatu behar dut. Herriko gazte askorengana iritsi zen diskoa plazaratu zuten: Desioak izena gradua galtzen duenean (Elkar, 1992). Pop estilokoa zen, eta Itoiz moduko taldeen oihartzuna zekarren: rock progresiboa, teklatuak, gitarrak... Herri mailan mugarritxo bat izan zen", gogoratu du Uribek.
Hala eta ere, bi horiez gain, Mungian eta inguruetan aritu dira talde gehiago, bestelako estilo eta jardunekin. Abiapuntutzat 80ko hamarkada hartzen badugu, bazen Bai Zera izeneko talde bat. Garaiko punk eta rock doinuak jorratzen zituzten, eta disko bat plazaratu zuten. Garai hartakoak ziren, baita ere Tripustelak, punk estiloan. Banda hauen partaideek, bestalde, fanzine bat argitaratzen zuten herrian. 90eko hamarkadaren etorrerarekin, banda gehiago sortzen hasi ziren, modu aktiboagoan. Bazegoen bat XXL deitzen zena, gaur egun oraindik martxan segitzen duena. Mungian skate park bat zegoen eta horren inguruan biltzen ziren askotariko talde eta gazteak. "XXL haiek kanpotik zetorren hardcore melodikoaren aintzindariak izan ziren gurean. Bad Religion moduko taldeen isla ziren alde batetik batetik; melodia eta rock arina. Eta horrekin skate kultura uztartu zuten”, dio Gotzon Uribek. Hainbat kontzertu eman zituzten garaiko nazioarteko taldeekin batera. Maketa eta lehen disko hura gaur egun askok dute gogoan. "Talde hauen inguruan zebiltzan lagunek komunitate bat osatu zuten”, borobildu du Uribek.
Belaunaldi berriak eta musikari-komunitateak
Gaur egun ere ba al dago benetako komunitaterik Mungialdeko musika taldeen inguruan? Belako, Toc, Lukiek, Sua...
Belaunaldi berriez ari bagara, Belako izena azaltzen da lehenik. Orain dozena bat urte sortu zen taldeak zeresan handia eman du-eta. Nola Mungian hala Bizkaian, eta baita Euskal Herrian nahiz atzerrian ere.
Pi L.T. eta XXL moduko taldeekiko lotura estiloan datza. Atzerritik datorren rock alternatiboaren korrontea jarraitzen baitute Belakokoek ere. Baina ñabardura bat gehitu du Gotzon Uribek: “Toc eta Lukiek-ek bezala, Belakok ere arty kutsua gehitu dio musikari". Arte ederretako ikasleak, ikus-entzunezkoetakoak eta mundu digitala sorkuntzara modu trebean eramaten dakien komunitate bat osatzen dutela uste du Uribek. Sarea herritik harago doala ere gehitu du, eta beste toki batzuetako lagunekin elkarkidetzan egiten dutela lan. "Belaunaldi berri baten parte sentitzeko gogoa egon daiteke horren oinarrian. Sorkuntzak eta musikak bultza ditzakeen aldarrikapenak berezko modu batean gizarteratzeko gogoa", azpimarratu du.
Urtzi Iza bilbotarraren iritziak ere badu pisua, Mungialdeko taldeekin lehenengo lotura Belakoren bitartez izan zuen-eta. "Mungiako estudio batean, hainbat taldetako jendea batzen ginen, kontzertuak egiten genituen, egunpasak... eta Bilbotik Enkore taldekoak Mungiara joaten hasi ginen Bilbon bizitzen ez genuen giroaren bila", gogoratu du. Izugarri interesgarria zen musikarien topaketa hori Izaren esanetan: "Gerora ere mantendu den erlazio bat sortu zen gure artean".
Jose Lastra soinu teknikaria ere garai horretan ezagutu zuen Urtzi Izak. " Pi L.T. entzuten eta ulertzen hasi nintzen bere laguntzarekin. Ulertzen hasi nintzen, baita ere, gaur egun Mungian gertatzen ari den leherketa musikala ez dela unean uneko gertakari isolatua". Argi dago herri batean musika taldeak aritu izanak banda berrien sorrera errazten duela. Antzera gertatu da Berriz, Usurbil edo Bera moduko herrietan.
"Egiari zor, begi bat Mungiari begira eduki dugu Bilbon. Dekot atera zenean, edo Cecilia Payne taldea. Erreferente izan dira guretzat". Izarentzat konexio natural bat egon da Bizkaiko hiriburuaren eta Bilboren artean. "Azkenerako, elkarrekin kolaboratzen edo lan egiten amaitu dugu. Ni adibidez, teknikari aritzen naiz hango taldeekin, Tocekin, esate baterako". Mungiatik zetorren musikak pisu handia izan du Bilbo handian, Izaren hitzetan. "Rock estilo garaikide eta esperimentalei bultzada ematen jakin dute eta era horretako taldeek euskaraz abestu dezaketela irakatsi digute".
Erreferentzialtasuna
Ihintza Orbegozorentzat, erreferentzialtasuna da gakoa. "Sortzen da talde bat, lagunartean jendeak komentatu egiten du, herria zaletzen hasten da eta zaletze horrek sormenerako bidea irekitzen du. Zure maila bereko erreferenteak sortzen dira, eta hori oso garrantzitsua da, ez baita gauza bera zure maila bereko erreferenteak izatea edo mundu mailako artista bat zure erreferente izatea".
Estilo ezberdinak jorratu arren, antzeko zirkuituetan mugitzen diren taldeez ari gara, Orbegozoren ustetan: "Beran, adibidez, rock and rolla. Mungian, aldiz, post punka. Bata bestearen inguruan hazten joan dira perretxikoak bezala. Formula magikoa zein den ez dakit, baina ingurua determinantea da".
Iritzia eman duten guztiek Belako aipatu dute, eta haiei ere eman behar genien hitza. "Ez daukat erantzunik –dio Belako taldeko Josu Ximun gitarristak–. Mungian beti egon dira taldeak, Udalaren entsegu-lokalak beti egon dira beteta", azpimarratu du. "Hasi ginenean, guk egiten genuen musika ez zuten talde askok egiten. Beste garai batzuk ziren. Gure gurasoek entzuten zuten 80ko hamarkadako musika entzuten genuen guk ere. Orain errazagoa da hori tabernetan entzutea, Spotify dago...", gogoratu du. "Garai hartan pauso bat eman genuen. Orduan, akaso, Berri Txarrak eta talde tronpeteroak (errespetu guztiarekin) entzuten ziren gehien, eta herrietako plazak betetzen zituzten. Guk alde alternatibotik irten ginen, batzut horrelako musika entzuten hasi ziren eta orain antzeko musika egiten hasi dira".
Belako eta gero, Mungian Dekot irten zen. Orain, banda harteko zenbait kide Sua taldean aritzen dira. " Dekot-ekoak gurekin ibiltzen hasi ziren –gogoratu du Ximunek–, eta gauza asko partekatzen genituen. Gerora Toc-ekoak. Oso lagunak dira den-denak". Gaztetxearen sorrera ere azpimarratu du: "Gaztetxeak asko batu gintuen. Lehenago nor bere lonjan elkartzen zen. Gaztetxetik atera eta gazteak batera ibiltzen ziren tragoak hartzen. Kuadrillak jada ez zeuden isolatuta, eta batek egiten zuena besteak egiten hasi ziren agian. Beste era bateko musika, esate baterako". Hori bai, inoren erreferente edo aitzindari ez direla azpimarratu du Josu Ximunek, elkar-elikatze modura sentitzen duela.
Taberna berezi baten inguruan ere egin du berba Ximunek: "Musika oso ona ipintzen zuen taberna bat ere bazegoen Mungian. Lukiek taldeko bateri-jotzailak, Christianek, han egiten zuen lan, eta Lukiek taldea bera ere han sortu zen”.
Christian Rodriguez 2001ean joan zen Mungiara bizitzera. "Aurretik baziren hainbat talde Mungian. Ni heldu nintzenean Pi L.T.-en ibilbidea amaitzen ari ziren, baina hardcore melodikodun beste hainbat martxan zeuden: XXL, Nenas, Cinco contra el calvo, Pogmothon eta beste era bateko musika egiten zuen Itziarren semeak", dio Rodriguezek. Bere esanetan, tarte luze bateko geldiune musikalaren ostean, 2010ean-edo, Belako atera zen, eta euren osteko olatua beraiek eragin eta motibatu dute. "Gazte-gazteak ziren eta erakutsi zuten posible zela aurrera ateratzea". Josu Ximunek egin bezala, Rodriguezek ere Gaztetxea eta berak lan egiten zuen taberna ere aipatu ditu: "Gaztetxeak batu gintuen, nik lan egiten nuen tabernatik pare bat talde atera ziren". Laburbilduz: "Zirkulu txiki batean eszena muntatu da: Sua, Toc, Lukiek edo eta Belako. Eta aterako dira talde berriak ere!"
Naza Fest
Hor dago, bestalde, sanjuanen bueltan ekainean Mungian egiten duten Naza Fest jaialdia. Modu alternatiboan egituratuta, herriko gazteek sustatzen dute. Iaz J Martina, Chuleria Joder!, Txopet, Itzek eta Nahia Novo dja aritu ziren. Aurreko edizio batean Airu, Nize, Perky Pat, Ttun Ttun Brigade... Bistan denez, gaur egungo underground eszenan dabiltzan proposamenek bere lekua dute jaialdi horretan. Eta horrek ere bere alea ekartzen du. Urtzi Izak hala uste du behintzat: "Naz Fest katalizadore bat izan zen Mungiatik kanpo geundenentzat”.
Testu honetara ekarri ditugun guztien hitzetan errepikatu direnak izango ote dira Mungialdeko uzta azaltzeko arrazoiak: aurreko taldeen eragina, maila bereko herritarren erreferentzialtasuna eta gaztetxe edo tabernetan sortzen diren gazte-komunitateak.