entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Josean Larrañaga: URKO

ERRETIRORAKO BIDEA

Testua: Urko ansa 

 

Baten batek pentsa lezake Josean Larrañaga ‘Urko’-k egin beharrekoak egin dituela, jada inori ezer frogatzeko beharrik ez daukala; edota, berak dioen bezala, erretiroa hartzeko momentua iritsi zaiola. Baina, 2021eko urtarrileko ‘Urko Ezezagunak’ kontzertuak eta izen bereko zuzeneko diskoak teorian azkena behar zuen arren, datorren otsaila aldera halako beste bat argitaratuko du. Bere ibilbidean bosgarrena izango da, eta pasa den maiatzaren 26an Bilboko Arriaga Antzokian egin zuen saioa jasoko du. “Urko herrikoi, Bilboko Musika Bandarekin” modura iragarri zuten zuzeneko hura eta, ondorioz, ez zuen, aurrekoetan egin bezala, kanta ezezagunetan sakondu. Horrenbestez, nolabait, guztiz ezberdin eta elkarren osagarri diren bi disko ondu ditu. 

Oholtza gainean erakusten duen kalitate musikal zein teknikoak frogatzen dute artistaren grina perfekzionista. Kontuan hartu behar dugu iragan maiatzaren 26ko emanaldia ere ETBk grabatu zuela, eta horrek abantaila asko eta handiak dakartzala. Azken hamarkadan Donostiako Konstituzio Plazan, Victoria Eugenia Antzokian eta Trinitate Plazan zuzeneko bana grabatuta, Bilboko Arriagako azken honekin pozik eta asebeteta sentitzen da Urko, nahiz eta jarraitzaileok aurrera segi dezan nahi dugun.

Donostian 1948an jaioa, bere aiton-amonek erdaraz hitz egiten ez zekiten arren, egoera politikoa medio, guraso erdaldunak zituen, eta Urko bera ere erdalduna izan zen gaztetan euskaraz ikasi zuen arte. Los Corsarios taldeko partaide izan zen, eta eskema rockero haiek bakarkako ibilbidearekin kontrastatzen badute ere, ikusiko dugu Urkoren kantautore formatuak pultsazio rockeroak ere onartzen dituela, baita 70eko hamarkadan rock progresiboaren lurraldeak ezagutu zituela ere. Datu esanguratsu gisa: modu batera edo bestera, bere disko guztietan nabaria da bateriaren presentzia.

Euskal kantagintzarekin sentitu zuen lehen konexioa ezaguna da: 19 urte zituelarik Lourdes Iriondo Donostian kantatzen ikusi zuen eguna erabakiorra izan zen, eta gakoa da bere ondorengo ibilbidea ulertzeko. Ez Dok Amairu martxan jarri zen garaian sentitu zuen, beraz, Urkok zirrara eta barne-eraldatze hori, eta bere bizitza osoan iraun duen garra piztu zuen. 1974an eman zuen lehen kontzertua Donostiako Trinitate plazan, 31 urte geroago diskoa grabatuko zuen leku berean. Berak grabatutako maketa bat bidali zuen Madrilera, eta sorpresa handia izan zen Espainiako hiriburura lehen diskoa grabatzera joateko Zafiro diskoetxeak egin zion eskaintza. 

Seat kotxea hartu eta bere kabuz joan zen Audiofilm estudioetan grabatzera. Hango baliabideek eta estudioko musikari profesional onenen mailak guztiz txundituta utzi zuten. Bertigo apur bat ere (edo asko) sentitu zuen Josean gazteak. Baina Javier Iturralde musika zuzendariak beragan sinetsi eta konfiantza oso eman zion, eta Urkok berezkoa duen ausardia erakutsi zuen grabazio hura aurrera ateratzeko. 1976a zen, eta diskoaren arrakastak eragin oso sakona izan zuen euskal eszenan. Lehen urtean 70.000 ale saldu zituen, eta euskal musikagintzan ezarri zuen errekor hura soilik berak gaindituko zuen hurrengo urtean grabatu zuen zuzeneko mitiko harekin: Hemen gaude diskoaren 80.000 ale saldu zituen, euskara hutsez kantatutako disko batek inoiz eman duen zifrarik handiena. Oraindik ere, 45 urte geroago, inork ez du marka hura gainditu, berdindu, edo sikiera hurbiltzea lortu ere.

 

Kantautore eta militante

Auzi politikoa guztiz presente egon zen Urkoren lehen garaietan, eta zuzeneko hura trantsizio sasoiko emanaldiak nolakoak ziren ulertzeko dokumentu paregabea dugu. Garai goiztiar haietan hit mordoa konposatu zuen: Guk euskaraz, zuk zergatik ez; Maite, maite, maite; Usurbilgo eliza; Lehenengo ikasgaia... zerrenda luzea da. Gerora Akelarren ariko zen Ina Goikoetxea gitarra-jotzailea, edota Iñaki Altolagirre baxu-jotzailea alboan izan zituen, baita Iñakiren anaia Angel Altolaguirre teknikari lanetan ere, Josean Ontoria soinujolea eta Aingeru Kaperotxipi bateria-jotzailea ahaztu gabe. Estudioko diskoak, ordea, Urko canta a José Bergamín izan ezik, Audiofilmen grabatu zituen nagusiki, eta kasu horietan diskoetxeak jarritako musikari profesionalekin aritzen zen, Donostia maitia (hau barne) kaleratu zuen arte, bederen. 

Soilik Ina Goikoetxearen gitarra doinu batzuk eta Josean Ontoriaren akordeoia sartu ahal izan zituzten estudioko lehen lau disko haietan, nahiz eta Hemen gaude zuzenekoa ezberdina izan zen, noski. Garai gordinak izan ziren haiek: errepresio politiko eta militarra bortitzak ziren; borroka sozial, politiko, linguistiko eta armatua pil-pilean zeuden, eta zentsura ere aski zorrotza zen. Kontzertu batean ikurriña ateratzeak, oraindik legez kanpokoa zen artean, nolako zirarra sortzen zuen imagina dezakegu. Polizia Nazionalaren kargek eta jendearen oihu nahiz aldarrikapenek kontzertuak mitin bilakatzen zituzten; eta horrek alde musikala ere landu nahi zutenen atsekabea eragiten zuen. 24 Orduak Euskaraz emanaldia dugu horren adibideetako bat. Urko borroka politiko haietan buru-belarri zebilen, eta intentsitate handiz bizi izan zituen urte haiek guztiak. 

Jakina da polimilien adarrekoa zela. 1977an ETA P.M.-k armak utzi eta Euskadiko Ezkerra koalizioa sortuko zen. 1993an, Euskadiko Ezkerra PSE-PSOE alderdiaren baitan txertatuta gelditu zen, hasieran koalizio moduan, gerora, pixkanaka, protagonismoa galduz. Ordurako Urkok beste bide bat hartua zuen. Esan beharrik ez dago EE alderdia PSEn sartzeak militante asko dezepzionatu zituela. Ikurriñaren legeztatzeak eta Euskal Autonomia Estatutuaren onarpenak ere beste bide batetik jotzeko arrazoiak eman zizkioten Urkori: aurrerantzean soilik kantari lanetan ariko zela erabaki zuen, borroka politikoa alderdien esku utziz. Dena den, ez dugu ahantzi behar euskaraz kantatze hutsa hautu guztiz politikoa zela. Urkok berak eta Gorka Knörrek diskoetxe handi baten eskaintza jaso zuten erdaraz kanta zezaten baina, dirutza eskaini zieten arren, ezetz erantzun zuten. 

1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zuten ikurriña, eta 1979ko abenduaren 18ean onartu zuten Estatutua. 1978an Urkok argitaratu zuen Zuretzat Galizia singleak bazekartzan aldaketa zenbait: lehen aldiz, aldarrikapen internazionalista egin zuen eta, musikari dagokionez, garai hartan hain bogan zegoen rock progresiboaren eskema batzuk probatu zituen, emaitza aski erakargarria lortuz. Urte hartan bertan argitaratu zuen Gure lagunei LP bikainak bazuen 17 minutuko suite gozagarri bat, diskoaren izen berbera zeraman kanta, hain zuzen ere. Dudarik gabe, hura izan zen Urkoren obra progresibo borobila eta, rock sinfoniko eta progresiboan hain ohikoa zen bezala (Benito Lertxundik berak ere egin zuen halakorik), formatu ‘normala’ zeukaten piezak ere ekarri zituen: Kanta behar nuke; Oihana; Irabazi dugu... Disko kontzeptuala da, aipatu estiloaren tradiziorik hoberenean, 1975ean frankistek fusilatutako Txiki eta Otaegiri eskainia.

 

80ko hamarkadaren atarian

Eraldaketa edo eboluzio musikal horrek ez zion bere mezuari inolako indar politiko eta aldarrikatzailerik kendu. Aldaketa geroago etorriko zen. 1979an Goiherri lan boteretsua argitaratu zuen, aurreko guztiak bezala Zafiro ahalguztidunaren eskutik, nahiz eta hauxe izango zen, hain justu, Madrilgo etxearekin argitaratu zuen azkena. Rocka konplexu handirik gabe landu zuen, eta baliteke eboluzio hori disko gutxiago saltzearen arrazoia izatea, baina maila musikala oso altua izan zen. Teklatuak eta efektu zenbait ez dira falta, baina bere ahotsak eta hainbat gaik jatorrizko planteamenduaren zilbor-hestea osatzen dute, nolabait. Izan liteke diskoa nolabaiteko erdibidean gelditu izana; hasierako garai borrokalarien eta ondorengo gai kostunbrista eta herrikoien artean geratu baitzen bultzada rockero oso markatua zeukan binilo hura. Dena da posible... baina entzuteko aukera baduzue, ez zaizue damutuko. 

80ko hamarkada hastearekin, Zafirok kontratuaren amaiera bilduma bat argitaratzeko aprobetxatu zuen (Biltzen, 1980) eta Urkok ez zuen disko luzerik argitaratu 1982ra arte. Urte hartan Gipuzkoako Aurrezki Kutxak Donostiako kantak grabatzeko proposamena luzatu zion, eta hortik etorri zen Donostia maitia. Aurrezki Kutxan kontu bat irekitzearen truke erregalatzen zuten diskoa eta, horrek salmenta zifrak erlatibizatzera garamatzan arren, 75.000 mila ale banatu zituzten. Kontxo! Berriz ere zifra harrigarria! Lan hartan Urko bere Easo maitearen kantari bihurtu zen, eta Iparragirreren obren (Nere maitiarentzat; Oi! Nere zoragarria; Agur Euskal-Erria; Zugana Manuela) eta kanta herrikoien (Maritxu nora zoaz; Itxasoa laño dago; Donostiako iru damatxo; Kaia barrenian; Artillero dale fuego...) bilduma horrekin bere ibilbidea birrasmatu zuela esan dezakegu. 

Egia da Donostia maitia horren eta aurrerago aipatuko ditugun beste disko batzuen eraginez, aurrerantzean zenbait kanta behin eta berriz jotzera kondenatuta ikusi zuela bere burua, agian berak nahiko lukeena baino gehiago. Baina, edozein kasutan, Urkok eduki zuten ohiartzunaren lekuko dira, inondik ere. Hurrengo lana (Kaioen Amodioa, IZ 1984), aski segur, eta Gure lagunei biniloa ahaztu gabe, bere ibilbideko onena dugu. Audiofilmen grabatu zuen, horrek zekartzan abantaila tekniko eta logistiko guztiekin. Baina lan horrek bazekarren berrikuntza erabakior bat, atzera bueltarik gabekoa gainera: lehen aldiz, bere musikariek grabatu zuten disko osoa: Ina Goikoetxeaz gain (Akelarreren abentura amaitua zuen jada 1984rako), Mikel Artieda (baxua), Fernando Irazoki (gitarra), handik aurrera betiko bidelagun izango zuen Javier Pérez de Azpeitia (pianoa, sintetizadoreak) eta betidanik bere diskoen zuzendari musikala izandako Javier Iturralde. IZrekin grabatu zuten lan luze bakarra izan arren, Fernando Unsainen flautaren kolaborazioa ekarri zuen bederen.

Kaioen Amodioaren balioa, aspektu teknikoan ez ezik, alde artistikoan eta poetikoan datza. Gaitegia bera ere lirikoagoa da. Adibidez, Kaioen amodioakanta homonimoan Iñaki Zabaletaren hitzek sortzen duten zirrara azpimarratzeko modukoa da; nola maitatzen dute kaioek? Gainera, bossa-nova estiloan egindako harribitxi bat ere badugu: Vinicius lagun. Urko musika estilo horren jarraitzaile sutsua da eta, 1980an Vinícius de Moraes musikari brasildarraren heriotzak asko hunkitu zuenez, kanta bat egitea erabaki zuen. Abesti honetan bossa-novaren esentzia hori guztia bere musikariekin ezin hobeki harrapatzea lortu zuen; meritu handiko lorpena, estilo horren erritmoak eta egiturak oso konplexuak baitira ohitura handia ez daukan edonorentzat. Grabazio hau ondu zuten musikari euskaldunei gure miresmena, hortaz. 

Rock eskemek ere badute presentzia diskoan: Ez dut nahi gehiago; Poztu hadi eta Otsoen gaua rock gordin eta, nolabait esateko, primitiboak dira, eta Urko tonu garratz horietan kantatzen entzuteak badu bere morboa. Baina Vinicius lagun sorpresa handia izan bazen, zer esan Jamaika Irratiari buruz? “Reggae kanta bat, horixe falta genuen!”, esango zuen baten batek. Martxa handiko kanta, edozein festa alaitzeko moduko garra dauka, errepika borobila eta hit single izateko osagai guztiak. Natali inoiz egin duen maitasun abestirik ederrenetakoa dugu: Joseba Zulaikaren hitz sentiberek konposizio limurtzaile eta mitiko hau zeruraino igo zuten. Javier Pérez de Azpeitiaren pianoak, bestalde, bihotza uzkurtzen digu, eta diskoaren salmenta arrakasta esplikatzen du. 

 

Ondare hilezkorra

Seguru aski, artista urte onenak bizitzen ari zen Josean. 1985eko Gora gure errege singlea betierekoa dugula esatea gutxi da. IZrekin argitaratu zuen azkena da. Erritmo zorabiagarriek, sintetizadore ahalguztidunak eta rock eskemaren botereak gure plazetako dantzaldietan presentzia itzela edukitzera eraman dute. Nork ez du kantatu “Gora Nafarroa eta gora gure Errege”? Urkoren errepertorioko piezarik onenetakoa, dudarik gabe. Ina Goikoetxearekin batera konposatu zuen eta, bitxikeria moduan, IZren Donostiako estudioan grabatu zuten, beste disko guztiak ez bezala.

Hurrengo urteetan ildo herrikoiari heldu zion berriz ere. Bihotz-bihotzez (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986) eta Sagardoa: betiko kantak (Discos A Medida, 1991) lanen eskutik, ez zion muzin egin anbizio artistikoari (ondo zaindutako diskoak izateaz gain, teknikoki eta musikalki oso jantziak dira), baina ez zuten berezko kantarik ekarri. Politika arloan zenbait arazo izan zituen gure protagonistak. Aipagarrienetakoak ETAk Yoyes militante ohia hil ondorengo garai hartan sortu ziren tentsioak, Imanol Larzabalek antolatutako kantaldi hura tarteko, nahiz eta gehiago ere egongo ziren. Gure historian momentu ilunak izan dira, eta Urkok oso bortitzki bizit izan zituen jasandako presio eta mehatxuak.

Urko canta a José Bergamín (Magna Music, 1996) disko zaila izan zen. 1983an zendua, Urko Bergamínen mireslea zen arren, haren familiakoekin arazoak izan zituen lana ateratzeko edo, hobeki esanda, ez zizkioten gauzak asko erraztu. Dena den, poesia dotore haietako hamar bildu eta lan mardula eta heldua osatu zuen. Diskoa patxadaz eta arretaz entzuteko moduko lan sosegatu eta osoa dugu, euskal kantariaren heldutasunaren lekuko, eta erdaraz egin duen bakarra. Urkoren bizitza artistikoa zein pertsonala film bat errodatzeko modukoa da, baina espazioa mugatua da eta soilik azken ohar batzuk egiteko lekua daukagu. 

Bere diskografia ez zen Urko canta a José Bergamín  harekin amaitu. 2003an antologia zabala argitaratu zuen konpaktu hirukoitz batean: Hemen gaude!! (ez nahastu izen bereko 1978ko LParekin). Ondoren etorriko ziren zuzeneko hainbat, artikulu honen hasieran aipatu ditugun hirurak eta laister etorriko den azkena, hain zuzen.

Era gogoetatsu eta lasaian aztertzen du iragana eta, bere obraz harro dagoen arren, umiltasun osoz berrikusten du egindakoa. Baina ez dezagun ahaztu Urkok pultsazio inpultsibo eta borrokalariak ere badauzkanik, hori baita beti aurrera egitea ahalbidetu diona, eta azkenaldian egin dituen proiektu guztien arrazoia (Bilboko Banda, Ezezagunak kontzertua, Trinitate plazakoa e.a.). Osasun arazoek ez diote tregoa askorik eman azken bolada honetan, baina grina ez du inoiz galdu, eta oraindik fruituak emango ditu. Gogora ekar dezagun 2023ko otsaila.  

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.