entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Ines Osinaga

BIZITZA BIZIKI BIZI


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Fernändo Alonso Abad
Argazkiak: Jone Albeniz

Iazko urtea bukatzear zela, Ines Osinagak esan zuen beretzat 2022a sortzeko urtea izango zela. Proiektu batzuk jada bazituen martxan, beste batzuk buruan bueltaka. Ilusioz begiratzen zion urte berriari. Hilabeteak joan dira, orduko asmoak gogotik bete ditu, eta “pozik” dago, arlo pertsonalean eta baita arlo kolektiboan ere. Beste gauza askoren artean, ‘Itsasoa da bide bakarra’ diskoaren aurkezpena du esku artean, Kubako musika tradizionalari loturiko emakumeekin* ondutako lana. 

Ikasbide ere izan da urtea Osinagarentzat: “Aurten deskubritu dut musika egitea asko gustatzen zaidala, baina gehien gustatzen zaidana gauzak kontatzea dela”. Transmititzea. Izan ere, bere hitzek, bere musikak bezala, energiaz, ilusioz eta konpromisoz biltzen gaituzte. Eta hori guztia areagotu egin da bere lan berria, Itsasoa da bide bakarra diskoa, Durangoko Azokan eskuragarri izan dugunean.

“Agian pretentziosoa da esatera noana, baina uste dut kontatzen dugun istorioa kantetatik harago doala”. Hain zuzen ere, joan den apirilean Elkar Fundazioaren Joseba Jaka Beka jaso zuenean, horixe bera azpimarratu zuen epaimahaiak: Ines Osinagak aurkeztutako proiektua disko bat egitetik haragoko zerbait zela, asmo handikoa eta artistikoki interesgarria.

“Urte hasieran baneuzkan proiektu batzuk buruan, eta hasi nintzen pentsatzen nola finantzatu aurrera eramateko. Itsasoa da bide bakarra aurkeztu nuen Jaka Bekara, eta Kuban geundela jaso genuen berri ona! Argi neukan lan hau egin nahi nuela eta, horregatik, ordurako jada martxan geunden, beka jasoko genuela jakin gabe ere” 

Hura aitortza modukoa izan zen Osinagarentzat. “Kanpo begirada batetik beste norbaitek esatea Beno, ez zaude isolatuta, proiektu hau guay izan daiteke, segi hortik... Askotan, sormen prozesuetan murgilduta nabilenean, ideiak eduki arren, ziurgabetasuna sentitzen dut, piezek enkajatuko ez balute bezala. Eta gero, badago beste fase bat zeinetan pieza guztiek enkajatzen duten. Ba, hain justu une horretan epaimahaiak, niretzat autoritatea eta sinesgarritasuna daukaten hiru pertsona musikero jakintsuk, esatea Jo, tía, segi horretan... hori izan da bultzadarik handiena.” 

Bultzada ez ezik, dirua ere eman zion. “Lasai sortu nahi nuen, presiorik gabe. Edo, bai behintzat, barruko erritmoak markatuta, eta sormen bideak eskatzen zidanaren arabera. Beka 10.000 euro izan ziren: 5.000 grabaketarako eta 5.000 sortzen ari zaren bitartean lentejak jateko.” 

Urte bat du proiektua garatzeko. Hala ere, Durangoko Azokan bertan aurkeztuko dute, hau da, lauzpabost hilabete lehenago. “Kuban nengoen erresidentzia artistikoa egiten, eta jada banenbilen materiala jasotzen. Musikari emakumezkoak interesatzen zaizkit, musika tradizionalari loturikoak; trobarekin, ‘música campesina’ deritzonarekin, yoruba kulturarekin... harremana dutenak. Kubari buruzko ikerketa egiteko, hara joan beharra dago. Grabaketa pila bat ekarri nituen, eta hasi nintzen grabaketa horiek guztiak errelato baten gainean eraikitzen eta produzitzen, konponketak egiten...”

“Bakarkako diskoa egin nahi nuen, baina ez nuen bakarrik egin nahi. Beste sortzaile batzuen ekarpenak jaso eta besteen arte horrek nire burua molda zezan utzi nahi nuen”

Beraz, emakume musikariak dira ardatz. “Bai, musikari emakumezkoak. Baina emakumezko hitzari asterisko bat jarriko diogu; hau da, gizon zuriak ez diren bestelakoak. Emakume beltz, bollera, marika eta beste daude diskoan. Horrela egitearen erabakia guztiz politikoa izan da. Bakarkako diskoa egin nahi nuen, baina ez nuen bakarrik egin nahi. Momentu honetan oso interesatuta nago sorkuntza-saretzean eta sorkuntza kolektiboan, beste sortzaile batzuen ekarpenak jaso nahi nituen, eta besteen arte horrek nire burua molda zezan utzi nahi nuen. Hortaz, gauza asko egin ditut ez zirenak nire hasierako helburu edo ez datozenak bat une honetako nire jakinmin musikal artistikoekin; aldiz, guztiz bat datoz errelatoarekin eta termino politikotan disko honetan kontatu nahi dudan horrekin. Alde horretatik, oso pozik nago sortu dugunarekin.” 

Diskoa anbibalentea dela nabarmentzen du Osinagak: “Kanta batzuk lehenago abestutakoen berrikusketa dira, eta beste batzuk guztiz berriak dira, azken urte honetakoak. Eta badira bidean sortu diren beste batzuk ere; Kubara bidean, edota azken bizpahiru urteetan egin dudan lugorri luze honetan. Nolabait, egiten ari naizen gauza ezberdin guztien argazki bat da diskoa, momentuko erretratu bat; urte honetan zertan ibili naizen biltzen du, maila musikal nahiz pertsonalean, zer naizen”. Eta azpimarratzen du Itsasoa da bide bakarra lana oso egiazkoa dela: “Gauzak egiteko bi modu daude: benetan edo ez benetan aritu zaitezke. Eta erabaki nuen sentitzen dudan lekutik aritu nahi nuela, eta egiazkotasun horrekin, zintzotasun horretatik, erraiak jarrita mahai gainean.” 

Izan ere, Itsasoa da bide bakarra ez da soilik musika, baizik eta artea askoz modu zabalagoan. “Super presente daude musika ez diren beste gauza batzuk. Garrantzi handia eman diogu edizio fisikoaren liburuxkari. Laida Zapre da arte zuzendaria, eta berarekin batera imaginario guztia sortzeko egin dugun lana zoragarria izan da. Nire buruan neukana, kontatu nahi nuen hori, Laidak lurrera ekarri du, egia bihurtu du, irudi bat jarri dio, diseinu grafikoa, hainbat argazki saio pentsatu ditu. Sekulako lantaldea batu du gainera: estilismoa Julene Gregoriorena da eta argazkia Iker Gozategirena.”


“Sarrionandia tipo oso dibertigarria da kotxean aurrera eta atzera ibiltzeko”

2022. urteak, baina, gehiago eskaini dio Ines Osinagari, izan ere, Olatu arteko txalupa arraroa musika eta literatura emanaldia, Joseba Sarrionaindiarekin batera esku artean zuena, Katuen kontuak bihurtu da“Bideak eboluzionarazi du eta orain Katuen kontuak da. Polita izaten ari da elkarrekin aritzea, berarekin ‘turismoa’ egitea. Egun baten Josebak eta biok esan genion elkarri: Ze, jarraituko dugu? Bai, tira, gustura gabiltza. Sarri tipo oso dibertigarria da kotxean aurrera eta atzera ibiltzeko. Datorren urterako baditugu jada data batzuk.”

Izan ere, Olatu arteko txalupa arraroa itsasoratu zutenean, areto txikietan aritzen ziren, Joseba Sarrionaindiaren izenarekin zalaparta handia sortzen baitzen. “Hasi ginenean, … ez dut esango klandestinitatean, baina ia-ia iragarri gabe aritzen ginen, edukiera txikiko aretoetan... Baina saio guztiak bete dira eta, egia esateko, sekulako erantzun polita jasotzen ari gara”. 

Musika eta literatura, kanta eta hitzak txirikordatzen dira Katuen kontuak emanaldietan. Sarrionaindiak testuen jatorria, zergatia eta beste gauza asko azaltzen ditu, eta Ines Osinagak musika jartzen du; ironia, salaketa, emozioak eta baita, zergatik ez, eromena ere. “Duela hamar urte elkarrekin egin genituen kantak erreskatatu ditugu. Josebak kontuak kontatzen ditu eta nik kantatzen ditut gero. Bidaia luzeko kantak dira, edo, hobe esanda, kantak dira bidaia. Orain, Katuen kontuak honetanItziar Garaluzek bisualekin laguntzen digu. Saio oso intimoak dira, baina era berean oso guay.”

Bukatzear dagoen urte honetan, Mauriziak ez dau inor hil ikuskizun musikatuarekin ere jarraitu du Ines Osinagak, plazaz plaza. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaile zeberiotarra itsasargi gisa hartuta, proiektu honek euskal folklorea eta modernitatea, tradizioa eta teknologia nahasten ditu, emakumeen ahalduntze kolektiboa sustatuz. “Oso potentea izan da. Hainbat sortzaile batu gara: Lorea Argarate, Olatz Salbador, Uxue Alberdi, La Basu, Kai Nakai, Garazi Egiguren... Ekintza bakoitzean badago Maurizia anfitrioi bat; alegia, bada etengabeko saretze eta kide berriak kolektibora gehitzeko desira eta lan aktibo bat. Erresidentziak egiten ditugu, transmisio tailerrak... Egitasmo honekin, gauzak beste era batera egiten saiatzeko espazio seguruak sortu nahi ditugu. Izan daiteke edozein gauza: koplak autotunerekin kantatzea, twitch kanal bat prototipatzea panderoa jotzeko… edozein zorakeria! Baina elkarri ematen diogu sarea, aukera eta babesa. Eta bestetik, plaza hartu eta Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik eta iruditegi osotik abiatuta, formatu berrietan sortzeko grina ere badago.” 

“Sortze  prozesu diziplinarteko kolektibizatua, feminista eta ez mistoa da Badon. ‘Euskal kultura’ esaten diogun estereotipo multzo hori anikilatzea proposatzen dugu”

Hori guztia gutxi balitz, Badon proiektua dago. Baina, zer da Badon? “Korrika sormen beka eman ziguten, baina ez Mauriziak ez dau inor hil proiekturako, baizik horren spin off-a egiteko, eta hori da Badon: sortze prozesu diziplinarteko kolektibizatua, feminista eta ez mistoa. Euskal kulturaren genealogia errebisatzea eta ‘euskal kultura’ esaten diogun estereotipo multzo hori anikilatzea proposatzen dugu, eta gauzak beste modu batera egiteko baimena ematea gure buruari, batez ere, plaza ez delako ez jasangarria, ez bizigarria, ezta dibertigarria ere denontzat; ez behintzat denontzat berdin. Orduan, guk guretzako lekua aldarrikatzen dugu. Guretzat diot, baita ere, asterisko guztiekin, ni jakitun bainaiz señora pribilegiatu bat naizela, jada badaukadala leku bat plazan. Baina denontzat ez dago leku bera plazan”. 

Ines Osinagak “non stop”-tzat jotzen du 2022. urtea, eta bere ahotsak transmititzen duen energia kontuan harturik, dudarik gabe, antzerakoa izango da datorrena. “2023an bukatuko dugu Badon emanaldi hori diseinatzen, Mauriziak ez dau inor hil proiektuak lekuak badauzka oraindik, ekintza batzuk eta proiektu zoro batzuk aurrera ateratzeko; Sarrirekin jarraituko dut; Itsasoa da bide bakarra...”. Bizitza “biziki” bizi duela azpimarratzen du Ines Osinagak, eta hala da zinez. 

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.