entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Myriam Garzia 2015-04-15

'Ezpalak', Sei urte taldearen estudioko seigarren disko distiratsua

Zortzi kantu berri dira

Ezpalak diskoaren azala. Ezpalak diskoaren azala.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Berrizekoek Estoldetan izeneko beren estudio-laborategian sortu eta grabatu dute lan berria

1998an Orain izeneko lehen diskoa kaleratu zutenetik, "ia 20 urte igaro dira" gogoratu du Iokin Elortzak, Sei Urte taldearen gitarra jolea eta abeslariak. "Ibilbidea nahiko oparoa izan da", dio Iokinek. Hala ere, atzera begiratu gabe, sortu berri dute Ezpalak (autoekoizpena) disko distiratsua, rock modernoa, british-pop eta indie ukituen artean murgiltzen den 8 abestiz osatutako diskoa, eta taldearen garapena agerian uzten duena.

"Ezpalak metafora polita iruditu zitzaigun... Sei Urte enborra izango balitz bezala sentitzen dugu, eta enbor horrek askatzen dituen ezpalak, gure ibilbidean egin ditugun diskoak eta abestiak izango lirateke. Metafora hori tarteko, sortu genuen izen bereko abestia eta honek izena eman dio diskoari", jarraitu du Iokinek.
Diskoak 8 abestik baino ez edukitzea "bilatua izan da. Egun entzuleengan arreta piztea nahiko zaila da eta, guretzat ere lana trinkotzen eta errazten da. Bestetik, ez duzu hainbeste energia galtzen eta egindako lanari energia gehiago eman ahal diozu", dio Iokinek. "8 abesti horiekin diskoa eginda zegoela ohartu ginen", gaineratu Julen Oarbeaskoak, baxu joleak. Diskoa laburra bada ere 30 minutu irauten du, "intentsoa da, ez du betarik ematen ezta arnasa hartzeko ere. Power ukitu horrek zuzenekoetan intentsitate handia emango du", dio Julenek.

Sei Urtek, ohikoa duen bezala, Estoldetan beren estudio-laborategian sortu eta grabatu du lana, "baina gure ibilbidean lehen aldiz, ekoizle batekin lan egin dugu". Eaut Gaztaagak (Grises) lagundu ditu bizkaitarrak, diskoari kanpoko ikuspuntua ematen. Aurreko diskoan ere (Atlantida, autoekoizpena 2011), Gaztaagak egin zituen nahasketak Zestoako Gaztain estudioetan "eta, hain pozik geratu ginen bere lanarekin, erabaki dugula, berriz ere, berarekin errepikatzea. Talde batentzat zaila da kanpoko norbaitek eskua sartzea zure lanean, baina beno, hori ere denborarekin ikasten duzu onerako dela. Oso pozik gaude, soinu aldetik igartzen baita eta hainbat gauzetan diskoa aberastu delako" dio Iokinek.

Musikariak baino, musikazale amorratuak gara, musika asko entzuten dugu eta kontzertu askotara joaten gara, gure soinua eguneratzeko garrantzitsua iruditzen zaigu
18 urte dira taldea martxan jarri zutela Berrizekoek, "eta, dagoeneko sorpresa gutxi badago ere, esan beharra dugu taldeak garapena jasan duela, jauzi bat egin dugu disko honekin". Sei Urte taldearen ibilbidean zehar, pop-rock eremuan sailkatu badituzte ere, "oraingoan, rock modernoaren esparruan murgildu garela esango nuke, beti ere Sei Urteren izaera galdu gabe. Musikariak baino, musikazale amorratuak gara, musika asko entzuten dugu eta kontzertu askotara joaten gara, gure soinua eguneratzeko garrantzitsua iruditzen zaigu. Guk ez ditugu orain dela 20 urte entzuten genuen musika taldeak entzuten, garapena horretan datza, musika doan bidetik goaz gu ere".

Taldeak bere soinu propioa garatu du hasieratik, soinu berezitua. Hala ere, "euskal musika eszenan umezurtz sentitu izan gara. Beste eszena mota batzuk ohikoagoak dira gure artean, eta ohartu gara gu bezalako taldeak gutxi direla. Zaila egiten zaigu, adibidez, kontzertuak konpartitzeko gure estiloko taldeak aurkitzea. Musika mota honetan ez gara gehiegi".

Euskal musika eszenan umezurtz sentitu izan gara. Beste eszena mota batzuk ohikoagoak dira gure artean, eta ohartu gara gu bezalako taldeak gutxi direla

Hala ere, taldearekiko errespetua eta miresmena sentitu izan dute, "lan honetan emandako 20 urte hauek, ia klandestitatean, azkenean bere emaitzak ditu, jende gazteak ia dinosaurio lez hartzen gaitu (kar-kar). Harreman estua izan dugu musika talde eta ikusleekin".
 
Hemendik aurrera kontzertuak eskainiko dituzte Euskal Herrian barna, "hori baita gehien gustatzen zaiguna, zuzenean aurkezteko gogoz gaude". Rural Zombies ("Zestoako talde emergentea") eta, Durangoko kontzertuaren kasuan, Grises taldeekin partekatuko dute eszena.

  • Ondoko hauek dira Sei Urteren hurrengo kontzertuak:
Maiatzak 1: Tolosa, Bonberenea
Maiatzak 9: Gorliz, Xurrut
Maiatzak 12: Gasteiz, Parral taberna
Maiatzak 15: Zestoa, Gaztetxea
Maiatzak 23: Durango, Plateruena
Maiatzak 28: Bilbo, Kafe Antzokia


Sei Urte Gorlizeko Xurrut aretoan. Argazkia: Sagardantza
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.