entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Gotzon Hermosilla 2023-12-11

Discharge eta Dis fenomenoa

DISTORTSIOAREN DISTIRA

Discharge 77 Discharge taldea, 70eko hamarkadan

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Gutxi dira euren ondorengo belaunaldiengan Dischargek baino eragin handiagoa izan duten punk taldeak. Haren itzala ikaragarria da Erresuma Batuko 80ko hamarkadako punk taldeen artean, eta hura gabe grindcore eta crust ingelesa ez lirateke existituko. Europako hardcore taldeengan ere arrasto sakona utzi zuten, bereziki Suediakoengan. AEBetako hardcore taldeen artean haien eragina hain nabaria ez den arren, askorentzat zaplazteko latza izan zen Discharge estreinako aldiz entzutea (galdetu Poison Ideakoei, adibidez). Eta, azkenik, thrash, death eta muturreko metalaren beste zenbait aldaeratan begi-bistakoa da haien lorratza.

 

Testua: Gotzon Hermosilla

 

Berezko formula bereziari zor dio Discharge bandak lortu zuen guztia. 1977an Stoke-on-Trenten (Ingalaterra) sortu zenean, Sex Pistolsen ildoko punk talde arrunta zen Discharge; baina 1980an Realities of war EPa atera zutenerako, oso bestelako banda zen, eta haien soinua guztiz aldaturik zegoen: distortsioa eta kanten gordintasuna areagotu zituzten, eta, aldi berean, abestien egiturak muturreraino sinplifikatu zituzten. Hitzak, adibidez, gerraren izugarrikeriak salatzen zituzten haiku moduko testu labur-laburrak ziren: pare bat esaldi motz eta leloa besterik ez.

Horri gehitu behar zaio taldeak mundu osoan ezagun egin zuen erritmo berezia, gerora d-beat izenaz bataiatu zutena: punk azkarraren edo hastapenetako hardcorearen ohiko ‘tupa-tupa’ haren ordez, bateriak ‘tupa-tutupa’ moduko trosta bat egiten du, kantari sekulako abiada izatearen sentsazioa ematen diona, gitarraren riffak hain azkarrak ez izan arren. Egia da Dischargek ez zuela erritmo hori asmatu eta beste talde batzuek lehenago erabili izan zutela: adibidez, Buzzcocks taldeak You tear me up 1978ko abestian. Baina Dischargeren meritua izan zen erritmo horrek eskaintzen zituen aukerak azken muturreraino eramatea.

Dischargeren irakaspenak 1980tik 1981era bitarte argitaratu zituzten lau EP klasikoetan eta Why? mini LPan bildu zituzten, eta formula erabat finkatu zuten 1982ko Hear nothing see nothing say nothing LP mitikoan. Geroago, taldearen soinua metalera hurbildu zen, baina ordurako hazia ereinda zegoen. Haren belaunaldiko beste banda batzuk bezala, Discharge desegin eta berriro batu da zenbait aldiz, harik eta 2001ean berriz ere formazio klasikoa bildu zen arte. Geroztik hiru LP grabatu dituzte eta, aldaketak aldaketa, gaur egun jarraitzen dute egurra partitzen.

Dischargeren eragina itzela izan dela esan dugu lehen, eta azaldu dugu zergatik, baina horren adibiderik xelebreena Dischargeren talde klonikoen afera edo batzuek ‘discore’izendatu duten fenomenoa dugu. Kasu honetan, ez gara ari haren eragina jaso duten taldeez: Dischargerekin guztiz obsesionatuta egon eta, omenaldi gisa, haren soinua, d-beat erritmoa, letrak egiteko moldea eta diskoen diseinu grafikoa ere kopiatzen dituzten bandez ari gara. Eta gauzak argiago gera daitezen, taldearen izena aukeratzeko ‘dis-‘ aurrizkiaz hasten diren hitzak hautatu ohi dituzte. Dis taldeen fenomenoa oso bitxia da, eta ez dauka parekorik rock’n’rollaren tradizioan. Punka ulertzeko modu zehatz bati horrenbesteko pasioz eta fideltasunez eusteak merezi du arreta, eta hori egiten saiatuko gara erreportaje honetan. Gauzak sinplifikatzearren, albo batera utziko ditugu Dischargeren ondareari erabat leial izan arren dis- aurrizkiari uko egin dioten taldeak (Besthöven, Krash), taldea izendatzeko Discharge hitzaren beste aldaera batzuk erabili dituztenak (Mobcharge, Deathcharge) bai eta izentzat Dischargeren kantaren baten izenburua hautatu dutenak ere (Decontrol, Two Monstrous Nuclear Stockpiles).

 

DIS AITZINDARIAK

Dis fenomenoa 90eko hamarkadan sortu zen, baina aurreko hamarraldian ere topa ditzakegu Dischargeri omenaldia egin nahi izan zioten taldeak. Horien artean esanguratsuena Discard da. Benetako talde bat baino gehiago, Discard Mob 47 taldeko Ake Henriksson gitarra-jotzailearen proiektu paraleloa izan zen, Suediako hardcore eszenako beste kide batzuekin batera ondutakoa: estudioko grabazio batzuk egin zituzten, baina haien asmoetan ez zegoen zuzenean jotzea eta, antza denez, kontzertu bakarra eman zuten ibilbide osoan. Discarden soinuan nabaria da Dischargeren influentzia, baina ezin da esan Dischargeren kopia hutsa direnik; zuzenagoa da esatea Dischargeren estiloa hartu eta abiada bikoiztu zutela, eta horretan Mob 47ren antz handia dute. 1985-86 urteetan demo pare bat grabatu zuten, eta grabazio haietako abestiak zenbait diskotan argitaratu izan dituzte gerora. Nire ustez, onena Death from above sei kantako EPa da, 1990ean plazaratu zutena.

Batzuek beste talde suediar bat sartzen dute discorearen aitzindarien zerrenda horretan: Goteborg hiriko Disarm, 1983tik 1986ra bitarte EP pare bat argitaratu zuena; baina nik ez daukat argi izena Dischargeren omenez hautatu zuten ala kasualitate hutsa izan ote zen. Gainera, haien soinuan Dischargeren eragina ez da 80ko Suediako gainerako hardcore taldeengan baino agerikoagoa.

Eta beste izen bat erantsi behar dugu hemen: Disattack ingelesak. Maketa bat besterik ez zuten argitaratu, 1986ko A bomb drops izenekoa, eta gaur egun guztiz ahaztuta leudeke detaile txiki batengatik ez balitz: taldean Bill Steer izeneko gaztetxo bat zegoen, geroago Carcass eta Napalm Death taldeetan gitarra jotzen ibiliko zena.

 

DIS EROMENA

Discorearen benetako eztanda 90eko hamarkadan iritsi zen, eta horretan ere badugu aitzindari bat: Disaster talde ingelesa. 1991n mini LP bat argitaratu zuten, War cry, garaian nahikoa oharkabean igaro zena baina dismaniaren gorakadari esker klasiko bilakatu dena (La Vida Es Un Mus zigiluak berrargitaratu zuen duela urte batzuk). Disaster ez da, Discard edo Disattack bezala, Dischargeren eragina duen talde bat, baizik eta Stoke-on-Trenteko mutikoen estilo liburua goitik behera ikasi, kopiatu eta garatu egiten duen banda, eta emaitza ikaragarria da.

1992tik aurrera gauzak bizkortu egin ziren dis unibertsoan, eta hiru talde agertu ziren, fenomenoari sekulako bultzada emango ziotenak eta gaur egun mundu guztiak discorearen ‘hirutasun santu’-tzat jotzen dituena. Lehenengoa Dischange da: Suediakoak ziren (nola ez), eta haien lan nagusia 1993ko Seeing feeling bleeding LPa da. Urte hartan bromaz apur bat aspertu eta taldeari izena aldatzea erabaki zuten. Geroztik Meanwhile izena hartuko zuten, baina haien musikak jarraitu zuen Dischargeren eragin handia izaten.

Bigarren taldea ere suediarra da, eta seguru asko zerrenda honetako ezagunenetako bat: Disfear. Bitxia bada ere, haien lehenengo EPak, Disfear (1992) izenekoak, Dischargeren eragina badu ere, Suediako hardcore talde klasikoen antz handiagoa du. Baina 1993ko A brutal sight of war EPtik aurrera, eta batez ere 1995eko Soul scars eta 1997ko Everyday slaughter disko luzeetan,taldea bete-betean sartu zen dis korrontean. Bere ibilbide luzean Disfearrek hainbat aldaketa izan ditu, eta sartutako musikari berriak At The Gates eta Entombed taldeetako kide ere izateak dezenteko ospea ekarri die metalzaleen artean. 2003an Laudioko Orbeko Etxean jo zuten, eta guk aukera baliatu genuen Tomas Linsberg abeslaria elkarrizketatzeko Izu Giroa fanzinerako. Taldeak segitzen du noizbehinka kontzertuak ematen.

Eta hirukote honen azken banda Disclose dugu, ildo honetako talderik maitatuenetako bat eta jadanik klasikoen estatusa lortu duena. Taldea Japoniatik zetorren, eta Kawakami gitarra-jotzaile eta abeslaria zuen buru. Kawakami guztiz obsesionatuta zegoen Dischargerekin eta baita Dischargeren ondorioz sortutako olatu guztiarekin ere. Zenbait diskotan Dischargeren estiloa kopiatu dute goitik behera, baina beste batzuetan Broken Bones taldearen ildora gerturatu dira (Bones gitarra-jotzaileak, Dischargetik alde egin ondoren, 1983an sortu zuen taldea da Broken Bones, eta haien soinua Dischargerena baino metaleroagoa da). Diskografia oparoa dute eta behin baino gehiagotan grabatu dituzte Dischargeren bertsioak, baina baita beste discore talde batzuenak ere (adibidez, lehen aipatutako Disaster eta Discardenak) eta baita Dischargeren eraginpeko talde eskandinaviarrenak ere (esaterako, badute Great Swedish fest izeneko disko bat, Anti-Cimex, Shitlickers, Sound Of Disaster eta beste talde suediarren bertsioekin osatua). Kawakamik, punka ulertzeko zuen berezko modu horrekin eta erakusten zuen pasioarekin, zale askoren begirunea lortu zuen. 2007ko ekainaren 5ean hil zen alkohola eta pastillak nahastearen ondorioz, eta geroztik haren itzala handitu baino ez da egin.

Disfearrek eta Disclosek hauspotuta, dis olatuak indarra hartu zuen 90eko hamarkadaren erdialdean, eta Dischargeren ondareari heldu zioten talde ugari agertu ziren mundu osoan: Disgust Erresuma Batuan (hiru LP atera zituzten 1993 eta 2002 bitartean), Dispense eta Disfornicate Suedian, Disprove Japonian, Disregard AEBetan... Eta horrekin batera, lehenengo kritikak ere agertu ziren. Zale batzuek pentsatzen zuten dismania txorakeria hutsa zela, talde horiek ez zutela ezer berririk ekartzen punkaren garapenera, hainbeste talde agertzeari moda kutsua hartu zioten beste batzuek... Ez da harritzekoa Active Minds talde ingelesak 1995ean Dis is getting pathetic izeneko diskoa atera izana. 90eko hamarkada azken hondarretara iritsi orduko nahiko apalduta zegoen dis fenomenoa, eta urte batzuk lehenago jaio ziren taldeetako asko desagertuta zeuden, Disclose bezalako zoroek jarraitzen zuten arren.

 

MILURTEKO BERRIA

Aurreko hamarkadan ostera ere berpiztu da fenomenoa, eta dis talde berri asko agertu dira. Olatu honek badu ezberdintasunik 90eko hamarkadakoarekin alderatuta: soinuari dagokionez, eta normala den bezala, oraingo taldeek aurreko hamarkadetako musika ere entzun dute eta horren eragina jaso dute; ondorioz, haien proposamena ez da hain mimetikoa eta, Dischargeren eraginaz gain, crust eta d-beat talde modernoagoen influentzia antzeman daiteke. Jarrera dela eta, esango nuke oraingo taldeek ez dutela haien burua hain serio hartzen eta haien helburua ez dela Dischargeren ondarea iraunaraztea; besterik gabe, gogoko duten musika egiten dute, nahi duten mezua hedatzeko.

2005etik gaur arte agertu diren talde batzuk aipatzearren, hor ditugu Dishammer (Galizia eta Madril artean sortu den taldea); Dismalfucker, Discomand, Disconfect (denak Alemaniakoak); Dishönor, Discordance (Grezia); Disable (Atlanta, AEB), Discrença (Brasil), Dismötivny (Argentina), Disturd (Japonia)... Zerrenda ia infinituraino luza liteke.

Eta Euskal Herrian? Hona ere iritsi da dismania-bolada. Zalantzak ditut Zarauzko Diskoirää taldea hemen sartu behar ote dugun, haien soinua Kaaos, Riistetyt eta Finlandiako hardcore talde klasikoetara gerturatzen zelako Dischargera baino gehiago, baina merezi dute aipamena: 2007tik 2012ra bitarte bi EP eder utzi zizkiguten (haietako bat, Metralletarekin batera), tarte horretan Europan eta Asian ibili ziren zuzenean jotzen, eta taldea desagertu ostean LP bat plazaratu zuten argitaratu gabe zeukaten materialarekin. Bilboko Diswar taldea, berriz, dis talde peto-petoa genuen. 2010ean sortu zen, 2015era bitarte bi LP grabatu zituzten (Sound of war 2011n eta The world in flames 2013an) eta hiru bira egin zituzten Europan barrena. Azkenik, Disasko nafarrak aipatu behar ditugu, duela gutxi kasete bat argitaratu dute Ezkerraldeko Sub Rats taldearekin batera.

Eta honaino iritsi gara dis fenomenoaren azterketan. Azken gogoeta bat, bukatzeko: nire ustez, discoreak ez dauka zerikusirik tribute band delakoekinedo bertsioak egiten dituzten taldeekin. Beste zerbait da: punka ulertzeko modu zehatz bati atxikimendua, pasioa, maitasuna azken finean. Dischargeren lorratzari jarraipena ematen dioten bandek ez dute punkaren historiaren norabidea aldatuko (eta ez dut uste haien asmoa denik), baina erakusten duten grina eta fideltasuna liluragarria iruditzen zait. Eta fenomenoak disko txar eta aspergarri ugari utzi dizkigu, baina aintzat hartzeko moduko ale asko ere bai. Jarrai dezala d-beat holokaustoak.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.