entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Suzanne 2002-11-05

DAVE GROHL-FOO FIGHTERS: Nirvanak ezkutatzen zuen altxor sekretua

Foo Fighters zuzenean Foo Fighters zuzenean
Nirvana albiste da egunotan (inoiz albiste izateari utzi baldin badio), Nevermind, 90eko giltzarri musikalik baliotsuenetakoaren hamargarren urteurrena dela; Courtney Lovek sentimenduekin negozioa egiteko duen grinagatik sortutako liskarrak direla; azken hauen konpontzeagatik gabonetarako garaiz kaleratu den Nirvana bilduma dela
Dena dela, Seattleko hirukotea osatzen zuten musikarien ibilbidea birpasatzea beti da harrituko gaituen zerbait. Kurt Cobain-en bizitza eta heriotzari buruz asko hitz egin da eta ez du azalpen extrarik behar (ala bai?). Krist Novoselic baxu jole luzeaz inor gutxi gogoratzen da, hain da oihartzun gabea bere kabuz egindako ekarria (Sweet 75 izeneko proiektua ez zen antza meritu handiko zera). Partxeen atzean ezkutatzen zen bateria-jole energikoak ordea, zeresan handia eman du 1994an Nirvana halabeharrez desagertu zenetik. Cobain-en presentzia, karisma eta talentuak bere nahiaren gainetik dena betetzen zuen agidanez eta itzalean utzi zuen Dave Grohl-en izena eta izana. Bada ordua mutil honek eman diguna behar bezala aztertzeko.
80. hamarkadaren bukaeran eta artean nerabe mukizua zela, Grohl Washington D.C.-ko Scream hardcore taldean sartu zen. Ordurako bazituen zenbait kanta bere kabuz idatziak (gitarraren laguntzaz) eta horietako batzuk Fumble diskoan entzun daitezke oraindik. Baina Scream utzi ondoren, Barret Jones bere lagunarekin hainbat kanta grabatu zituen, argia ikusi ez zuten arren. Egun Jones hau indie kutsuko taldeen ekoizle ezaguna dugu (Dover-en azkeneko bi lanak adibidez). 1990ko udazkenean ordea, Nirvanara pasa zen Grohl jauna eta ordutik aurrerakoa Midas erregea bailitzan, urrea eta arrakasta bihurtu zen. Urtebete beranduago mundu osoak belaunak tolestu behar izan zituen Nevermind izeneko CD batek biltzen zuen talentu, kanta eta probokazioaren aurrean. Izarrak eta legeak kolokan.
Flashback-a onartzen badidazue, Nirvana osteko garaietara jauzi egingo dut. Grohl-ek bazuen eskukada bat kantu bildua eta bere proiektua abian jartzeko garaia heldu zela deliberatu zuen, denok zur eta lur utziz. Joder, tipo honek gitarra jo eta abesten bikain daki, eta hori gutxi balitz, konposatzeko orduan ere maisuki aritzen ez da ba!! Bakarlari gisa abiatzeko parada alboratuz, taldea sortu zuen bere abestiei forma emateko eta hala jaio zen Foo Fighters-en estraineko lana. Azaleko pistolarekin desarratu zituen bere barruak: lan freskoa, sentimendua eta energia. Bejondeigula, hau ez da izenetik bizitzera etorri, bere bihotza ustiatzera baizik. Pat Smear Nirvanako zuzeneko bigarren gitarra-joleak eta Sunny Day Real Estate-ko bi kidek osatzen zuten hasierako taldea azken talde honen abeslaria kristautasunera pasa eta taldea laga ostean (sic) . Gerora aldaketak egon ziren eta gaur egun Nate Mendel baxu jolea, Chris Shiflett (No Use For a Name ohia) gitarra-jolea eta Alanis Morissette-ren taldean ibilitako Taylor Hawkins dira laukote finkatua osatzen dutenak.
Txalogarria benetan Foo Fighters-en emaria ordutik hona: Colour and the shape (97), ziur aski taldearen diskorik borobilena (txiste errazak utzi, arren), tentsioa eta feeling-aren arteko nahasketa goxoa. Theres nothing left to lose (99), non dezibelioak jaitsi baitzituzten rock klasikoagoaren mesedetan. 2002 honetan Queens of the Stone Age-en Songs for the deaf disko puska grabatu eta zuzenean bateria jotzeko plazerra berriz ere bizi ostean , Dave Grohl tipo handiak One by one lana ekarri digu. Aurrekoen maila mantentzen du, zenbaitetan bihurriago, zenbaitetan melodiko eta xamurrago: bihotzak agindu ahala. Ez al da ba hori musikaren funtsa?

2002-03, ABENDUA - URTARRILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.