Testua: Urko Ansa
Argazkiak: Unai Arana
2021eko urtarrilaren lehenean, ‘Satan Txiki’ izeneko kanta eta bideoklip bat argitaratu zuten sare sozialetan. Taldearen izena: Danajan. Zazpi minutuko konposizio aztoratzailea, guztiz instrumentala, eta pasarte luze eta mozkorgarriz bustitakoa; zentzumenentzat gozamena. Hurrengo hogei hilabeteetan pieza gehiago eta bideoklip bana argitaratzen joan ziren. Partaideen izenak eta beste guztia misterio hutsa izan ziren denbora luzez. Geroago jakin genuen Rafa Cabeza zela egitasmo honen atzean zegoen aztia, konposatzailea eta sortzailea.
Satan Txiki lehen single hura, rock progresiboaren zenbait eskematatik oso urrun ere ez zebilena (pasarte instrumental luze eta landuak, erritmo eta atmosfera aldaketak, epikotasun misteriotsua...), esperimentu moduan hartu zuen Cabezak, eta hurrengo kantek abiadura handiagoko eta punk rock (eta kasuren batean thrash metal) egiturako bideak hartu zituzten. Satan Txikiri buruz aritzeko, Rafari berari hitza ematea izango da onena: “Erronka moduan jaio zen. Enkargu bat. Instrumentala izan behar zuen, amaierarik gabea eta nire konfort-zonatik urruti egon behar zuen. Orain arte egindako guztiarekiko antzik gabeko zerbait. Hain joko-zelai zabala edukita, zukua atera nien teklatu, hammond, soka eta orkestrazioari. Film baten soinu banda balitz bezala hartu nuen. Pasarte gogorrak hasieran, sekzio lasaia erdialdean, igoera eta klimaxa orkestraren laguntzarekin, eta bukaera gogorra. ¾ konpasarekin konposatu nuen, eta horrek bals kutsua eman dio”.
Urtarrilaren 21ean iritsi zen bigarren kolpea: Dena gezurra da gitarra solo dardaratsu batekin hasten zen, eta lehen aipatu abiadura hasieratik zegoen presente. Gitarrarekin egindako lana aipagarria zen inondik ere, Cabezaren tradiziorik hoberenean. Pandemiaren garai latzak ziren, eta ezin zutenez zuzenean jo, diskoa grabatzea nolabait alperrikakoa izan zitekeen. Horrek eraman zuen estrategia guztia hasieratik ongi planteatzera. Kolaboratzaileak hartu zituen Rafak, eta horietako batzuk azkenean taldearen parte bihurtu dira. Proiektuak eboluzionatu egin du kanta eta bideoklip berriak etorri ahala baina, piezak konposatzeaz gain, gehienak Rafak berak grabatu ditu, baita instrumentu guztiak jo ere, bateria izan ezik. Danajanetik pasatu diren partaideek beren kolaborazioekin ekarpenak egin dituztela egia da, baina lan handiena burututa zegoenean egin dute.
Hainbat musikari pasatu diren arren, garrantzi handiena izan dutenak eta, bide batez, partaide finko bihurtu direnak Iker Iparragirre baxu-jotzailea (U.K. Bill), Unai Zabala gitarra-jotzailea (Asgarth) eta Iñaki Udabe bateria-jotzailea (Floxbin) dira. Gauzak horrela, Utikan eta U.K. Bill taldeen zaletuentzat sorpresa handia izan zen urriaren 19an argitaratu zuten Itxaropenaren geltokian balada. Rafak azaldu zigunez, “etxean asko jotzen dut gitarra akustikoarekin. Gustuko dut arpegioekin jotzea, slidea erabiltzea… horrek guztiak nire estilotik ateratzera behartzen nau; bide berriak esploratzera. Azkenaldi honetan afinazio berriak probatzen ari naiz. Sol irekia, Re... etab. Oso inspiragarria da”. Azaroaren 4ean etorri zen Mother Fakhir, 50eko hamarkadako rock & rollari omenaldia, espiritu jostagarriz jantzia, pianorik ere falta ez zuena. Hain justu, pianoan eta Hammond teklatuan Iñaki Amondarain (Lolas Club) aritu zen laguntzen, eta bideoklipa Mikel Anteroren lana da.
“Rafak, hasieran, esperimentatzeko gogo handia zuen. Azken fasean, ordea, kanta azkarrak, motzagoak eta gitarreroagoak bilatu ditu”
Egia esateko, bideoklip gehienak Unai Aranarenak dira, eta guztietan lortu du bere estiloa txertatzea. Batzuetan, taldekideen aurpegiak erakutsi gabe tentsioa mantentzeko ahalmena erakutsi du; eta gehienetan, B serieko nahiz fikziozko filmeen erakargarritasuna eduki dezaten eta underground kulturaren erakusleiho karismatikoa izan daitezen lortu du. Honekin guztiarekin nolabaiteko kronologia egiten saiatu gara, eta, aniztasuna begi bistakoa den arren, Rafak hasieran esperimentatzeko gogo handia zuela ondorioztatu dugu, baina azken fasean, ordea, kanta azkarrak, motzagoak eta gitarreroagoak bilatu dituela.
Hala, azken txanpan etorri diren lauek ildo horri jarraitzen diote. Lauetan zaharrenak, abenduaren 24an kaleratutako Kale gorrian kantak, aski segur, klasikotasunik dirdiratsuena dauka, riff itsaskor dotoreak eta gitarra solo hedagarriak aupatzen duena. Bala gizona zaplasteko azkarra da; Zarata (guztietan berriena, 2022ko irailaren 16an igo baitzuten plataformetara) punk rock are lehergarriagoa dugu, gitarren bultzada berezia eta solo original baten laguntzaz. Azkenik, gitarra jostalariak (berriz ere!) eta daukan freskotasunak zuzenekoetarako bereziki aproposa bilakatzen dute Boga eta boga kanta.
Aipatzeko pieza gehiago daude noski, adibidez Pailazoo jantzia eta Gau ilun hartan kañeroa. Lehenengoaren gitarra-jokoak eta bideoklip aztoratzaileak katigatu gaitu; eta bigarrenaren sei sokadun instrumentuaren eskalek eta gorakada zein beherakada irudimentsuek ere bai. Bide batez, bi horiek dira kantarik metalikoenak. Bitxikeria modura, eta egitasmo honetan parte hartu duen jende andanaren erakusle modura, azken horretan Maite Usoz eta Naroa Arozena aritu dira, baxuan eta panderoan, hurrenez hurren.
Lan eklektikoa, beraz, gehienetan abiadura eta botere handikoa, baina ñabardura eta ikuspuntu anitzen faltarik ez daukana. Eskura zituzten baliabideekin proiektua aurrera ateratzeko gai izan dira. Konposizioa, grabaketa, bideoklipak… presarik gabe egin dituzte, eta erronka itzela izan da prozesu osoan era independentean aritzea.