entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Bazka

BASOAK DANTZAN

BAZKA 1 Bazka taldea

Testua: Alvaro Hilario
Argazkiak: Galder Izagirre

 

Hilabeteetako gestazioaren ostean, udan erditu zen Bazka, eta bederatzi kantaz osatutako diskoak argia ikusi zuen: ‘Basoaren ilunean dantza’. Urtekari hau argitaratzearekin batera bukatzear izango da boskoteak udazkenean abiatu zuen bira. Ahots melodikoek eta gitarra distortsionatuek gidatuta, ospakizunez tindatuta, euskal baso errebelde eta musikazaleak josten aritu dira. Hodei Esteban gitarra-jotzailearekin izan dugun solasalditik sortu dira ondorengo lerroak. 

Karlos Osinaga Txap-en gidaritzapean eta Bonberenea estudioan grabatu zituzten Basoaren ilunean dantza (Filferro records / Stop Control records) diskoa osatzen duten bederatzi piezak. Soinu bortitzak, gitarra distortsionatuak, disonantziak, akorde bereziak, ahots melodikoak eta naturaren inguruko metaforak, nola hitzetan hala diskoaren estetikan. Inoiz Estricalla taldearen lan berria hezur-mamitzeko kantak izan zitezkeen horiek proiektu berri bilakatu dira.

Marmita astintzen, Fernando Apoa (ahotsak), Hodei Esteban (gitarra), Txomin Urriza (gitarra), Galder Izagirre (bateria) eta Erik Berganza (baxua). Eskarmentu handiko musikariak, hamaika basotan galduta ibilitakoak. Normaltzat jo daiteke, beraz, Bazkak emandako jauzia, taldekide guztiek dutelako soinuekin jolasteko eta esperimentatzeko grina. “Gauza berriak probatu eta ikasi ahala, bestelako ekarpenak egiteko gaitasunak ere irabazten dituzu, eta gaitasun horiek erabiltzeko gogoa elikatzen duzu”, berretsi digu Hodei Estebanek. Eta gehitu du: “estilo zehatz bat jorratzen eta garatzen duzunean, eta nahi zenuen puntu horretara iristea lortzen duzunean, bestelako munduetan sartzeko jakinmina sortzen zaizu, batez ere bidean, modu arinean bada, ezagutu dituzulako, eta horietatik ere ikasi nahi duzulako. Denok eboluzionatu dugu, talde batetik bestera eta, maiz, disko bat borobildutakoan, berriro estudioan sartu eta bide berriak jorratzeko gogoa sentitu izan dugu”. 

Bazkako partaideek, Galder Izagirre salbu, Estricalla gisa egin zuten azken bira orain dela sei urte. Estricalla garaiko esperientzia hura ere eboluzioaren parte izan zen, baina oraingo honetan aldaketa errotikoagoa izan da: “izena aldatu dugu motxila atzean utzi nahian, eta horrek bide gehiago urratzeko aukera eman digu”.  
 

“Konturatu ginen izena aldatzearekin bide dibertigarriagoak eta aberatsagoak zabalduko zirela”

Izen berria, bataio berria, beraz, jauzia librea izan zedin. Detaileak argitu dizkigu Hodei Estebanek: “Izen aldaketaz berba egiten hasi ginenerako kanta guztiak konposatuta genituen. Eta, egia esateko, ez genuen inolako konplexurik musika hori egiteko izen berbera mantenduz”. Baina...  “estudioan geundela, jada grabatzen, izenaren kontua atera zen, berriro. Izen posibleak botatzen hasi ginen, eta konturatu ginen, diskoaren estetika ere kontuan izanik, izena aldatzearekin bide dibertigarriagoak eta aberatsagoak zabalduko zirela. Bat-batean sorpresa-faktorea zabaldu zen gure aurren”. 

Estricallaren muturreko abiadurarekin alderatuta, Bazkaren ekarria apurtxo bat mantsoagoa da, baina hardcorea edozela ere. Eta hori, hardcorea, musika estilo bat ez ezik, gauzak egiteko modu bat ere badela dio Bazka taldeko gitarra-jotzaileak, jarrera bat: “Punkari eta hardcoreari lotutako eszenan, do it yourself eszena horretan, hamaika estilo ikusi eta entzun ditugu 80ko hamarkadaz geroztik. Geu ere underground azpikultura horren parte gara. Eta egiteko modu horrek musika estiloak berak baino gehiago baldintzatzen du azken emaitza, marka indartsuagoa uzten du”. 

Basotik irten berritan bildu gara musikariekin, Bonbereneako atarian, aurkezpen-biraren hirugarren kontzertuaren ostean: “Zortzi kontzertu emango ditugu guztira, eta biraren ekuatorera iristekotan gaude”, azaldu digu Estebanek. “Kontzertuetan, ez dakit basotik ateratzen garen ala ez ote garen basoan gehiago murgiltzen. Izan ere, areto hauek, espazio hauek, leku kuttunak dira guretzat. Urte luzez, elkarlanean askotan aritu garen tokiak dira, joko-zelai nagusietatik kanpoko espazioak eta gure jendearen tokiak. Nolabait, guretzat, baso emankorrak dira, eta zaindu beharreko guneak”. Eta argitu du: “horiek gabe ez legoke orain hain ospetsu diren talderik, ezta jaialdi erraldoirik ere; parafernalia hori guztia... halakorik ez zatekeen posible izango areto hauek bermatzen duten oinarririk gabe. Eta horregatik aukeratu genituen, bagenekielako egin dugun lana ospatzeko modua izango zirela kontzertuak”. Helldorado (Gasteiz), Iparragirre (Gernika), Bonberenea (Tolosa), Gaztetxea (Donibane Ziburu), Kutxa Beltza (Bilbo), Gaztetxea (Arrasate), Atekabeltz (Leitza) eta Psilocybe (Hondarribi), dira tenplu horiek. 


“Bira bera opari bat da, disko hau ospatzeko modua”

 
“Diskoa gorpuzteko sei edo zazpi entsegu egin genituen eta, birari begira, beste hainbeste. Ez dugu, beraz, elkarrekin egoteko nahi beste denbora izan, ezta bidea nahi beste gozatzeko aukera ere.  Hain justu horregatik, bira bera opari bat da: elkarrekin gozatu, lagunekin elkartu eta disko hau ospatzeko modua”.

Izandako harrerarekin kontent daude Bazka taldeko kideak. Ikusleak pozik, eurak ere… eta zenbakiak ez dira batere txarrak! Berrehun eta berrogeita hamar Gasteizko Helldoradon, ehun eta hirurogei Gernikako Iparragirren... “Ikaragarria! Espero baino askoz jende gehiago etorri da. Lehendik jarraitzen gintuzten zaleek interesa dute oraindik ere, eta publiko berria erakarri dugu. Kulturan badirudi zenbakiak oso garrantzitsu bilakatu direla azkenaldian eta, zentzu horretan, triste xamarra izan arren, ez daukagu kexatzeko arrazoirik”. Hala eta guztiz ere, “tratua” da, Hodei Esteban gitarra-jotzailearen hitzetan, inportanteena: “entzule asko gerturatu zaizkigu gustatu zaiela esanez, eta gure kantenganako eta proiektuarenganako arreta handia nabaritu dugu zuzenekoetan”.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.