entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Artza Records

ARKEOLOGIAN TREBATUTAKO FAMILIA


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Iker Barandiaran
Argazkiak: Artza Records

Lazkaoko hiru anaia iraganeko eta gaur egungo punk rock eta hardcore taldeen lanak formatu txukun eta zainduan argitaratzen dabiltza. Zaletasun sutsuak eta musika taldeekiko errespetu nahiz errekonozimendu osoak bultzatzen ditu Aitor, Joseba eta Iker Artza.

 

Artza Records diskoetxe bitxia da, bitxia hainbat arrazoirengatik: hiru anaiak osatzen dutelako eta, batez ere, talde oso interesgarrien lanak kaleratzen dituztelako; horien artean, garaian kasete formatuan publikatutako edota sekula argia ikusi ez zuten hainbat lan. Eta horiek guztiak tirada txikietan, eta ahalik eta formatu txukun eta zainduenean argitaratzen dituzte.

Izan ere, Artza Recordsen helburu nagusia da beraiek, bultzatzaileek, maite dituzten lanak kaleratzea eta oharkabean gelditu diren kantak argitara ekartzea, galbidean gera ez daitezen.

Aitor, Joseba eta Iker Artza anaiak lazkaotarrak dira, eta lotura zuzena dute Goierriko herri horrek punk rock eta rock & rollari egin dion ekarpenarekin. Joseba eta Iker anaiek musika talde ugaritan parte hartu izan dute: Brigada Criminal, Fist Fucking, Unidad Alavesa, Los Rockinson, Señor No, Bullet Proof Lovers, Ladislao, Oki Moki, Flash…; eta anai nagusia, Aitor, musika zabaltzeko beste zeregin batzuen artean,  Egin Irratiko Igo Bolumena saioko esatari izan zen, harik eta Espainiako Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak irratia itxi zuen arte. 

Eta nondik datorkie, bada, anai hauei hainbesteko musikazaletasuna? Aitorrek, nagusienak, dauka erantzuna, jakina: “Badugu osaba bat oso musikazalea dena. Hark sartu zidan harra 12-13 urte nituela, Rory Gallagher, Tom Petty, Allman Brothers, Jimmi Hendrix eta halakoekin. Kontzertuetara ere eraman ninduen, Chuck Berry eta BB King ikustera, esaterako… Baina osabak utzitako diskoez gain, ez neukan besterik. Horragatik, oso gazterik hasi nintzen taberna jakin batzuetara joaten, grabatzeko diskoak uzteko eskatzera; eta bizilagun batek ere, Txibusek, disko dezente utzi zizkidan.”

Horren ostean etorri zen diskoak erostearena. Eta, atzera begiratuta, horrek bizitza hobera aldatu ziola dio Aitorrek, zalantzarik gabe gainera: “Parranda asko galdu ditut diskoak erosteko aurreztu ahal izateko eta musikak kendu didan gauza bakarra dirua dela esango nuke –barrez–, baina asko eman dit: lagunak, sentsazio eta sentimendu pila bat. Zentzua eman dio nire bizitzari; ez dut irudikatzen hori gabe”. Gero, anaia gazteak oraindik oso gazte zirenean kontzertutara eramaten hasi zen, eta haiek ere, etxean entzundakoarekin eta ikusitakoarekin, erabat zaletu ziren, edo zituen. 

 

90eko hamarkadako talde eta grabazio haiek 

Anaietako bakoitzak ehunka eta ehunka kontzertu ikusi ditu, musika da euren bizitzen ardatza. 90eko hamarkadan, Euskal Herriko gaztetxeetan sortutako hainbat taldek liluratuta, haien maketak eta etxean egindako digitalizazioak ilusioz gorde eta partekatu dituzte luzaroan. “Parrandan genbiltzala, askotan esaten genuen Andoaingo 30% taldearen maketa biniloan atera behar genuela, altxorra zela; baina, amets egiteaz gain, ez genuen beste ezer egiten”, diozku Aitorrek. Halako batean, baina, ganoraz hartu eta Artza Records izango zena lantzen hasi ziren.

 

Belaunaldi berriei ezagutzeko aukera 

Eta baten atzetik beste bat etorri da, eta etorriko dira gehiago ziur: Bullet Proof Lovers, Bamms, Altsasuko gazteen aldeko bilduma, Unidad Alavesa… “Hasieratik, gure filosofia izan da disko bakoitzerako egindako diru-inbertsioa berreskuratuz gero, hurrengo bat ateratzeko baliatzea. Hala ematen ditugu pausoak”, dio Aitorrek. Are gehiago, diskoekin ez dute inolako etekinik ateratzeko helbururik: “Behin dirua berreskuratuta, gainontzeko etekina taldeentzat da. Meritua taldeena da, ez gurea”. Izan ere, helburua beste bat da lazkaotar hauentzat: “Sortu zutena modu txukunean plazaratzen lagundu nahi diegu, hor gera dadin”.

Artza anaiei galdetu nahi nien adin batetik aurrerako entzuleei soilik erreparatzen ote dieten, rocka bere aniztasunean eta iraganeko taldeak dituztelako jomugan… Baina alderantziz ere egin daiteke irakurketa: alegia, belaunaldi berriek ere iraganeko talde horien lanak entzuteko aukera izan dezaten bermatu nahi dute. “Zale moduan, gu gara lehen interesdunak altxor horiek gal ez daitezen. Lehenik eta behin, gugatik egiten dugu. Baina, era berean, bada beste helburu hori ere, ondorengo belaunaldiek talde eta kanta horiek entzuteko aukera izango dutela ziurtatzea. Eta, inplizituki, bada iraganeko talde askori egiten diegun errekonozimendua ere.” 

 

Hurbileko tratua eta egiteko modua 

Onartzen dute, bai, arkeologia lan horrek, aspaldiko kantu kutunak azalera ateratzeak, asko motibatzen dituela. Baina, aldi berean, eta parean suertatuz gero eta gustuko badituzte, prest daude gaur egungo taldeen lanak ere kaleratzeko. Soilik biniloan merkaturatu zen Bullet Proof Lovers taldearen lan berria, adibidez, CDan ere ateratzea erabaki zuten. Bamms talde hernaniarrak liluratu zituen eta segidan maketa eta diskoa ateratzea proposatu zieten. Adiskide dituzten Unidad Alavesakoei ere lagundu zieten. “Gaur egun ere badira talde oso intersgarriak eta, beti ere gauzak egiteko filosofia antzekoa badugu, aurrera egiten dugu”.

Lehenago aipatu bezala, diskoen tirada txikiak egiten dituzte. 100, 200, 400 eta, kasuren batean, 1.000 kopiako tiradak. “Biniloak ateratzea da gehien gustatzen zaiguna, alde guztietatik begiratuta formatu txukunena delako, eta hasieratik argi izan genuen Euskal Herrian fabrikatzea nahi genuela, harreman hurbilaren aldekoak garelako. Kopuru mugatuari dagokionez, tira, eskaria handia balitz, atera daitezke gehiago”.

Esker oneko hitzak dituzte proiektu honetan gerizpean diharduten beste lagun batzuekiko, eta ezin horiek aipatu gabe utzi: “Eskerrak eman nahi dizkiegu Xebaxeri kantak filtratu, landu eta ekualizatzeagatik; JA Areta Goñi Juxe-ri argazki artxibo ikaragarria egiteagatik eta hain eskuzabala izateagatik; Egoitz Irizarri maketazio lan guztiengatik, eta diskoak zabaltzen laguntzen diguten guztiei, besteak beste.”

Jarrian zerrendatutako guneetan eskura daitezke Artza Recordsek kaleratutako lanak: 
Gorde taberna (Bilbo), Ikatz (Oñati), Muxibar (Arrasate), Beltza Records (Donostia), Pasadizo (Tafalla), Herriko (Iruñea), Antzina (Iruñea), Ospa (Gernika), Motz (Urretxu), Old Tower Records (Gasteiz); eta Goierri aldean, Giroa, Herriko, Troska eta Irizar. Eta, jakina, aukera dago, baita ere, telematikoki edota sare sozialen bitartez zuzenean haiei eskatzeko. 

Jakin badakigu herri honen musikaren historia ezezagunean arakatzen jarraitzen dutela; eta, ziur, epe laburrean bestelako aurkikuntzen berri emango digute. Hala izan dadila!  

 

 

DISKOZ DISKO

30% Gertu ala urrun

Andoaingo hardcore eskolako bigarren belaunaldiko taldea, besteak beste Cerdos Compases eta Ezin Izan proiektuetako kideek osatutakoa. Hardcore punk esentzia zuzen-zuzena, euskara eta gaztelania tartekatuta. 1996an kaleratutako maketa dugu hau, zenbait kanta berri gehituta. Artza Records-ek CDan berrargitaratu du. 

 

 

Bullet Proof Lovers Bullet Proof Lovers 

2014an hainbat musikari trebatuk Donostian sortu zuten taldea da, eta AEBetako Kurt Baker da abeslaria. Power popa eta punk rock & rolla egiten duen bandaren hirugarren lan luzea dugu hau, orain arteko azkena. Ghost Highway Records diskoetxeak biniloan kaleratu zuen, eta lazkaotarrek CD formatuan.

 

Askoren Artean Gazteak etxean nahi ditugu

2020an Euskal Herriko bi musika talde beteranok bina kanta grabatu eta EP batean kaleratu zituzten Altsasuko espetxeratutako gazteen alde. Señor No-ren high energy eta rocka, batetik; eta 25th Coming Fire-ren hardcorea bestetik, Poison Idea taldeko Jerry A abeslariaren laguntzarekin. Lau diskoetxek kaleratu zuten: Munster, Folc, El Beasto, American Leather eta Artza Recordsek.   

 

Bamms: maketa

Baams 2017an Hernanin sortutako taldea da, punk rocka eta rock & rolla erraietatik maite duena. Taldeak maketa kalean zuela, Artza anaiek proposatu zieten berau biniloan argitaratu eta grabatzear zeuden diskoa ere kaleratzea. 

 

Bamms Last chance 

Freskura eskaintzen du Hernaniko boskotearen lehen lan luzeak: punk rock indartsua, itsaskorra, power popa; modu dotorean erritmoa, groovea eta ahots beltza txertatuta. Doctor Feelgood, Real Kids eta NCCrekin parrandan irtetea bezala. 

 

Unidad Alavesa Made in Germany

Arrakasta izateko inongo asmorik gabe jarraitzaile ugari batu eta diskoak ederto saltzen dituen Lazkaoko talde ganberroarentzat naturalena zen (eta da) Artza Recordsekin lan egitea. Baten eta bestearen egiteko moduak oso bateragarriak dira. 

 

30%: maketa

Oraingoan bai, Andoaingo 30% taldeak grabatutako maketa bere horretan argitaratu dute biniloan. Eta, hain zuzen ere, amets hori gauzatzea izan zen Artza Records proiektua abiarazteko arrazoi nagusia. 

  

Barrakos / Los Fresas

Buenawixtan (Donostia) sortutako bi talde oso bereziren emaitzak: Barrakos banda errepikaezinak 1990ean grabatutako maketa, hardcorea eta punk rocka modu oso pertsonalean uztartzen dituena, batetik. Eta, bestetik, Andoaingo ‘hardcoreta’ zein Donostiako rockzale batzuk batu eta inoiz zuzenekorik eman ez zuen Los Fresas taldearen kanta argitaragabeak.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.